Helsinki

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Hiriko leku ikusgarri batzuk.

Helsinki Iparraldeko Europan dagoen hiri bat da, bai eta Finlandiako hiriburua eta hiririk handiena ere. 2017ko datuen arabera, hiriak ia 650.000 biztanle ditu.

Finlandiako hegoaldean dago, Finlandiako golkoan eta itsaso Baltikoaren itsasertzean; horregatik, "Baltikoaren alaba" deitzen diote. Hirian eta haren metropoli-eremuan uharte asko daude, eta, horregatik, askotan ferriak izeneko itsasontziak erabili behar izaten dira leku batetik bestera joateko; Tallinn hiria, Estoniako hiriburua, ere nahiko hurbil dago, ferria erabiliz.

Hiriaren ekonomiako sektorerik indartsuena zerbitzuak dira, industriaren aurretik. Finlandiako enpresarik garrantzitsuenak hiri honetan daude. Gainera, Finlandiako itsas-porturik garrantzitsuena ere bada.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriak 500 urte baino gehiagoko historia du, baina denbora luzez Helnsinki ez zen izan Finlandiako hiririk garrantzitsuena, Turku izenekoa baizik. 1812ra arte, Finlandia guztia bezala, Helsinki ere Suediako erresumaren barruan zegoen; horregatik, oraindik ere, hiriko biztanleetako batzuen hizkuntza suediera da, suomiera edo finlandierarekin batera. Bi hizkuntzak ofizialak dira.

XIX. mendearen hasieran, 1809an zehazki, Errusiak gerra bat irabazi zion Suediari eta Finlandia osoaz jabetu zen. Orduan, 1812an, Errusiako Alexandro I.a enperadoreak erabakita, Turkutik Helsinkira eraman zuen hiriburua, Suediaren eragina gutxitzeko. Une horretan hasi zen Helnsinki hiria handitzen eta garrantzia hartzen.

Errusiako iraultzaren garaian, 1917an, herrialdeko gobernuan Finlandiaren independentzia aldarrikatu zuen eta horrek gerra eragin zuen; Finlandiak irabazi zuen eta, horrela, 1919an, Errepublika bihurtu zen, eta Helsinki hautatu zen errepublika berriko hiriburua izateko.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Helsinki nahiko txikia zen XIX. mendera arte eta, esan bezala, ez da oso zaharra; horregatik, ez dauka aspaldi-aspaldiko eraikinik eta nahiko hiri modernoa da gaur egun. Hala ere, badu leku ikusgarririk ere. XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako arkitektura erromantiko finlandiarra ikus daiteke, adibidez, Finlandiako Museo Nazionalean eta Antzoki Nazionalean. XX. mendeko Arte Modernista edo Art Nouveau delakoak ere baditu adibide interesgarri batzuk ere, batez ere hiriaren erdialdeko auzoan: haien artean, hiriko geltoki nagusia; gainera, Alvar Aalto izeneko arkitekto ospetsu baten lan batzuk ere ikus daitezke; adibidez, Finlandia Jauregia izeneko kongresu-lekua.

Bestalde, hiriko itsas portua ere oso polita da eta ondoan badago Helsinkiko katedral luteranoa, urtero milaka eta milaka lagunek bisitatzen dutena.