Alexandro I.a Errusiakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alexandro I.a Errusiakoa
Alexandro I.a Errusiakoa

1801eko martxoak 23 – 1825eko abenduak 1
Aurrekoa Paulo I.a
Ondorengoa Nikolas I.a
Dinastia Romanov

Jaiotza 1777ko abenduaren 23a [1]
San Petersburgo, Errusiar Inperioa
Heriotza 1825eko abenduaren 1a[2]
Taganrog, Errusiar Inperioa
Ezkontidea(k) Elisabet Alexeievna
Senideak Aita: Paulo I.a
Ama: Maria Feodorovna
Erlijioa Errusiar ortodoxoa
Sinadura Alexandro I.a Errusiakoa-ren sinadura

Alexandro I.a Errusiakoa (errusieraz: Александр Павлович, Aleksandr Pavlovich; San Petersburgo, 1777ko abenduaren 23aTaganrog, 1825eko abenduaren 1a) Errusiako enperadorea izan zen 1801-1825 bitartean, Poloniako erregea 1815-1825 bitartean eta Finlandiako Duke Handia 1809-1825 bitartean.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandro Paulo Petrovitx duke handiaren, gero Paulo I.a tsarra izango zenaren, eta haren emazte Sofia Dorotea Wurtembergekoaren semea zen, eta Katalina II.a Errusiakoaren biloba. Batetik, Katalina II.aren gortean pentsamendu librearen giroa bizi izan zuen, eta, bestetik, gobernadore militarrarengandik autokrazia errusiarraren tradizioak ikasi zituen. Aitak gizateriaren aldeko maitasun teorikoa eta gizakiaren kontrako mespretxu praktikoa konbinatzen irakatsi zion. Joera kontraesankor horiek bizitza osoan izan zituen, eta aurrera eraman zuen politikaren fluktuazioetan islatzen zen.

Tronuratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1801eko martxoaren 23an tronuratu zen, aita eraila izan ondoren. Konspiratzaileek Paulo tsarra boteretik kendu bai, baina ez zutela hilko esan zioten. Kontrakoa gertatzean, errudun sentitu zen, enperadore izatera hilketa baten bidez iritsi zelako. Pixkana-pixkana Eliza ortodoxorantz gerturatu zen, eta politika kontserbadorea eraman zuen ordutik aurrera hil zen arte.

Lehen momentutik agertu zuen mundu mailan paper garrantzitsua jokatzeko asmoa, eta gaztetasunak ematen zion grina guztia jarri zuen bere ideal politikoak errealitate bihurtzeko eginkizunean. Haren erreforma-asmoak erakunde ingelesetan inspiratuta zeuden, baina uneko posibilitateak guztiz gainditzen zituzten, eta erreforma gutxi iritsi ziren errealitate izatera.

Erreformak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frédéric-César de La Harpe hezitzailearengandik jaso zituen ideia liberalen ondorioz, erreforma batzuk eragin zituen koroatu orduko: tortura eta zentsura kendu, petxeroei lurren jabe izateko eskubidea eman, irakaskuntza berritik antolatu. Baina agintari erreformatzailea izateko lehen baldintza falta zitzaion: mendekoengan konfiantza, eta ezaugarri horrek kutsatu zituen aurrera eraman zituen erreforma guztiak. Inperioaren inguruko probintzietan esperimentatu zuen, eta errusiarrek ziotenez, Poloniari, Finlandiari eta probintzia baltikoei ematen zizkien eurei ukatzen zizkieten onurak.

Errusian ere erreforma zenbait egin ziren, baina autokrataren eta bere funtzionarioen interferentzia susmagarriak zirela medio, ezin izan zuten iraun. Eratu berriak ziren Ministroen kontseilua eta Estatuaren kontseilua, esaterako, tsarraren eta bere begikoen tresna esklabo bihurtu ziren.

Presio ikaragarriak izan bazituen ere, ezin izan zuen esklabotza ezeztatu. Alexandro erreforma horren aldeko zen, baina nobleekin problemak izateko beldur zen. Aspalditik zen arazo handia mirabetza, eta horixe izan zen Mendebaldea bizitzen ari zen Industria Iraultza Errusiak bizitzeko eragozpen nagusia.

Elisabet Alexeievna, Alexandro I.aren emaztea

Kanpo politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingelesekin aliatua (1801) eta Napoleonen aurka jardun zuen (1805). Austerlitzeko gudua galdu ondoan, Napoleonekin bakea izenpetu eta haren ondora lerratu zen, Ingalaterra eta Suediaren aurkako gerra aldarrikatuz eta Turkiarekin bakea sinatuz. Berriz ere Frantziarekikoak hautsi ondoan, Napoleonek Errusia inbaditu zuenean, eutsi ahal izan zion erasoari. Waterlooko guduaren ondoren, kanpo politika alde batera utzi zuen.

1825ean hil zen, tifusak jota. Aginpide absolutua mantentzearen aldekoa, hil zenean, Nikolas I.a bere ondorengoak monarkia konstituzionalaren alde zeuden dekabristen estatu kolpe ahaleginari aurre egin behar izan zion.

Ezkontza eta ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandro Elisabet Alexeievnarekin (jaiotza-izena: Luisa Badengoa) ezkondu zen, eta bi alaba izan zituzten, urte gutxirekin hilak biak ere. Horiez gain, bederatzi seme-alaba izan zituen hainbat maitalerekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alexandro I.a Errusiakoa Aldatu lotura Wikidatan