Wikipedia, Entziklopedia askea

Hinduismo

Jainko eta jainkosak Hinduismoan

Hinduismoa gaur egungo erlijiorik zaharrena da. Haren tradizioetako batzuk 3.000 urte baino gehiagokoak dira. Hala ere, mendeetan zehar, haren jarraitzaileek ideia berri asko onartu dituzte eta antzinakoekin nahastu ere bai. Mundu osoan 900 milioi pertsonak baino gehiagok praktikatzen dute hinduismoa. Gehienak Indian bizi dira, hinduismoa hasi zen tokian.

Hinduismoaren sinesmen nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hinduismoak ez du ez sortzailerik, ez erakunde zentralik. Inork ez du sinesmen-zerrendarik ezarri indiar guztiek jarrai dezaten. Hala ere, indiar guztiek sakratutzat dituzte antzinako testu batzuk, Vedak izenekoak.

Hinduek Brahman izeneko botere espiritual batean sinesten dute. Brahman existentzia ororen iturria da eta gauza guztietan eta leku guztietan dago. Giza arima, atman deitua, Brahmanen parte da. Hinduek, norbait hiltzen denean, atmana beste gorputz batean birsortzen dela uste dute. Arima gizaki, animalia edo landare gisa itzul daiteke askotan. Ideia honi "berraragitze" deritzo. Berraragitzearen zikloak aurrera jarraitzen du atmanaeta Brahmana bat direla onartu arte. Hindu gehienek uste dute ziklo honetatik askatzea dela pertsona baten helburu gorena.

Hinduek "indarkeriarik eza" esan nahi duen ahimsa printzipioaren arabera jokatu behar dute. Horrek esan nahi du inork ez diola inori edo ezeri kalterik opa edo desiatu behar. Hinduek animalia asko sakratuak direla uste dute, bereziki behia. Hindu fededunek janari begetarianoa besterik ez dute jaten.

Hinduek jainko asko dituzte. Vishnu jainkoa bizitzaren zaintzaile eta babesletzat hartzen da. Shiva jainkoak bizitza sortzen eta suntsitzen duten indarrak irudikatzen ditu. Jainkosa gorena Sakti izenez da ezagunagoa. Shiva bezala, onbera edo ankerra izan daiteke, formaren arabera. Vishnu, Shiva eta Shakti dira hinduismo modernoko hiru jainko nagusiak.

Brahma (kontuz, ez da Brahmanekin nahastu behar) unibertsoaren sortzailetzat daukate. Oso gurtua zen aspaldi, baina haren jarraitzaileak oso gutxi dira orain.

Tradizio erlijiosoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tantrismoa delakoa ezagutza espiritualaren bilaketa eta hasieran aipatutako berraragitze zikloaren askapena da. Praktika honetan, fededunek mantra izeneko soinu eta hitz sakratuak abesten dituzte eta mandala deritzen sinboloak marrazten.

Erromesaldiak edo leku sakratuetarako bidaiak ohikoak izan dira hinduismoan aspaldidanik. Erromesaldi-toki asko Ganges ibaiaren ondoan daude, Indiako iparraldean. Ganges ibaia, hinduentzat, denetan sakratuena da.

Ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ospakizun hinduak urte osoan izaten dira. Sarritan, egun asko irauten dute. Diwali da indiar festarik zabalduena. Urteberriko ospakizuna da eta urriaren amaierako edo azaroaren hasierako bost egun irauten ditu. Egun horietan, jendeak opariak ematen dizkiote elkarri, bazkaltzeko elkartzen dira, lagunei bisita egiten diete, lanparak pizten dituzte eta su artifizialak jaurtitzen dituzte.

Beste ospakizun garrantzitsu bat Holi delakoada. Udaberriko jai horretan, jendeak koloretako ura eta hautsa botatzen dio elkarri eta rol tradizionalak trukatu egiten dira. Beste ospakizun hindu bat Sharad Navratri da, udazken hasieran, normalean bederatzi egunez, ospatzen dena.

Hinduismoaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. 1500. urtearen inguruan, ariar izeneko herri batek India inbaditu zuen, gaur egun Iran dagoen tokitik iritsita. Vedismo izeneko erlijio bat garatu zuten, jainkoei animaliak sakrifikatzean oinarritzen zena. Vedismoa hinduismoaren abiapuntua izan zen. Hala ere, urteen poderioz, beste herri eta ideia batzuen eraginek hinduismoa asko aldatu zuten. Denborarekin, adibidez, jendea animalien hilketa sakrifizio gisa erabiltzearen kontra jarri zen. K.a. 100. urtetik K.o. 300. urtera arte, vedismoaren jainko berriagoek pixkanaka alboratu zituzten antzinako jainkoak. Dena den, vedismoaren errito batzuek bizirik iraun dute hinduismo modernoan.

1000. urtetik aurrera, musulmanek Indiako iparraldea inbaditu zuten eta islamak eragina izan zuen hinduismo-eskola berri batzuetan. Gerago, XV. mendearen amaieran, Sikhismo izeneko erlijio berri batek elementu hinduak eta islamiarrak bateratu zituen.

XIX. mendearen hasieran, Britainia Handiak kolonia bihurtu zuen India. Kolonizazio horren aurkako erreakzio modura, hinduismoa berpiztu egin zen; indiarrak britainiarren aurka elkartzen lagundu zuen. Hala ere, baita garai hartan ere, buruzagi hindu batzuk hinduismo tradizionalaren elementuak kritikatzen hasi ziren. Ram Mohun Roy izeneko erreformatzaile batek, adibidez, kasta-sistema izeneko antzinako antolaketa sozialaren aurka hitz egin zuen. Sistema horren pean, pertsonak desberdin tratatzen ziren, jaio ziren klase sozialaren arabera. Erreformatzaileek mendebaldeko ideia batzuk erabili zituzten hinduismoa modernizatzeko.

Mahatma Gandhi izan zen XX. mendeko lider edo buruzagi hindurik ospetsuena. Hark ekarri zuen politikara ahimsaren ideia. Indiaren independentzia irabazten lagundu zuen, indarkeriarik gabeko metodoak erabiliz.

Indiarren eta musulmanen arteko ezberdintasunak handitu egin ziren, ordea, 1947an India eta Pakistan banatu eta biak herrialde independente bihurtu ondoren. Banaketa horren ondorioz, milioika indiarrek utzi behar izan zituzten Pakistanen zituzten etxeak Indiara joateko; eta, alderantziz, milioika musulmanek India utzi zuten Pakistanera joateko. Prozesu hartan izandako indarkeriak indiar eta musulman askoren heriotza ekarri zuen. Hindu eta musulmanen arteko indarkeria horrek bere horretan jarraitzen du XXI. mendean, Indian eta beste leku batzuetan.