Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ilargiaren alde ezkutua

Eduki-taula

Animazio honetan, Ilargiaren alde azkutua kanpotik ikusten da.

Ilargiaren alde ezkutua Lurretik ikusi ezin dugun Ilargiaren hemisferioa da.

Hara zergatik gertatzen den hori: Ilargiak denbora berbera behar duelako gure planetaren inguruan bira egiteko eta bere ardatzaren inguruan bira oso bat egiteko; hau da, Ilargiaren translazio eta errotazio mugimenduak sinkronizatuta daudelako. Ilargiaren bi mugimendu horiek 27,32 egun irauten dute.

Satelite batek masa handiagoko beste gorputz baten inguruan translazio-mugimendua duenean, bi gorputzek elkar eragiten diote bestearen mugimendurari: Lurraren kasuan, errotazioaren abiadura moteldu egiten da Ilargiaren eraginez; eta, Ilargiaren kasuan, berriz, Lurra baino masa gutxiagokoa izanda, mugimenduak Lurraren mugimenduetara egokitu egiten dira, errotazioaren eta translazioaren abiadura berdindu arte. Fenomeno berbera gertatzen da Pluton eta haren Karonte izeneko satelitearen artean ere.

Ilargiaren translazioan, aurpegi berbera ikusten da Lurretik.

Ilargiaren mugimenduen sinkronizazio horrek zenbait fenomeno eragin ditu gure satelitean:

  • Ilargiaren forma esferikoa apur bat zanpatuta dago poloetan; edo, bestela esanda, Ilargia apur bat "sabelduta" dago haren ekuatorean.
  • Lurraren grabitate-indarraren eraginez, Ilargiko materialik trinkoenak Lurrera begiratzen dion aldean metatu dira.

Izan ere, Lurra-Ilargia sistema eratu zen bitartean, bi gorputzak hoztu ahala, Ilargiko materialak banatzen joan ziren bere bi hemisferioetan. Lurrera begira dagoen aldean, ilargi-itsasoak deitzen ditugunak daude; ez dira benetako itsasoak, noski, baizik eta solidotutako laba basaltikoz osaturiko eremuak, material trinkoez eratua. Aldiz, Ilargiaren alde ezkutua material arinagoz osatuta dago, eta, gainera, meteoritoek eragindako talka-kraterrez josita dago, beste aldea baino babesgabeago dagoelako meteoritoen aurrean.