Wikipedia, Entziklopedia askea

Isolatzaile elektriko

Eduki-taula

Kable elektrikoa. Barruko materiala kobrez egina dago, eta korronte elektrikoa jariatzen du. Estaltzen duen materiala plastikoa da, eta ez du korrontea pasatzen uzten. Hala, kablea ukitu dezakegu istripurik gabe.

Isolatzaile elektrikoak elektrizitatea eroaten ez duten materialak dira. Hau da, ez diote korronte elektrikoari pasatzen uzten. Horrek esan nahi du material horien elektroiak ezin direla aske mugitu.

Hainbat material isolatzaile daude, adibidez plastikoa, kautxua, goma, zura, papera eta beira. Airea ere isolatzailea da.

Material isolatzaileak elementu eroaleak estaltzeko erabiltzen dira, korronte elektrikotik babestu ahal izateko. Kable bat edo zirkuitu elektriko baten elementuren bat ondo isolatuta ez badago, istripu bat gertatu daiteke ukitzen badugu. Izan ere, deskarga elektriko bat hartuko genuke.

Objektu elektriko gehienak isolatzaileekin ekoizten dira segurtasunagatik, istripu elektrikorik ez egoteko. Entxufeek, adibidez, plastikozko karkasak dituzte, eta kable elektrikoak plastikoz bilduta daude, plastikoa material malgua eta isolatzailea delako. Material isolatzaile horrek ez du uzten elektrizitatea zirkuitutik ateratzea.

Erdieroaleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Material batzuk kasu batzuetan isolatzaileak dira, eta beste batzuetan eroaleak. Material horiek erdieroaleak dira. Erdieroaleak oso garrantzitsuak dira elektronikan (ordenagailuetan eta telefono mugikorretan, adibidez), haien eroankortasuna kontrolatu daitekeelako. Hala, korrontea bakarrik norabide batean jariatzea edo bakarrik egoera jakin batzuetan jariatzea lor daiteke. Gaur egun elektronikan gehien erabiltzen den erdieroalea silizioa da. Material mota hau sistema eta tresna elektronikoak kontrolatzeko gailu elektronikoen ekoizpenean erabiltzen da.