Wikipedia, Entziklopedia askea
1931ko telefonoa.

Telefonoa urrutitik komunikatzeko gailu oso ohikoa da. Telefono batekin, pertsona batek ia berehala hitz egin dezake munduaren beste aldeko norbaitekin. Telefono gehienak kableen bidez daude konektatuta. Beste batzuk, telefono mugikorrak adibidez, airetik bidaiatzen duten irrati-uhin ikusezinen bidez daude konektatuta.

Nola funtzionatzen dute telefono tradizionalek?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telefono tradizional batek kableak behar ditu soinua bidaltzeko. Entzungailu bat eta base bat ditu, kable batez konektatuta. Entzungailua pertsona batek dei bat egiteko edo erantzuteko eskuan hartzen duen zatia da. Horren mutur batek mikrofono bat dauka hitz egiteko eta beste muturrak, aldiz, bozgorailu txiki bat, entzuteko. Baseak korronte elektriko batera konektatzen du telefonoa kable baten bidez.

Norbait telefonoz hizketan ari denean, mikrofonoak seinale elektriko bihurtzen du pertsonaren ahotsaren soinua. Baseak bere kablearen bidez, seinalea bidaltzen du. Seinale horrek duen bidaiatzeko modua helmugaren araberakoa da. Korronte elektriko bat izaten jarrai dezake, zeina kableetatik igarotzen den. Beira-zuntzezko kableen bidez argi moduan ere bidaiatu dezake; informazioa garraiatzen duen zuntz horri zuntz optikoa deitzen zaio. Seinalea irrati-uhin ere bihur daiteke, eta airetik bidali antenen eta sateliteen bidez. Seinalea beste muturreko telefonora iristen denean, bozgorailuak hitz egin duen pertsonaren ahotsaren soinua sortzen du.

Eta telefono mugikorrek?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telefono mugikorren eboluzioa.

Telefono mugikorrak haririk gabekoak baino komenigarriagoak dira, askoz eremu zabalagoan funtzionatzen dutelako. Leku batetik bestera aldean eraman ditzakegulako deitzen zaie telefono mugikorrak. Irrati-uhinak erabiliz bidaltzen eta jasotzen dituzte deiak.

Telefonia mugikorreko enpresek eremu bat, hiri bat adibidez, gelaxka izeneko ataletan banatzen dute. Gelaxka bakoitzak dorre bat dauka irrati-uhinak jaso eta bidaltzeko. Deitzen duen pertsonak beste gelaxka batean dagoen norbaitekin hitz egin nahi izanez gero, deia dorre batetik bestera aldatzen da. Horrek esan nahi du mugikor batek konpainiaren sareko edozein lekutan funtzionatu dezakeela. Sare horiek herrialde osoan zehar hedatu daitezke.

Telefono mugikorrak seinale berezi bat bidaltzen du pizten denean. Seinaleak aukera ematen dio sareari telefono horretara iristen diren deiak nora bidali behar diren jakiteko.

Mugikor askok deiak egiteaz gain, beste hainbat gauza ere egin ditzakete. Adibidez, gehienek bidal ditzakete testu-mezuak beste telefonoetara. Askok argazkiak atera ditzakete, baita musika erreproduzitu, Internetetik informazioa eskuratu eta posta elektronikoa bidali zein jaso ere. Smartphone edo telefono adimendun mugikorrek aplikazio edo app izeneko programa informatikoak ere exekutatzen dituzte. Aplikazioek aukera ematen diote jendeari jolasteko, erosteko, irakurtzeko, mapak eta argibideak lortzeko, hitzorduak finkatzeko eta beste zeregin asko egiteko. Hori dela eta, smartphone edo telefono adimendunak eskuko ordenagailuak bezalakoak dira.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telefonoa Antonio Meucci Italiarrak asmatu zuen, baina Alexander Grahan bell eskoziarra izan zen formalki patentatu zuen lehena Elisha Grayrekin. Antonio Meuccik bere emaztearekin hitz egiteko erabili zuen gaixo zegoelako.

Mundu guztia ez dator bat telefonoaren sortzailea nor izan zen zehazteko orduan. Hala ere, ia beti Alexander Graham Bell izeneko asmatzaile estatubatuarra izan zela esaten da. Hark 1876an bidali zituen lehen hitzak telefonoz eta urte horretan distantzia handiko lehen deia egin zuen. Beragandik 3,2 kilometrotara zegoen laguntzaile batekin egin zuen hitz. 1915erako telefono deiak egin zitezkeen Estatu Batuetan. Ozeano Atlantikoa zeharkatzen zuen telefono zerbitzua 1927an hasi zen eta lehenengo mugikorrak 70eko hamarkadaren amaieran agertu ziren.

Ia aldi berean, elektronikako aurrerapenen ondorioz, hitz egiteaz gain, beste gauza askotarako erabilgarriak bihurtu ziren telefonoak. 1970eko hamarkadan fax makinak ohikoak ziren. Aparatu horiek telefono kableak erabiltzen dituzte hitzak eta irudiak bidaltzeko. Gaur egun, berriz, ordenagailu asko telefono-lineen bidez konektatzen dira Internetera.