Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kosovo

Eduki-taula

👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
1.883.018
🔎
Azalera
10.909,02992 km²
🏙️
Hiriburua
Pristina
📷
Argazkiak
ikusi
Kosovoren kokapena Europako mapan.

Kosovoko Errepublika bere independentzia aldarrikatu duen Europako hego-ekialdeko herrialde bat da, Balkanetako penintsulan kokatuta dagoena.

Serbiako probintzia bat izan zen, 2008an Kosovok independentzia aldarrikatu zuen arte. Pristina da Kosovoko hiriburua.

Kosovok mugakide ditu Serbia iparraldean eta ekialdean, Ipar Mazedonia hegoaldean, Albania mendebaldean eta Montenegro ipar-mendebaldean. Haren lurraldea, zati handi batean, mendien artean dauden bi arro hidrografikok osatzen dute.

Kosovoko biztanleen % 90 baino gehiago albaniarrak dira; gainerako gehienak, serbiarrak. Islama da erlijio nagusia.

Kosovoko bandera.

Iraganean, Kosovo Serbiar Inperioaren bihotzean zegoen. Ondoren, Otomandar armadak lurralde osoa konkistatu zuen 1389an, eta bi eskualdeek nortasun desberdinak garatu zituzten. Serbia Turkiatik independizatu zen XIX. mendearen hasieran eta Kosovoren kontrola berreskuratu zuen 1912an. 1918an, Serbia Jugoslavia izeneko erresuma baten zati izatera pasatu zen. Kosovok Serbiaren parte izaten jarraitu zuen, baita Jugoslavia 1990eko hamarkadaren hasieran banandu ondoren ere.

Garai hartan, Kosovoko albaniarrek burujabetasuna lortzeko mugimendua hasi zuten. Kosovo Askatzeko Armada (KLA) izeneko talde batek matxinada armatua hasi zuen 1996an. Erantzun bezala, serbiar gobernuak albaniarrei eraso egin zien eta probintziatik botatzen saiatu ziren. 1998an, KLAren eta tropa serbiarren arteko borroka hasi zen.

Borrokak 1999an amaitu ziren. Orduan, Nazio Batuek hartu zuten probintziaren ardura. 2008. urtearen hasieran, Kosovok Serbiatik banantzea erabaki zuen. Probintziak, formalki, bere burujabetasuna aldarrikatu zuen otsailean. Estatu Batuek eta Europar Batasuneko zenbait kidek Kosovoren independentzia onartu zuten. Serbiak, Errusiak, Espainiak eta beste herrialde batzuek ez zuten onartu.