Wikipedia, Entziklopedia askea

Serbia

Serbiaren kokapena Europan.
Serbiako bandera.

Serbia Europa erdialdeko hegoaldean dagoen herrialde bat da. Belgrad da hiriburua, eta ez du kostalderik. 2017ko datuek diotenaren arabera, 7 milioi biztanle baino pixka bat gehiago ditu. Balkanetako penintsulan dago eta mugakide ditu Kosovo eta Bosnia-Herzegovina, Kroazia, Hungaria, Errumania, Bulgaria, Iparraldeko Mazedonia, Albania eta Montenegro.

Parlamentua


Serbiako hego-mendebaldean Kosovo dago, eta hor albaniar asko bizi dira; Kosovo 1999. urtera arte Serbiaren barruan egon zen. Serbiar gehienek eta beste estatu askok kontsideratzen dute Kosovo oraindik Serbiaren barruan dagoela. Hala ere, Kosovoko biztanle gehienek, Kosovoko gobernuak eta beste estatu askok Kosovo estatu burujabea dela defendatzen dute.

Serbiako hegoaldea oso menditsua da, eta iparraldea, berriz, lauagoa. Gainera, iparraldetik, Danubio ibaia igarotzen da; herrialde ia osoan, neguak oso hotzak dira eta udak epelak.

Serbian gehien hitz egiten den hizkuntza serbiera da, kroazieraren oso antzekoa den hizkuntza eslaviarra. Gainera, denbora luzez  “serbokroaziera” izena erabiltzen zen, hizkuntza bakarra izango balitz bezala. Hori bai, serbiarrek alfabeto zirilikoa erabiltzen dute idazteko, errusieran bezala, eta kroaziarrek, berriz, alfabeto latinoa erabiltzen dute. Serbiar asko aurki ditzakegu Eslovenia, Kroazia eta Bosnia-Herzegovinan ere.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Serbiako ekonomian, sektorerik garrantzitsuena industria da. Fabrikek gauza asko ekoizten dituzte, adibidez, makinak, metalak, produktu kimikoak, elikagaiak, gailu elektronikoak, oihalak, autoak, kamioiak eta beste produktu asko. Meatzaritza-industriak aluminioa, kobrea eta beruna ekoizten ditu.

Horretaz gain, nekazaritza ere oso garrantzitsua da; gehienbat artoa, erremolatxa, azukrea, garia eta patatak lantzen dituzte. Gainera, mahatsa ere lantzen da, batez ere ardoa egiteko. Txerriak, ardiak eta behiak dira gehien zaindu eta saltzen diren animalak.

Danubio ibaia Belgrado inguruan
Novi Sad hiria


Historia pixka bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Serbia Otomandar Inperioaren barruan egon zen Erdi Arotik aurrera. Hala ere, XIX. mendean, altxamendu batzuk egon ziren eta Serbia erreinu burujabe egin zen. 1914an, serbiar batek Austriako artxidukea (printzea) erail zuen, eta, hori dela eta, Austriak gerra deklaratu zion Serbiari. Gertaera horrek Lehen Mundu Gerra piztu zuen.

Gerraren ondoren, 1918an, Serbiak Montenegro, Kroazia, Eslovenia, Mazedonia eta Bosnia-Herzegovinarekin bat egin zuen, herrialde berri bat sortzeko: Serbiarren, Kroaziarren eta Esloveniarren Herrialdea. 1929an, herrialde horri Jugoslavia izena jarri zioten.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, 1945ean, komunistek Jugoslaviaren kontrola hartu zuten. Gobernu hori 1980ko hamarkadaren amaierara arte existitu zen.

1991 eta 1992an, Jugoslavian zeuden errepubliketako lauk beren independentzia aldarrikatu zuten. Serbiak elkarturik mantendu nahi zuen Jugoslavia. Errepubliken artean gerra zibil bat egon zen, 1995eraa arte. Gerra amaitzean, honako errepublika hauek herrialde independente egin ziren: Kroazia, Eslovenia, Mazedonia (gaur egun Iparraldeko Mazedonia deitzen da) eta Bosia-Herzegovina.

Geroago, Kosovon bizi ziren albaniarrak ere independentziaren alde altxatzen hasi ziren. Hori dela eta, serbiarrek herrixka albaniar asko eraso zituzten. Liskarrak 1999an amaitu ziren, baina albaniarren eta Jugoslaviako serbiarren arteko arazoak ez. Nazio Batuek Kosovoren gobernuaren ardura hartu zuten aldi baterako.

Gainera, 2003an, Serbia eta Montenegroko errepublikek batasun bat osatu zuten, baina errepublika bakoitzari burujabetza handiagoa emanez. Montenegrok 2006an utzi zuen batasun hori. 2008an, Kosovok Serbiarekiko independentzia ezarri zuen. Zenbait herrialde Kosovoren independentziaren alde egon ziren, baina Serbiak uko egin zion Kosovo beste herrialde bat zela onartzeari. Gaur egun, serbiar gehienek eta estatu batzuek Kosovo Serbiaren barruan dagoela defendatzen dute. Hala ere, Kosovoko biztanle gehienek, Kosovoko gobernuak eta beste estatu askok Kosovo estatu burujabea dela defendatzen dute.