Wikipedia, Entziklopedia askea

Machu Picchu

Eduki-taula

Machu Picchu.

Machu Picchu inka herriaren antzinako hiri bat da, Peruko zentro-hegoaldeko mendietan dagoena. Machu Picchu izenak “tontor zahar” esan nahi du kitxueraz, inken hizkuntzan. Hiria XV. mende erdialdetik XVI. mende hasiera edo erdialdera bitarte eraiki zen seguru aski. Machu Picchu garai horretako indiar amerikarren leku bakarrenetakoa da ia osorik dagoena.

Machu Picchu Cusco hiritik ―Inka Inperioaren antzinako hiriburutik― 80 kilometro ipar-mendebaldera dago. Ekialdeko Andeetan dago, bi tontor zorrotzen artean, 2.350 metroko altueran, oihanez inguratuta.

Machu Picchu bi zatitan dago banatuta, nekazaritza-lurrak eta hiria. Nekazaritza-lurrean, terrazak izeneko mailakatutako soroak daude. Inkek terrazak erabiltzen zituzten artoa eta patata gozoak landatzeko. Hirian, berriz, plazak, tenpluak, etxeak eta hilerri bat daude. Bide batzuk eta harrizko milaka eskailera-maila daude batetik bestera joateko.

Egitura gehienak oso ondo mantentzen dira eraikuntzen kalitateagatik eta inkek harriekin egin zuten lanagatik. Eraikin ospetsuetako bat Eguzkiaren Tenplua da. Urtean behin eguzkiak harri handi batean dagoen leihotik distira egiten du. Harri hori egutegi baten antzekoa da. Beste eraikin ospetsu bat Intihuatana izeneko pilare bat da. Pilarea seguru aski urtaroen erregistroa egiteko erabiltzen zen.

Ez da guztiz ulertzen Machu Picchuk gizarte inkan zuen papera. Arkeologo askok uste dute enperadore inka boteretsu baten ondarea zela. Ez dakite zergatik biztanleek utzi zuten lekua; ur falta izan daiteke arrazoietako bat.

Machu Picchu urte luzez ezkutatuta egon zen espainiarrengandik, XVI. mendean inka inperioa konkistatu zutenean. Landareek hiria ezkutatu zuten eta ehunka urtez inguruan bizi ziren pertsonek bakarrik ezagutzen zuten lekua. Munduak Machu Picchu ezagutu zuen inguruko nekazari batek Estatu Batuetako arkeologo bat eraman zuenean hondakinetara 1911n. Gaur egun Machu Picchuk turista asko erakartzen ditu.