Wikipedia, Entziklopedia askea
Magna Græcia edo Grezia Handiko koloniak

Magna Graecia (latinez, 'Grezia Handia') deitzen zaie antzinako greziarrek Italiar penintsularen hegoaldeko kostaldean eta Sizilia uhartean ezarritako kolonien multzoari. Magna Graecia izena erromatarrek jarri zioten beranduago, beraien lurretatik hegoaldera zeuden eta greziar hizkuntza eta kultura zituzten polis edo hiriak izendatzeko.

Greziarrek antzina-antzinatik izan zuten itsasoan zehar bidaiatzeko beharra, Grezian bertan ez zituzten edo urriak ziren produktu eta materialak lortzeko. Hortaz, beren nabigazio gaitasunei esker, koloniak sortu zituzten Mediterraneo itsasoko hainbat lekutan, Greziatik urruti zeuden lurraldeak ustiatzeko edo haiekin salerosketan aritzeko. Kolonia haietako asko gaur egungo Italia hegoaldean eta Sizilian zeuden, lurra emankorra zelako eta kokapen geografiko aproposa zutelako merkataritzarako, greziar, etruriar eta feniziarren erdian. Hemen, hainbat polisetako greziarrek hainbat kolonia sortu zituzten. Polis hauek, neurri batean, greziar metropolien mendean zeuden.

Urteen poderioz, koloniak independentzia lortzen hasi ziren. Izan ere, azkar aberastu ziren eta Greziako hirien beharrik gabe garatzeko nahiko botere lortu zuten.

Magna Graeciako greziar kolonien sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Magna Graecia Kumasko koloniatik (K.a. 740 inguruan sortua, ziur aski denen artean zaharrena) Tarentoko koloniara (K.a. 706 inguruan sortua) iristen zen. Azkena sortu zen greziar kolonia Heraklea izan zen, K.a. 433an.

Hasiera batean, koloniek bazuten harremana beren jatorrizko metropoliekin. Baina, denboraren poderioz, greziar kolonoak bertako herriekin hasi ziren harreman gehiago izaten. Hala ere, herri horiekin gatazkak ere izan zituzten, batez ere Apenino mendietan bizi ziren tribu oskoekin. Herri hauek lautada emankorrak eskuratzeko presioa egiten hasi ziren, eta behin baino gehiagotan inbaditu zituzten polisak immigrazio jendetsuen bidez.

Hala ere, azkenean polisen sistema politikoak eta kulturak erakarri egin zituen biztanle indigenak, eta greziarren arkitekturara, artera, erlijiora eta hizkuntzara ere moldatu ziren. Dakigunez, polis batzuek bat egin zuten inguruko herriekin, eta hiritar titulua ere eman zieten. Honela, kultura berri bat sortu zuten, greziar kulturako elementu nagusiak galdu gabe. Edonola ere, metropoliekin merkataritza-harremanak izaten jarraitu zuten, eta noiz edo noiz laguntza militarra ere jasotzen zuten. Sirakusako tiranoaren kasua da, adibidez, beste polis italiar batzuk inbaditu nahi izan baitzituen.

Ondorengo mendeetan Magna Graeciako polisek gero eta gehiago egiten zuten talka Erromarekin eta K.a. 89. urterako hiri hauek guztiak erromatarren menpe zeuden guztiz.