Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
👶
Jaiotza
1870eko abuztuaren 31
Chiaravalle
💀
Heriotza
1952ko maiatzaren 6a
Noordwijk
🔨
Lanbidea
mediku
📷
Argazkiak
ikusi
Maria Montessori 1913an

Maria Montessori (1870 - 1952) mediku eta hezitzaile italiar bat izan zen. Haurren heziketaz kezkatuta, heziketa-metodo bat sortu zuen haren abizenaz ezagutzen dena, eta Montessori eskolak sortu zituen, oraindik ere mundu osoan daudenak.

Maria Montessori 1870. urtean jaio zen Ancona hirian, Italian. Txikitan heziketa ona jaso zuen. 20 urterekin Erromako unibertsitatera joateko aukera izan zuen zientziak ikastera eta, ondoren, medikuntza. Halako ikasgaietan onartu zituzten munduko lehenengo emakumeetako bat izan zen. Garai hartan pentsatzen zuten gaixotasunak sendatzea gizonen lana zela. 1896. urtean Erromako Unibertsitateko mediku titulua jaso zuen lehen emakumea izan zen.

Medikuntza-lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikaslea zen bitartean ospitale batean egin zuen lan, psikiatrian; hau da, buruko gaixotasun eta arazoez arduratzen den medikuntzako alorrean. Ospitale hartako umeak desgaitu mentalak zirela pentsatzen zuten eta gaizki tratatzen zituzten. Maria Montessorik hori aldatu nahi izan zuen. Haur haiei, botikak emateaz gain, maitasuna eta babesa ere eman nahi zien.

Hezkuntza-lana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Umeei arreta jarrita, konturatu zen ume guztiei gustatzen zaiela gauza berriak ikastea. Arazoa ondo tratatzen bada, sendatuko da. Horregatik Montessorik haurren heziketa berritu nahi izan zuen. Garai hartan, 1900. urtearen bueltan, irakasleek zein gurasoek gogor zigortzen zituzten haurrak, hezteko asmotan. Montessorik dena aldatu zuen. 1907. urtean lehenengo Montessori eskola sortu zuen Erroman, la Casa dei Bambini (haurren etxea) izenekoa. Haren metodoa umearen garapen naturalean eta haiek sentimenen bidez munduaren berri izateko moduan oinarrituta dago. Gainera, tresna desberdinak eskaintzen zizkien haurrei, eta haiek aukeratzen zuten zein erabili ikasketa-prozesurako. Hala, haurrek sentitzen zuten ikasten ari zirela eta horrek, zoriontasunaz gain, gehiago ikasteko gogoa ematen zien. Irakaskuntza-metodo hori ez zuen laguntza psikiatrikoa behar zuten haurrekin bakarrik erabiltzen, familia txiroetako haurrekin ere erabiltzen zuen.

1909. urtean Maria Montessorik bere irakaskuntza-metodoari buruzko liburu bat idatzi zuen. Italian Benito Mussolini diktadore faxistaren babesa jaso zuen, baina Montessorik ez zuen nahi izan faxistek bere metodoa erabil zezaten haien ideia politikoak zabaltzeko. Alemanian eta Austrian, aldiz, naziek Montessoriren haur eskolak debekatu zituzten.

Bere irakaskuntza zabaltzeko, Montessorik Italia utzi zuen 1934. urtean eta Europatik zein Estatu Batuetatik bidaiatu zuen, bere seme Mariorekin batera. Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen bitartean Indian egon zen, oraindik ere kolonia britainiarra zenean. Italia eta Britania Handia gerran zeudenez, han geratu behar izan zuten eta eskola asko ireki zituzten. Gerraren ondoren, Herbehereetan bizi izan ziren. Maria Montessori han hil zen 1952an ia 82 urterekin. Bere seme Mariok amaren pedagogiarekin jarraitu zuen, 1982an hil zen arte.