Wikipedia, Entziklopedia askea
Mussolini eta Hitler 1940ean.

Faxismoa eskuin muturreko gobernu mota bat da, herrialdeko botere gehiena agintari diktadore baten esku uzten duena. Historikoki, XX. mendean, hiru estatu faxista handi izan ziren: Benito Mussoliniren Italia, Adolf Hitlerren Alemania nazia eta Francisco Francoren Espainia. Herrialde horietan, faxistek demokrazia bertan behera utzi eta diktadura ezarri zuten, botere guztia hartuz eta haien kontra zeudenei eraso eginez.

Historialari askoren iritziz, faxismoa ideologia biolento bat izan zen, demokraziaren, sozialismoaren eta zuzenbide-estatuaren eta sistema parlamentarioen aurka indarkeria erabiltzen zuena. Bestalde, faxismoa erregimen politiko kriminal bat ere izan zela esan daiteke, milioika biktima eragin baitzituen Europan XX. mendean.

Nola sortu zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Erroman fasces delakoa ―aizkora baten inguruan lotuta dagoen haga-sorta bat― botere ikur bat zen. 1921ean, Italian, Benito Mussolinik alderdi faxista sortu zuen, eta haren barruan fasci di combattimento direlakoak antolatu zituen; fasci horiek Mussoliniren ideiekin bat ez zetozenei erasotzen zieten indarkeriaz, eta ezagunak ziren alkandora beltzak janzten zituztelako.

Horretan oinarrituta, Mussoliniren gobernu-erari faxismo deitu zitzaion. Buruzagi faxisten iritziz, garrantzitsuagoa da herrialdearen indarra herriaren ongizatea baino. Diktadore gisa gobernatzen dute, eta botere mugagabea izaten dute. Askotan indarkeria erabiltzen dute haien alde ez daudenekin. Mussolini 1922tik 1943 bitartean Italiako gobernuburu bihurtu zen, eta diktadura faxista ezarri zuen.

Zertan datza?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adituak ez dira bat etortzen faxismo terminoaren esanahi zehatzarekin. Hala ere, iraganean faxistak deitu izan diren gobernuek zenbait antzeko zenbait ezaugarri zituzten. Gobernu horien menpe, jendeak askatasun gutxi zituen. Jendeak ez zuen ahotsik gobernuan. Buruzagi indartsu batek, aldiz, dena kontrolatu eta herrialdearen ikur bihurtzen zen. Buruzagiak polizia-indarra sortzen zuen aginduak betetzen ez zituzten pertsonak zigortzeko. Buruzagiak, ere, armada sortu eta beste herrialde batzuk mehatxatzen zituen. Buruzagiak talde minoritarioei leporatzen zizkien herrialdearen arazoak.

Europako hiru faxismo garrantzitsuenak antikomunistak ziren. Baina desberdintasun handiak ere egon ziren Europako mugimendu faxisten artean. Adibidez, Alemaniako nazionalsozialismo delakoa alderdi politiko arrazista eta juduen aurkakoa zen, eta Alemania handitzeko lurralde batzuk bereganatu nahi izan zituen. Italiaren kasuan, faxismoak nahi zuen jende guztia estatuaren menpekoa izatea, estatua pertsona guztien gainetik baitago. Espainiako faxismoan, azkenik, Eliza katolikoaren eragina askoz handiagoa izan zen Alemanian eta Italian baino.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazle europarrak XIX. mendean hasi ziren ideia faxistak zabaltzen, Lehenengo Mundu Gerraren (1914-18) ostean, herrialde askok arazo ekonomikoak izan zituzten. Horietako batzuetan, herria ez zegoen pozik gerraren emaitzekin. Faxistak boterera iritsi ziren herriari boterea eta handitasuna hitzemanez. Mussolinik boterea hartu zuen Italian. Adolf Hitler Alemania naziaren burua izan zen. Herrialde horiek armada indartsuak sortzen hasi ziren. Armada horiek beste herrialde batzuk bereganatzeko erabili zituzten. Ekintza horiek Bigarren Mundu Gerra (1939-45) ekarri zuten. Italia eta Alemania bando berean borrokatu ziren gerran. Hala ere, gerra galdu eta horrekin batera euren gobernu faxistak erori ziren.

Espainiako faxismoaren biktimen hilobi komuna.

Gerra ostean, mugimendu faxista nagusia hilda zegoen. Hala ere, Espainia eta Portugaleko agintariek jarraitu zuten ideia faxista batzuk jarraitzen. Beste herrialdeetako alderdi politiko batzuk (hala nola, Austria, Frantzia, Argentina, Hegoafrika, Libia eta Irak alderdiek) ere erabili zituzten ideia faxista batzuk. Bilakaera horri neofaxismo, edo faxismo berria, deitu zitzaion.