Wikipedia, Entziklopedia askea

Megalosaurus

Megalosaurus baten ustezko itxura.

Megalosaurusa zientzialariek deskribatu eta izendatu zuten historiako lehen dinosauroa izan zen. Haren arrastoak aurkitu zituzten zientzialariek Megalosaurus ("musker handia" esan nahi du) deitu zioten musker erraldoi bat zela uste zutelako. Une hartan, dinosauroak ezezagunak ziren oraindik. Beste bi dinosauroren arrastoak aurkitu ondoren, zientzialariak konturatu ziren narrasti talde berri batekoak zirela. Talde honi "dinosauro" izena ipini zioten, "musker izugarria" esan nahi duena.

Megalosaurusa duela 176 - 161 milioi urte bizi izan zen, Jurasikoa deituriko garaian. Ingalaterran eta Afrikan aurkitu dira Megalosaurusaren arrastoak. Ingurune oparo eta tropikalean bizi izan zen. Garai urrun haietan, zuhaitz altuak loratu ziren, horien artean gaurko sekuoia erraldoiekin lotutako pinu eta zuhaitz mota desberdinak. Zuhaitz txikienak palmondoak, zuhaitz-formako iratzeak eta ginkgoak ziren, besteak beste. Iratzeak eta azeri-buztanak ziren hazkuntza txikiko landarerik ohikoenak. Oso litekeena da Megalosaurusa landarez betetako eremu horietan ibili izana, jaten zituen animalia belarjaleengandik gertu egoteko.

Nolakoa zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Megalosaurusa atzeko bi hanketan ibiltzen zen. Allosaurusa bezala, teropodoak deituriko dinosauro taldekoa zen. 9 metro luze eta 3 metro altu zen, eta tona bat pisatzen zuen. Megalosaurusak lepo sendo eta lodia zuen, buru handiari eusteko. Masailezur sendoetan hortz zorrotz eta makurrak zituen. Gaurko marrazoak bezala, Megalosaurusa gai zen galdu edo hautsitako hortzak aldatzeko. Aurreko hankak laburrak baina indartsuak ziren, eta atzaparrak zituen, eskuak balira bezala. Megalosaurusaren atzeko hankak luzeak eta gihartsuak ziren, eta atzapardun hiru behatz zituen oin bakoitzak. Buztan luze eta lodi samarra zuen.

Portaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Megalosaurusa haragijalea zen. Harrapari honek sauropodoak edo dinosauro belarjale handiak ehizatzen zituen, apatosaurusa esaterako. Beste dinosauro haragijale batzuek bezala, megalosaurusak bere biktimei ezusteko erasoak egiten zizkien landare altuen atzetik, ziur aski. Bere atzeko hanka indartsuekin, harrapakinaren atzetik joaten zen distantzia laburretan. Megalosaurusa sarraskijalea ere izan zen seguruenik, hau da, hildako animaliez elikatzen zen. Ingalaterran aurkitutako megalosaurusaren arrastoek buztana lurretik altxatuta ibiltzen zela edota korrika zihoala erakusten dute. Horrek dinosauroari oreka lortzen lagundu ahal izango zion.