Wikipedia, Entziklopedia askea

Mesolitoa

Ustez Mesolito garaikoa den labar-margo bat, gezilarien borroka.

Mesolitoa Historiaurreko garai bat da, Paleolitoaren eta Neolitoaren artekoa. Izan ere, Mesolito hitzak "erdiko harria" esan nahi du, beste bi garai horien artean kokatuta dagoelako.

Historialariek, Historiaurreko garai edo aro desberdinak bereizterakoan, batez ere gizakiek garai bakoitzan zeukaten teknologiari begiratzen diote. Hori dela eta, kontuan izan beharra dago gizakien teknologia ez zela aldi berean garatu Lurreko bazter guztietan. Hortaz, mesolitoa bera ere ez zen gertatu aldi berean leku guztietan. Horrela:

  • Europako eta mendebaldeko Asiako kultura ehiztarien kasuan, azken glaziazioaren amaieraren eta iraultza neolitikoaren artean kokatzen da; Europan, zehazki, gure aroaren aurreko 15.000 eta 5.000 urte bitartean.
  • Asiako hego-mendebaldean, berriz, gure aroaren aurreko 20.000 eta 8.000 urte bitartean.

Gainontzeko lurraldeetarako, Eurasiatik eta Ipar Afrikatik kanpo beraz, ez da erabiltzen izendapen hau.

Ezaugarri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paleolitoan, pertsonak ehiztari-biltzaile hutsak ziren; Neolitoan, nekazariak ziren eta garia lantzen zuten, etxe-animaliak zituzten, zeramika egiten zuten eta 500 erreminta-mota baino gehiago egiten zituzten. Mesolitoa bien arteko trantsizio aldi bat izan zen.

Mesolitoko erremintak Paleolito garaikoen antzekoak dira oraindik, hau da, harrietako ertzak kolpeka hautsiz egindako lanabes txikiak, ehiztari-biltzaileentzat pentsatuak oraindik, sarritan puntak eta geziak. Neolitikoko erremintak, ordea, leunduta egoten dira eta askoz ere ugariagoak dira; gizarte finkatuagoetako tresnak dira, nekazaritza apur bat duten gizarteetakoak.

Hala ere, Mesolitoan, berrikuntza batzuk agertzen dira, lanabes konplexuagoak. Mesolitoko erremintak Paleolitokoak baino txikiagoak izaten dira, oso txikiak ere batzuetan, erabilera konplexuagoak zituztelako. Harri landu txiki horiei mikrolito deitzen zaie. Askotan, kirtenetan sartuak egoten ziren; adibidez, egurrezko kirten batean sartutako harritxo zorroztuak, egurra zerratzeko.

Erreminta hobeei esker, Mesolitoko ehiztariek Paleolitokoek baino trebetasun handiagoa lortu zuten eta elikagai iturri gehiago zituzten.

Beste alde batetik, gizakiak hasita daude animaliak etxekotzen; horren froga da, adibidez, gizaki baten ondoan lurperatuta aurkitutako lehen txakurra, duela 12.000 urtekoa, gaur egungo Palestina aldean.

Ekialde Hurbilean, Ilgora Emankorra deitzen den lurraldean (Antzinako Egiptoko, Mediterraneoko ekialdeko eta Mesopotamiako lurrak), nekazaritza lehenago garatu zen, duela 10.000 urte inguru; horregatik, Mesolitoak gutxiago iraun zuen han, eta lehenago sartu ziren Neolitoan. Europan, aldiz, nekazaritza beranduago garatu zen, glaziazioaren eraginez, eta Mesolitoak gehiago iraun zuen, ia beste 6.000 urte gehiago, zenbait lekutan.