Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Onddo

Perretxikoa, onddo mota bat

Onddoak izaki bizidun mota bat dira, hostorik, sustrairik eta zurtoinik ez dutenak.

Bizidun guztiak bost talde edo erreinuetan sailkatzen dira: landareak, animaliak, onddoak, bakterioak eta protistoak. Onddoek bizidunen erreinu bat osatzen dute, beraz.

Onddo batzuk oso txikiak dira, begi hutsez ezin dira ikusi, eta mikroskopioa erabili behar dugu haiek ikusi ahal izateko. Hala nola, legamia edo lizunak. Legamiak oso garrantzitsuak dira guretzat, haiei esker ogia, ardoa edo sagardoa lortzen ditugulako. Lizunak askotan fruta usteletan agertzen dira (adibidez, laranja zaharretan lizun berdeak hazten dira, eta baita ogian ere).

Onddoak dira perretxikoak ere. Agian guretzat hauek dira onddo ezagunenak. Txanpinoiak, gibelurdinak, zizazuriak... perretxikoak dira, jateko oso preziatuak. Beste perretxiko batzuk, aldiz, toxiko eta kaltegarriak dira: hiltzaile berdea (Amanita phalloides), adibidez. Perretxiko guztiak basoetan eta zuhaitzetatik gertu bizi dira, toki hezeetan. Esporen bidez ugaltzen dira. Perretxikoak Basidiomicetes taldeko onddoak dira.

Lizun berdea laranja batean

Jende askok uste duenaren aurka, onddoak ez dira landareak. Landare guztiek fotosintesia egiten dute, eta onddoek, aldiz, ez dute fotosintesirik egiten.

Onddoen bizimodua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Onddoek ezin dute haien janaria fabrikatu, landareek bezala (fotosintesiaren bidez egiten dute hori landareek). Beraz, animalien antzera, beren janaria ingurugirotik lortu behar dute.

  • Onddo batzuk lurrean bizi dira, basoetan adibidez, eta jana lurretik eskuratzen dute (eroritako hostoak, hildako animaliak edo intsektuak...). Bakterioekin batera, onddo hauek lurreko materia organikoa degradatzen dute.
  • Beste batzuk animaliengan edo landareetan bizi dira: onddo parasitoak dira hauek. Parasito edo bizkarroi horiek kalteak eragiten dizkiete animaliei edo landarei. Talde honetakoak dira gaixotasunak (mikosiak) sortzen dituzten onddoak.
  • Esporen bitartez ugaltzen dira. Esporak inguruetatik sakabanatzen direnean, hezetasun eta tenperatura egokiak aurkituz gero, beste onddo batzuk sortuko dira haietatik.
  • Hainbat onddok sinbiosia egiten dute landareekin, jana lortzeko: likenak, esate baterako, dira onddo baten eta alga baten sinbiosiaren emaitza.

Onddo batzuek antibiotikoak sortzen dituzte. Antibiotikoak bakterioen aurkako botikak dira, gaixotasun infekziosoak sendatzeko erabiltzen direnak. Onddo lagun horiek oso baliotsuak dira industria farmazeutikoan.