Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Europako ordu-eremuen banaketa

Ordu-eremuak lurrazala osatzen duten 24 eremu dira, zero meridianoa edo Greenwich meridianoa delakotik abiatzen direnak. Lurreko leku jakin batean zer ordu den jakiteko erabiltzen dira, Eguzkiarekiko duten kokapenaren arabera. Horregatik, eguneko ordu ezberdin bat dute eremu horietako bakoitzean.

Ordu-eremuak munduko bolaren 360 graduen eta Lurrak bere ardatzaren inguruan bira egiteko behar dituen 24 orduen arteko zatiketa dira.

Zergatik dira beharrezkoak?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordu-eremuak guztiz beharrezkoak dira mundu osoan denboraren antolaketarako, Lur planetak duen biraketaren ondorioz.

24 ordutan, Lurrak bira oso bat ematen dio bere buruari, mendebaldetik ekialdera. Honela, planetako puntu guztiak geratzen dira Eguzkiarekiko aurrez aurre momentu bat edo bestean. Momentu horri eguerdia deitzen diogu, egunaren erdia alegia, eta horrek esan nahi du gu bizi garen lekuan momentu horretan iristen dela Eguzkia bere ibilbideko punturik garaienera zeruan.

Gu bizi garen lekuan eguerdia denean, ordea, Eguzkia igaro da jada zeruko puntu garaienetik gu baino ekialderago dauden lekuetan, eta oraindik ez da iritsi bere ibilbideko puntu gorenera gu baino mendebalderago dauden lekuetan. Are gehiago, guretzat eguerdia denean, gauerdia da munduko beste muturrean. Lurra esfera bat delako gertatzen da hori, eta horregatik iristen dira Eguzkiaren izpiak Lurreko leku batzuetara besteetara baino lehen.

Hortaz, ordu-eremuei esker, eguneko orduak gu bizi garen lekuan den eguneko momentuaren araberakoak dira, hau da, Eguzkiak gu bizi garen lekuarekiko duen kokapenaren araberakoak. Horrela, modu ordenatuan egin ditzakegu gure eguneroko jarduerak, eta badakigu eskolara noiz joan behar dugun, noiz bazkaldu behar dugun edota noiz joan behar dugun ohera.

Zer irudikatzen du ordu-eremu bakoitzak?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egunak Lurrean dituen 24 orduen arabera banatzen dira 24 ordu-eremuak. Eremu bakoitzak, beraz, ordu jakin bat du. Hortaz, eguneko ordu bera da meridiano beraren parean dauden toki guztietan.

Bestalde, horrek esan nahi du ordubeteko aldea dagoela ordu-eremu batetik hurrengora edo aurrekora. Alegia, gure ekialdera dagoen ordu-eremuan hemen baino ordubete beranduago da, eta gure mendebaldera dagoen eremuan, hemen baino ordubete gutxiago.

Ordu-eremuak finkatzeko Greenwich meridianoa erabiltzen da, zero meridianoa ere deitzen zaiona. Greenwich meridianotik ekialderantz joan ahala eremu bakoitzari aurrekoari baino ordubete gehiago gehitzen zaio, eta mendebalderantz joan ahala ordubete kendu.

Denbora Unibertsal Koordinatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora Unibertsal Koordinatua (ingelesezko siglez, UTC) erabiltzen da ordua munduko leku bakoitzera egokitzeko, bertako ordu-eremuaren arabera. Greenwich meridianoko ordua (ingelesez, GMT) hartzen du erreferentziatzat. Honela, mundu mailako adostasuna dago orduaren inguruan, eta errazagoa da beste lekuetan zer ordu den kalkulatzea.

Ikus ditzagun adibide batzuk. Demagun Greenwich meridianoaren ordu-eremuan, UTC 00:00 eremuan, gaueko hamabiak direla, alegia, gauerdia. Euskal Herria Greenwicheko meridianotik ekialdera dagoen hurrengo ordu-eremuan dago, UTC + 01:00 eremuan. Hortaz, hemen han baino ordubete beranduago izango litzateke, hau da, goizaldeko ordu bata. Arrazoi horregatik atzeratu behar dugu ordubete gure ordularia Erresuma Batura edo Portugalera joaten bagara. Gauza bera gertatzen da Kanariar uharteetara joaten garenean, gu baino ordu-eremu bat mendebalderago baitaude.