Wikipedia, Entziklopedia askea

Orfeo

Eduki-taula

Orfeo, Euridize salbatu nahian.

Orfeo, greziar mitologiaren arabera, heroi poeta eta musikari bat zen. Denak liluratuta uzten zituen jotzen zuen musika ederrarekin: animaliak, zuhaitzak eta baita harkaitzak ere kulunkatzen omen ziren haren musikaren eraginez. Orfeok lira jotzen zuen, harparen antzeko instrumentu bat, Apolo jainkoak emana. Kondaira askoren arabera, Orfeoren ama musetako bat zen, Kaliope, poesia epikoaren ama. Aita, berriz, Eagro omen zen, Traziako erregea.

Euridize izeneko emakume batekin ezkondu ondoren, suge batek hil zion emaztea. Atsekabeak jota, Orfeo azpimundura jaitsi zen, hildakoen erresumara, emaztea berriro berpizteko asmotan. Bere musikaz liluratu zituen Karon, hildakoak Estigia ibaian barrena eramaten zituen txalupako gidaria, eta Zerbero, azpimunduko atea zaintzen zuen hiru buruko txakurra; musikari esker, pasatzen utzi zioten. Orduan, Orfeok Hadesi eta Pertsefoneri deitu zien, azpimunduko agintariei, berriro ere kantuz. Orfeok emaztearenganako zuen maitasuna ikusita, eta musikak lagunduta, Euridize berriz ere berpiztea erabaki zuten. Baldintza bat ipini zioten, ordea: Orfeok ezin zion emazteari begiratu azpimundutik irten arte.

Orfeok Euridize ilunpetatik bizidunen erresumara eraman zuen. Ia iristear zeudela, Orfeok kanpoko munduko eguzki-argia ikusi zuen. Gogoari eutsi ezinik, burua atzerantz jiratu zuen, Euridize oraindik bertan ote zegoen jakiteko agian, edota bere poza emaztearekin partekatzeko beharbada. Momentu hartan, Euridize desagertu egin zen eta bigarren aldiz hil. Orfeo bakar-bakarrik gelditu zen bere mina ezin arinduta.  

Traziako emakume batzuek hil zuten ondoren Orfeo. Haren heriotzaren inguruko elezahar ugari daude. Batzuen arabera, menade haserretu batzuek txiki-txiki egin zuten. Menadeak Dioniso jainkoarekin oso lotuak zeuden eta erraz jarri ziren Orfeoren kontra, honek Apolo nahiago baitzuen Dionisoren partez. Musek Orfeoren gorputz-adarrak erre zituzten eta haren lira zeruan jarri zuten, Lira izeneko izar-konstelazioa sortuz. Orfeoren burua, oraindik ere kantari, Lesboseko irlara heldu zen uretan. Behin uharte hartara iritsita, Orfeoren buruak profeziak esan ostean Orfeoren orakulua bihurtu zen.

Esaten da Orfeo hainbat mugimendu erlijiosoren inspirazio izan zela antzinako Grezian. Haren jarraitzaileek errituak ezkutuan egiten zituzten, eta Orfeoren irakaskuntzetan eta kantuetan oinarrituta. Orfeotar erlijio misteriotsu horren kezka nagusia hil ondorengo bizia eta bekatuaren garbiketa ziren, besteak beste.

Orfeoren elezaharrak antzinako garaietatik inspiratu ditu artistak zein idazleak. Arte, literatura eta musika lan ugaritan agertu da, Claudio Monteverdi, Christoph Gluck eta Jacques Offenbachen operetan, besteak beste.