Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Pisa

Eduki-taula

👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
88.737
🔎
Azalera
185,07 km²
🌄
Altuera
4 metro
📷
Argazkiak
ikusi
Pisa probintziaren kokapena Italiako mapan.

Pisa Italiako hiri bat da, bertako dorre makurtuagatik ezaguna. Toscanako eskualdean dago, hain zuzen ere, Italiako erdialde-mendebaldean.

Pisa Arno ibaiaren ondoan dago. Hiria Mediterraneo itsasoaren ertzean egon zen 1400 arte. Baina, urteak igaro ahala, Arno ibaia lurra eta hondarra uzten joan zen bere ibai-aho edo bokalean, eta delta izeneko lur eremu bat sortu zuen. Orain Pisa hamar bat kilometrotara dago itsasotik.

Erdi Aroan eraikitako harresiek hiriaren zati batzuk inguratzen dituzte. Harresiaren barrualdean dago Piazza del Duomo (euskaraz, “Katedralaren enparantza”), Mirakuluen enparantza bezala ere ezagutzen dena. Plaza horretan daude Pisako eraikinik ospetsuenak: Duomo edo katedrala, bataiotegia izeneko eraikin biribila eta kanpandorrea. Hirurak marmol zuriz eginak daude. UNESCOk Piazza del Duomo Gizateriaren Ondare izendatu zuen 1987an.

Kanpandorrea “Pisako dorre makurtua” izenez ezagunagoa da. 1173an hasi eta XIV. mendearen erdialdean bukatu zuten eraikitzen. Zortzi solairuetatik hiru eraiki ondoren, dorrearen alde bat lur bigunean hondoratzen hasi zen. Eraikitzaileek dorrea amaitu zutenean, inklinazioaren arazoa konpontzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. XX. mendearen amaieran, dorrea hainbeste okertu zen, non jendea eraikina erortzeko beldur zegoen. 1990ean, ingeniariak dorre azpian zegoen lurraren zati bat kentzen hasi ziren. Lan horri esker, dorrea egonkorrago zegoen, baina ez zuten erabat zuzentzea lortu.

Antzinako Erromatar Inperioan, Pisa itsas base bezala erabili zen. Erromatarren gainbeheraren ondoren, Pisa hiri-estatu izeneko botere independente bihurtu zen. XI. mendean, Pisak Italiako beste hiri-estatu batekin batu zituen indarrak, hain zuzen ere, Genovarekin. Baina 1284an, Genovak Pisa garaitu zuen itsasoko gudu batean eta XV. mendean Florentzia (Toscana eskualdeko hiri nagusia) egin zen Pisaren kargu. Pisa Toscanako parte zenez, 1861ean, Italiako Erresuma berrira batu zen.