Wikipedia, Entziklopedia askea

Pisako dorrea

Pisako dorrea.

Pisako dorrea Italiako Pisa hiriko katedraleko kanpandorrea da, eta mundu osoan oso ospetsua da ia 4 gradu okertuta dagoelako. Hori dela eta, urtero milaka turista joaten dira bertara. Dorrea ez dago katedralari itsatsita, katedraletik aparte baizik. 56 metroko altuera du, eta hain dago okertuta non goialdean dorrearen ardatza ia lau metrora mugituta baitago oinarekin konparatuta. 1987an, UNESCOk Munduko Ondare izendatu zuen dorrea ondoko eraikinekin batera, hau da, katedralarekin, bataiotegiarekin eta hilerriarekin batera. Dorrearen gainera igotzeko 294 eskailera-maila daude, baina gaur egun dorrea itxita dago bisitarientzat.

Zergatik dago okertuta?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XI. mendean, Pisa errepublika boteretsu eta aberatsa zen, Amalfi, Genova eta Veneziarekin batera. Aberastasun hori Ekialdearekiko itsas merkataritzatik zetorren. Pisako gobernariek Bonanno Pisano arkitektoari eskatu zioten dorrea eraikitzeko, eta lanak 1173an hasi ziren, Erdi Aroan, beraz.

Hasieran, dorreak 100 metro izan behar zituen, baina bigarren solairua eraiki zutenean, 1178an, dorrea okertzen hasi zen. Dorrea lur bigun batean (harea eta buztinezko nahaste bat) eraiki zutelako eta zimendu txikia zuelako gertatu zen hori. Eraikuntza ia 100 urtez gelditu zen, 1275ean Giovanni di Simone arkitektoak lanari ekin zion arte. XIV. mendearen erdialdean amaitu zen, zutabedun zazpi maila zituen eta gainean kanpandorre txikiago bat. Azken mailak zuzendu egin zituzten dorrearen inklinazioa murrizteko, eta horregatik banana forma duela esaten da.

XIX. mendean konturatu ziren dorre azpiko zorua urez blai zegoela eta hori arriskutsua izan zitekeela eraikinarentzat. Hori dela eta, 1838an, dorrearen azpitik ura ateratzeko obrak egin zituzten. Aldiz, arazoa konpondu beharrean, dorrea are gehiago okertu zen. Geroago, XX. mendean, zimenduak sendotzeko beste lan batzuk egin ziren, egituraren oinarrian zementua injektatuz. Horrek berriro ere dorrea gehiago okertzea eragin zuen.

Inklinazio handiena 1993an gertatu zen, dorrearen ardatza 4,47 metro desbideratzera iritsi zenean (5,5 graduko malda baten baliokidea). Une horretan dorrea erortzeko zorian zegoela uste zuten, eta "behin betiko" erreskate operazio bat egiteko itxi zuten.

Inklinazioari aurre egiteko, guztira 900 tona pisatzen zuten berunezko lingote batzuk jarri ziren oinarrian, ezpondaren beste aldean. Lehen esku-hartze horrek dorrearen mugimendua blokeatzeko balio izan zuen. Geroago, beste esku-hartze bat egin zen goialdean lurra modu kontrolatuan kentzeko eta inklinazioa konpentsatzeko.

Esku-hartze moderno horiei esker, 2001ean berunezko lingoteak kendu zituztenerako, dorrea gradu erdi bat (44 zentimetro inguru) zuzentzea lortu zuten. Gutxi dela dirudi, baina inklinazioa guztiz segurua da, dorreak mendeetan izan duen bera.

Eraikinak badu datu historiko interesgarri bat, izan ere, 1590ean Galileo Galileik dorrea gorputzen erorketari buruzko bere esperimentu ospetsuan erabili zuen. Dorrearen tontorretik pisu ezberdineko esferak jaurtiz, materia berberaz egindako objektu guztiak abiadura berean erortzen direla frogatu zuen, nahiz eta pisu desberdina eduki. Horrek esan nahi du grabitatearen azelerazioa konstantea dela, erortzen den objektuaren pisua edozein izanda ere.