Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
👶
Jaiotza
1445
Florentzia
💀
Heriotza
1510eko maiatzaren 17a
Florentzia
🔨
Lanbidea
margolari
📷
Argazkiak
ikusi
Botticelliren ustezko autorretratua.

Sandro Botticelli Errenazimentu garaiko italiar margolari bat izan zen, Florentzian jaio, bizi eta hil zena; ez dago garbi 1445ean edo 1446an jaio zen, baina heriotza-urtea bai da jakina, 1510. Benetako izena, ordea, Alessandro di Mariano di Vanni Filipepi zen. Botticelli ezizena, dirudienez, lehenik anaia batek eta gero familia osoak jaso zuen.

Aita larrugintzako artisaua zen. Oso gaztea zelarik, urregile baten lantegian hasi zen lanean; bertara joaten ziren margolari ugariekin izandako harremanei esker, laster konturatu zen margolari izan nahi zuela. Horrela, garai hartako Florentziako artistarik handiena zen Filippo Lippi margolariaren aprendiz bihurtu zen. Talentu handia erakutsi zuen eta, laster, 26 urterekin bakarrik, bere kabuz hasi zen lanean.

Florentziako Medici familia garrantzitsuarekin harremanetan sartu zen eta Lorenzo Medicik zenbait margolan enkargatu zizkion, haien artean Errege Magoen gurtza ospetsua (1475). Margolan honetan, Medicitarrak agertzen dira laneko protagonista bezala margotuta. Horretaz gain, Medicitarrek kultura klasikoarekiko zeukaten pasioak bultzaturik, mitologia klasikoko gaiak margotu zituen haien eskariz. Haien artean, Botticelliren margolanik ospetsuenetako batzuk daude: Udaberria (1478 inguru) eta Venusen jaiotza (1486 inguru). Margolan hauetako eszena mitologikoen bidez, Botticellik goraipatu nahi du Medicitarrek Florentziari ekarritako urrezko aroa.

Lorenzo Medicik Erromara bidali zuen 1480an, beste artista batzuekin batera, Florentziako artea erakusteko. Kapera Sixtinoa dekoratzeko enkargua jaso zuten, eta Botticellik hiru fresko egin zituen.

Botticelliren bizitza okerrera aldatu zen, ordea, Lorenzo Mediciren heriotzaren ondoren eta Medici familiak Florentzia utzi behar izan zuenean. 1494tik aurrera, Girolamo Savonarola izeneko fraide batek Medicitarren ustelkeria salatu eta federa itzultzearen aldeko predikuak zabalduz botere handia lortu zuen. Era horretan, Botticellik bere bezerorik ohikoenak galdu zituen, eta bere artista-ibilbidea gainbehera hasi zen.

Ez dago garbi Savonarolaren alde jarri zen ala ez, baina egia da ordura arteko gai mitologikoak alde batera utzi zituela eta erlijio gaiak irudikatzeari ekin ziola. Badirudi, gainera, gai mitologikoak zituzten bere margolan batzuk erretzera ere iritsi zela, immoralak zirelakoan, Savonarolak antolatutako su publiko batzuetan.

Florentziatarrentzat maisu bat zen arren, bizitzako azken urteetan desgrazian erori zen. Haren lanek balioa galdu zuten, Leonardo da Vinci eta Michelangeloren lan berritzaileagoen aurrean. Bakardadean eta pobrezian hil zen 1510ean, eta haren lanak hainbat mende luzez ahaztuak izan ziren. Dena dela, XIX. mendeko prerrafaelita ingelesei esker, Botticelli berriro ospetsu bihurtu zen eta geroztik Errenazimentuko artistarik garrantzitsuenetako bat irizten zaio.

Botticelliren margolanik ospetsuenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]