Madeleine aldia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Madeleine aldiaren hedapen mapa.

Madeleine aldia delakoa, mendebaldeko Europako historian, Goi-Paleolitoko azken aro edo aldia da, bai eta garai hartako kultura arkeologikoa ere. Frantziako hegoaldean dagoen Tursac herriko La Madeleine haitzulotik datorkio izena.

Madeleine aldiko kultura duela 17.000 eta 12.000 urte artean garatu zen. Kultura honen ezaugarri da hezur eta harrizko tresnen ugaritasuna, bai eta hainbat leize-zulotako labar-artea ere (Lascaux eta Altamirako leizeak izanik ezagunenak).

Giza kokalekuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela 12.000 urteko larruzko etxola baten egitura. Pincevent (Frantzia).

Ezagutzen diren kokaleku gehienak haitzulo eta leizeetan egoten ziren, baina baita aire zabalean ere. Leize eta haitzuloak bolada luzerako edo sasoi desberdinetarako bizilekuak ziren. Haitzuloaren sarreran, sutondoak eta lantegiak egoten ziren (sukarria, adarrak, hezurrak eta zura lantzeko), barruan atsedenlekuak, eta barrurago ehorzlekuak eta erlijio eta magia zeremonietako lekuak.

Aire zabaleko kokalekuak, berriz, eskualde bateko baliabideak (ehiza, sukarria) ustiatzen zebiltzan talde ibiltarien epe motzeko kanpamenduak izanen ziren. Pincevent-eko kanpamenduan (Frantzia), esate baterako, elur-orein ehiztariak piramide formako larruzko etxoletan babesten ziren. Zutoinez egindako egitura baten gainean elur-orein larruak jartzen zituzten eta lurrean harriekin finkatzen.

Artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altamirako leizeko bisonteen erreprodukzioa.

Madeleine aldia arte adierazpenengatik da bereziki ezaguna, oso irudi errealistak baitira.

Labar-arteari dagokionez, aberatsena Frantziar-kantabriar eskualdea da. Adibide aipagarrienetako batzuk Dordoinako Lascaux, Euskal Herriko Altxerri, Ekain eta Santimamiñe, Kantabriako Altamira eta El Castillo eta Asturiasko Tito Bustillo haitzuloetako pintura eta grabatuak dira.

Madeleine aldiaren hasierako lanak marra beltz lodiz egindako marrazki soilak dira, xehetasun handirik gabeak. Aurrerago, ordea, naturalismo handiko grabatuak eta irudi polikromatuak egin ziren. Irudi ugarienak animalienak dira: zaldiak, oreinak, bisonteak, uroak, elur-oreinak, basahuntzak eta sarrioak, eta baita haragijaleak (hartzak, felidoak...) eta arrainak ere. Gizakien irudiak urriagoak dira.

Arte higigarria ere azpimarragarria da. Askotan armak eta eguneroko bizitzako gauzak motibo figuratibo (animaliak, gizakiak) edo geometrikoekin apainduak izaten ziren. Grabatutako xaflen kopurua ere ugaritu zen garai honetan.