Zikloi tropikal edo urakanak Lurreko ekaitz handi eta bortitzenak dira, ozeano tropikaletan gertatu ohi dira. Ekaitz hauek gertatzen diren lekuaren arabera tifoi edo zikloi ere dei daitezke. Zehazki, urakan deitzen zaie Ekuatorearen eta Kantzer tropikoaren artean gertatzen diren ekaiz tropikal erraldoiei, oro har Ozeano Atlantikoko iparraldean, Karibearen eta Ozeano Barearen ipar-ekialdean gertatzen direnei. Tifoiak Ozeano Barearen ipar-mendebaldean, Asiako hegoaldeko eremu tropikalean gertatzen diren ekaitz tropikalak dira. Azkenik, zikloiak Ozeano Barearen hego-mendebaldean, Ozeaniaren iparraldean edo Indiako Ozeanoan Ekuatorearen hegoaldean gertatzen diren ekaitz tropikalak dira.
Hala ere, ekaitz horien guztien termino zientifikoa zikloi tropikal da.
Nola sortzen dira?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zikloi tropikal guztiak era berean sortzen dira. Aire masa handi bat Ekuatoretik gertuko ur epeleko ozeanoen gainean bira egiten hasten denean gertatzen dira. Ozeanoen gaineko aire epel eta hezea gainazaletik gertu igotzen da. Airea gorantz mugitu eta itsasoko gainazaletik aldentzen denez, uretatik gertu aire gutxiago geratzen da. Beste modu batean esanda, aire epela gora igotzen da eta ozeanotik gertu aire-presio gutxiko eremu bat eragiten du.
Inguruko eremuko presio handiagoa duen aireak presio baxuko eremua betetzen du. Gero, aire «berri» hori epeldu eta hezetzen da eta, aurrekoa bezala, gora igotzen da. Aire epel berria gorantz doan heinean, inguruan dagoen airea biraka hasten da haren lekua betetzeko. Aire epel eta hezea gora igo eta hozten denean, airean dagoen urak lainoak sortzen ditu. Laino eta aire sistema osoa bira egin eta hazi egiten da, ozeanoko beroak eta gainazaletik lurruntzen den urak prozesua bultzatzen dutelarik.
Ekuatoretik iparraldera sortzen diren ekaitzek erlojuaren orratzen norabidearen kontra bira egiten dute. Ekuatoretik hegoaldera sortzen diren ekaitzek, bestalde, erlojuaren orratzen norabidean bira egiten dute. Desberdintasun hori Lurra bere ardatzaren inguruan bira egiten duelako da.
Ekaitza sistemak geroz eta azkarrago bira egitean, begi bat sortzen da erdian. Begian dena oso lasaia eta argia da, eta bertako aireak presio oso baxua du. Goiko presio handiko airea begi barrurantz jaisten da.
Ekaitz birakariko aireak 62 km/h-ko abiadurara iristen direnean, ekaitzari «ekaitz tropikal» deitzen zaio. 118 km/h-ko abiadurara iristen direnean, ekaitza ofizialki «zikloi tropikal» edo urakan bat da. Urakan batzuk 250 km/h-ko abiadurara iritsi dira.
Zikloi tropikalak, oro har, lurra ukitzen dutenean ahultzen dira, ozeano epeletatik datorren energiak ezin dituelako bultzatu. Hala ere, askotan lehorrean oso barrura sartzen dira, euriagatik eta haizeagatik kalte handiak eraginez, erabat desagertu baino lehen.
Urakanak zelatatzen dituzten hainbat satelite daude altuera handian Lurraren gainazalaren gainetik, 38 kilometroko altueran. NASAk eraikitako satelite horiek bizitzak salbatzen dituzte, ekaitz erraldoi horiek lurra noiz ukituko duten ohartarazten baitute.
Urakanek izenak dituzte
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtero, Estatu Batuetako Urakanen Zentro Nazionalak izen propioen zerrenda bat prestatzen du, bai gizonezkoenak, eta baita emakumezkoenak ere, Ozeano Atlantikoan hurrengo denboraldian egongo diren urakanei izena emateko. Zerrendan, alfabetoko letra bakoitzeko izen bat dago. Zerrenda horiek sei urtero errepikatzen dira, eta oso suntsitzaileak izan diren urakanen izenak, genero eta inizial bereko beste batzuengatik aldatzen dituzte.