Txirikila

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txirikila trebezia erakusteko haur-jolasa da. Juan Garmendia Larrañaga etnografoak Tolosan, Gipuzkoan, eta Apatamonasterion, Bizkaian, jaso zuen jokoaren inguruko informazioa.[1]

Arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Tolosako jolasa:

Joko honetan hogei zentimetroko tartea zuten bi harriren gainean makila edo "txirikila" jartzen zen, muturrik zorrotzena kanpoaldera zuela. Gero, txanda egokitutako neskak edo mutilak, metro-erdi inguruko makilaz "txirikila"ren muturra jo eta airean jarri behar zuen; neskak, mantalean jaso behar zuen, mutilak, berriz, gerrian lotutako zakuan. Jokoa huts egin arte errepikatzen zen eta, orduan, huts egin zuena ilararen atzealdean jartzen zen. Urte osoan aritzen ziren txirikilaka.

  • Apatamonasterioko jolasa:

Izen bereko beste joko bat ere badago, neska-mutilek Garizuman jokatzen zutena. Aurrena "porteria" egiten zuten hiru egur erabiliz. Ate horrek metro-bete inguruko zabalera izaten zuen, eta behetik gorakoa berrogei zentimetro ingurukoa izaten zen. Jokalarietako bat "porteria" edo ate horren ondoan jartzen zen eta lurrean hogei zentimetroko makila, muturra zorroztua zuena, "txirikila" zeritzana. Eskuetan beste makila bat hartu, batzuetan luzeagoa eta beste batzuetan laburragoa zena, eta lurrekoa muturrean jo eta lehenik lurretik altxatzen zuen, eta, ondoren, artean airean zegoela, beste kolpe bat emanez, ahalik eta urrunen bidaltzen ahalegintzen zen. Jolasean ari ziren beste lagunek "txirikila" airean har zezaketen eta hori lortzen zuenak ordu arte pieza txikia jaurtitzen ibilitakoaren lekua bereganatzen zuen. "Txirikila" airean hartu nahi zuenari eskuetatik ihes egin eta lurrera erortzen bazen, hurbilen zegoen jokalaria zutitu eta porterian sartzen ahalegintzen zen; hori lortzen bazuen "txirikila" bota zuenaren lekua hartzea zegokion, jokoarekin lehen bezala jarraituz.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]