Ubuntu (filosofia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nelson Mandelak ubuntua zer den azaltzen du.
Artikulu hau afrikar kontzeptuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ubuntu».

Ubuntu (ùɓúntʼú ahoskatua) bantu ngunien kontzeptu kultural, etiko eta politikoa da, pertsonen arteko harremanetan zintzotasuna bilatzen duena. Hitzak zuluerazko eta xhoserazko jatorria du.

Umuntu, nigumuntu, nagamuntu esaera zaharretik omen dator, eta, «pertsona beste pertsona batzuen arabera da pertsona» esan nahi omen du gutxi gorabehera.[1]

Ideia hegoaldeko Afrikan filosofia humanista berri bat zabaltzeko erabiltzen dute, ubuntuismo edo unhuismo izenekoa. Azkena unhu shonerazko esanahi bereko terminotik omen dator, era berean, munhu munhu nekuda kwevanhu esaeratik ekarria.

1994an Nelson Mandelak boterea eskuratu zuenetik, filosofia hau mundu osora jendarteratu da.[2] Desmond Tuturen esanetan, ubuntuduna «zabala den pertsona da eta beti besteentzako eskuragarri dagoena. Besteak babesten ditu eta besteak zerbaitetan onak izatea ez da beretzako mehatxu, bere buruaz seguru baitago, osotasun baten parte dela badakielako, beste batzuk makurraraziak edota gutxietsiak direnean, beste batzuk torturatuak edo zanpatuak direnean gainbehera datorren osotasuna» da.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Enbeita, Zihara. (2015-06-25). «Ubuntuduna» Berria.
  2. Gade, Christian B.N.. «The Historical Development of the Written Discourses on Ubuntu» South African Journal of Philosophy 30 (3): 303–329..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]