Ulia mendiko aireko tranbia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ulia mendiko aireko tranbia pertsonen garraiorako sortutako lehendabiziko aireko tranbia izan zen. 1907ko irailaren 30ean inauguratua, Leonardo Torres Quevedo asmatzaile espainiarrak sortu zuen eta Donostiako Ulia mendiaren hegian kokatu zen. Proiektuaren helburua turismoa erakartzea zen. 1912an deaagertu zen, Igeldoko funikularra eta parkea martxan jartzearekin batera.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aireko tranbia funtzionamenduan.
Talde bat aireko tranbian.

Leonardo Torres Quevedok 1887an bere lehenengo teleferikoa egin zuen. Proiektu hartan behi pare baten indarraz 200 metroko luzerako eta 40 metroko garaiera aldea gainditzea lortu zuen. Esperimentu horretan oinarrituta 1907an Uliako proiektuari ekin zion. Proiektuaren egitearen ardura Bilboko Sociedad de Estudios y Obras de Ingeniería enpresarena izan zen; enpresa honek munduko beste transbordadore asko egin zituen.

Uliako tranbia honek 280 metroko luzera eta 40 metroko garaiera aldea zuen. Bidaiak hiru minutu ingurukoa zen eta bidaia bakoitzean saski handi batean 18 pertsona eraman zezakeen. Tranbia Ategorrietatik ateratzen zen. Segurtasunaren gaiari garrantzi handia eman zioten. Horretarako Torres Quvedok kable-euskarrien sistema bitxi bat asmatu zuen, alde bateko ainguratzeak kontrapisuekin aldatuz. Diseinua indartsua zen eta kable baten bat puskatzea arazorik gabe jasan zezakeen. Ingeba elkarteak horrela deskribatu du: "Irteerako geltokia egurrezko etxolatxoa zen, hiru metroko altura zuen plataforma baten gainean. Lotura sei kable metalikoz osatuta zegoen, hiru kableko bi serietan banatuta. Kableak erraila gisa funtzionatzen zuten, eta horietatik, gurpildun plataforma bat zebilen. Plataformatik ontzitxo bat zintzilik zeraman, eta, bertan, hamazortzi bidaiari garraia zitezkeen. Kable amaigabe batek plataforma eta ontzitxoa eramaten zituen, 12 ZP-ko indarra zuen motor elektrikoaren bidez."[1]

Uliako parkea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turistei eskainitako parke honen elementu nagusia aireko tranbia hau zen. Goiko partean, bestetik, hiriaren panoramika ederra zuen jatetxea zegoen, batetik, eta Arranoaren aitza, Baleontziaren haitza, baserri bat, e.a.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]