Urbizu baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Urbizu / Urbizugerriko
Kokalekua
Lurraldea Gipuzkoa
Udalerria Idiazabal
Lua errorea:Modulu:Kokapen_mapa:539: "ES-SS

<-- Kokapen mapa -->" ez da baliozko izena kokapen maparen definiziorako.

Ezaugarriak
Garaia XVI. mendea
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2010eko abenduaren 1a

Urbizu edo Urbizugerriko Idiazabalen (Gipuzkoan) dagoen baserria da, XVI. mendean eraikia.

2010eko abenduaren 1an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia bakarreko baserria da, oinplano angeluzuzena duena. Bi isuriko zurezko estalkia dauka, naba-teila mekanikoekin egina. Teilatu-gailurra, berriz, ekialdera begira dagoen fatxada nagusiarekiko perpendikularra da. Bi solairu eta ganbara txikia ditu.

Bost ardatz-zutabek eusten diote fatxada nagusiari. Haien baoak harlangaitzez estalita daude beheko solairuan eta lehenengo solairuko alboetako zati batean. Lehenengo solairuko erdiko aurpegian egurrezko egitura eta harlangaitzezko betegarria dauzka, eta gainaldea apur bat kareztatua. Horma pikoa, bai eta bi alboetako estalkipea ere, irekiak dira. Sarrera nagusia bi orriko zurezko atea da; orri horietako bat zatituta dago. Leiho-bao irregular batzuek osatzen dute fatxada. Halaber, mahats-parra batek fatxada nagusi ia osoa estaltzen du. Hegoaldeko fatxadak harlangaitz-lanak ditu beheko solairuan eta harri-hormak, bilbadurekin, bigarrenean. Egurrez inguratutako leiho-bao txiki bat, estalkipean, eta beste bao bat beheko solairuaren parean: horra hor ikus daitezkeen hutsune bakarrak. Iparraldeko fatxada ere harlangaitzez eraikia dago, eta haren itxura arestian deskribatutakoaren oso antzekoa da. Mendebaldeko fatxada harlangaitz biluzizkoa da; bi orriko sarrera-atea eta leiho txikiren bat ditu beheko solairuan. Bigarren solairuan harriz inguratutako hiru leihotxo simetriko daude.

Zurezko 15 zutoinek osatzen dute eraikinaren zurajea. Horietako batzuek sekzio handia dute, eta oso ongi gorde dira (zutoineko bat dolare gotiko baten bernia berrerabilia da). 15 horiei, fatxada nagusiko bostak gehituta, baserriak, guztira, 20 zutoin ditu. Baserriko zuraje bikainaren muina dira. Hain zuzen, zutoin, habe eta zenbait gapirio-lan eta jabaloik (miru buztanak irudikatzen dituzte) osatzen dute zurajea.

Baserriko ataria, egun, itxita dago; ekialdeko fatxadan dagoen sarrera nagusitik sartzen da hara. Atariko zorua harrizkoa da, eta zati bat porlanez estalita du. Beheko solairuan, gainerako zorua lur naturalezkoa da. Atariko sektore batek ez du lehenengo solairua gainean, eta, hortaz, estalkipetik lurreraino irekita dago. Beste zati batean (hego-ekialdeko sektorea) gapirio onak eta harri-hormazko barne-murruak ikus daitezke. Zati horrek, hain zuzen, habe bati eusten dio, zurezko friso mihiztatu ederra duela. Ataritik iristen da beheko solairuko hego-ekialdeko aldean dagoen sukaldera. Sukaldeak bi atal ditu. Gaur egun, su txikia du, baina antzina ganbara zuen. Ganbara horrek bi zati ditu, eta hormak ohol mihiztatukoak dira, forjazko iltzez josiak. Bi zati horiek, hain zuzen, oholerian egindako puntu erdiko arku-itxurako baoaren bidez lotzen dira.

Eraikinak Erdi Aroan du jatorria, eta XVI. mendearen lehen laurdenekoa da; habedun dolarea zuen. Geroago aldaketak izan zituen egituran. Dolarearen zati bat galdu zen, eta egun dituen itxura eta banaketa eman zitzaizkion.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]