Edukira joan

Urdd Gobaith Cymru

Wikipedia, Entziklopedia askea

Urdd Gobaith Cymru edota UGC (euskaraz Galesko Gaztediaren Liga, baita Galesko Itxaropenaren Liga izenez ere deitua) 1922an Galesen Ifan ab Owen Edwardsek sortutako elkartea da, 2006an 1.500 sail eta 50.000 kide zituen, eta gazteen artean galesera bultzarazten du, kanpalekuak nahiz Eisteddfod gaztea (maiz S4C telebista katean aireratua) eta kirol jarduerak (errugbia, igeriketa eta futbola) antolatzeaz ere arduratzen da. Bere burua Europako gazte elkarte handienetakotzat jotzen du. Bere logotipoa kolore orlegi (Gales), gorri (gazteak) eta zuriz (Jesukristo) osatutako hirukia da.

Bere kideak adinaren arabera hiru taldetan banatzen dira: leheen hezkuntzakoak (11 urtetatik behera), bigarren hezkuntzakoak (11-16 urte bitartean) eta ikasle eta langile gazteak, 16-25 urte artekoak. Urdd elkartea erreklutamendu eremu bakoitzeko tokian-tokiko taldeetan antolatzen da, galeserazko hezkuntza ikastetxeen arabera, hauek era berean eskualde eta konderrietan antolatzen direlarik.

1922an Cymru'r Plant (Galesko Haurrak) aldizkaria oinarritzat hartuz sortua izan zen. 1925an Galesko leku guztietara bere bake eta borondate onaren mezua igorri eta 1932an Llangrannog udalerrian bere lehenbiziko kanpalekua antolatu zuen. Gerora, 1950ean Galesko iparraldeko Llyn Tegid aintziraren ertzean dagoen Glan-llyn kokalekuan panpalekua antolatu zuen. 2004ean kanpalekua Cardiff hiriko Wales Millennium Centre eraikinean burutu zuen.

1939an Aberystwyth udalerriko guraso talde batek bertan soilik galeserazko ikastetxea ezartzeko Urdd elkartearen ekimena babestu zuen, ikastetxe hau Ysgol Gymraeg Urdd Gobaith Cymru (Galesko Gaztediaren Ligaren Galeserazko Eskola) deitu zen, hasiera batean zazpi ikasle zituelarik. Lehenbiziko Ysgol Gymraeg edo Galeserazko Eskola izan zen, bertan ia ikasgai guztiak galeseraz irakasten ziren (matematika eta natura zientziak salbu).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]