Vegetarian Operazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Gruinard uhartea, Eskozian. Bertan egin ziren operazioa martxan jartzeko behar ziren probak

Vegetarian Operazioa (ingelesez: Operation Vegetarian; beranduago Aladdin Operazioa deitu zen[1]) Bigarren Mundu Gerran Britainia Handiak garatu zuen operazio militar bat izan zen. Bere helburua Alemaniako larretan antrax esporak zituzten lihozko pastelak masiboki hedatzea zen. Pastel hauek etxabereek jango zituzten eta, ondoren, animalia hauek zibilek jango lituzkete, milioika alemaniarren heriotza lortuz. Are eta gehiago, jaten ez ziren animalien heriotza ere ekarriko luke, infekziorik jazoko ez zuen biztanleriaren artean janari eskasia eta gosetea eraginez[2]. 1942an hasi zen operazioa eta 1944an prestakuntza guztiak amaitu ziren. Inoiz ez zen martxan jarri, baina prest egon zen Alemaniak Erresuma Batua antraxarekin erasotuko balu ekiteko[3].

Operazioaren arduraduna Paul Fildes biologoa izan zen. Bera Porton Downen zegoen, Salisburytik gertu[4]. 1940an jada biologia departamentu bat sortu zen bertan, gerra biologikoaren gaineko ikerketa egiteko. Hala ere 1942ra arte ez zieten baimenik eman ofizialki arma biologikoak garatzeko[1].

Frogak Gruinard uhartean egin ziren, Eskoziako kostaldetik gertu. Hasiera batean bonbekin esporak barreiatu zituzten, eta ardiak hiru egunetara hiltzen zirela neurtu zuten[5]. Ondoren saiakerak egin ziren opilekin. Emaitzak onak zirela ikusita, Fildesek bost milioi pastel eskatu zituen Londresen eta xaboi fabrika batean egin ziren. Hauek ontziratu eta Portonera eraman ziren. Bertan emakume talde batek antraxarekin infektatu zituzten, "opil fabrika" deitzen zen eremu batean[1]. Gerran erabili beharko balira, Avro Lancaster bonbarderoak erabiliko lirateke. Fildesen ustez nahikoa zen dozena batek opil bonbardaketa bakarra egitea Ipar Alemaniako landa eremu guztia kutsatzeko[1].

Alemanian barreiatu behar ziren bost milioi pastelak errustu ziren Bigarren Mundu Gerra bukatu eta gutxira, 1945an[6]. Antraxak sortu zuen kutsadura dela eta 1990ko apirilaren 24a arte ezin izan zen Gruinard uhartea bisitatu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d (Ingelesez)  Prasad, S. k (2009-01-01) Biological War Discovery Publishing House ISBN 9788183563857 . Noiz kontsultatua: 2017-04-24 .
  2. (Ingelesez)  Charles, Arthur (1998) «Porton Down's secret human guinea pigs» The Independent (The Independent) . Noiz kontsultatua: 2017-04-24 .
  3. (Ingelesez)  Lewis, Julian (1988-01-01) Changing Direction: British Military Planning for Post-War Strategic Defence, 1942-1947 Sherwood Press ISBN 9780907671190 . Noiz kontsultatua: 2017-04-24 .
  4.   Real History, Churchill, Anthrax, and Bio-Terror . Noiz kontsultatua: 2017-04-24 .
  5.   BBC News | SCOTLAND | Britain's 'Anthrax Island' . Noiz kontsultatua: 2017-04-24 .
  6.   Anthrax, an old scare Washington Post .