Xaboi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Xaboi bat, aparrarekin
Xaboi apaingarrien bilduma, sarritan hoteletan aurkitzen dena bezalakoa.

Xaboia garbitzeko eta koipea kentzeko urarekin nahastuta erabiltzen den produktua da[1]. Kimikoki, xaboiak gantz azidoen gatzak dira, alkali bat gantz batekin konbinatzean lortzen dena[1]. Garbiketa eta ikuzketarako surfaktante modura erabiltzen dira normalean, baita ehunak bihurritzeko ere, eta lubrifikatzaileen osagai garrantzitsua dira.

Ikuzketarako xaboiak fabrikatzeko, landare edo animalia jatorriko olioak eta gantzak oso alkalinoak diren disoluzioekin tratatzen dira. Gantzak triglizeridoz (glizerol molekula bati lotutako hiru gantz azido molekulez osatutako elementuez) osaturik daude. Disoluzio alkalinoak, (alegia, lixibak) saponifikazio deritzon erreakzio kimikoa eragiten du. Prozesu horretan, triglizeridoen hiru gantz azidoak askatzen dira eta gero alkaliarekin konbinatzen dira, xaboi gordina sortuz. Glizerola askatu egiten da eta xaboiaren azpiproduktu gisa uzten da xaboian bertan, edo garbitu eta berreskuratu egiten da beste erabilera batzuetarako.

Xaboiak koipe lubrifikatzaile askoren osagai nagusiak dira. Lubrifikatzaile horiek kaltzio xaboiz edo litio xaboiz eta olio mineralez osaturik egon ohi dira. Beste xaboi metaliko batzuk ere erabiltzen dira, esaterako aluminioa, sodioa edo horien nahastea dutenak. Xaboien funtzioa lubrifikatzaileen biskositatea handitzea da.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xaboi da euskara batuan erabiltzekoa[1]. Historian zehar, hainbat aldaera erabili izan dira xaboi aldaeraz gain, hala nola jaboi, jaboe, xabon, jabon, xabo, xaboa, xabu, xaun, txaboe, txaboi, saboi, saboa, jaboa, sabona, sagona, salboina[2].

Terminook erromentzezko savon/jabon edo latinezko saponem hitzan dute jatorria (irakur sāpōnem), sapo, saponis hitzaren akusatibo singularra, lehen aldiz Pliniok erabilia esanahi hinekin: “bilgor eta errauts nahasketa, galiarrek erabilia ilea gorritzeko”. Latinezko sapo hitza mail un emprunt au germanique *saipôn- “xaboi” germanieratiko mailegua da, ikus antzinako goi alemanierazko seifa, seipfa « xaboi » > alemanezko Seife « xaboi » eta anglo-saxonierazko sāpe > ingelesezko soap « xaboi »[3][4].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dago argi nortzuk izan ziren xaboia asmatzen lehenak [5]. Xaboi-antzeko gaien ekoizpenaren froga zaharrena K.a. 2800 ingurukoa da, Antzinako Babilonian [6]. Ekoizpen formula bat ageri da K.a. 2500eko sumeriar buztinezko taulatxo batean, non xaboia egiteko olioa eta egur errauts nahasketa berotzen zen. Historia osoan idatzitako lehen erreakzio kimikoa da, eta artilezko arropa garbitzeko erabiltzen zen [7]. Ebers papiroak (Antzinako Egipto, K.a. 1550) adierazten duenez, egiptoarrek [8] xaboia zerabilten sendagai gisa, eta gantzak edo landare-olioak erabiltzen zituzten, trona izeneko sodio karbonatozko gaiarekin konbinatuta, xaboiak ekoizteko [7].

Antzinako Txinan xaboiaren antzeko garbigai bat egiten zen Gleditsia sinensis-en haziekin[9]. Beste garbigai tradizional bat txerri-pankreaz eta landare-errautsez eginiko nahasketa zen, zhuyizi izenekoa (txineraz 猪胰子, pinyin zhūyízǐ). Benetako xaboia, gantzez egina, ez zen Txinan agertu aro modernoa arte eta, oro har, garbigaiak ez ziren ukenduak eta kremak bezain ezagunak.

Latinezko sapo hitza (xaboi) ziurrenik hizkuntza germaniko goiztiar batetik hartu zen maileguan, eta sebum (sebo) hitzaren jatorri etimologiko bera du. Lehen aldiz Plinio Zaharraren kontakizunean agertzen da, Historia Naturalis delakoak, zeinak gantz eta errautsetatik abiatuta xaboia fabrikatzeari buruz hitz egiten duen. Erromatarrek xaboi latzak ez zituzten maiz erabiltzen, galiarrek zerabilten xaboi leunenak aurkitu aurretik K.a. 58 inguruan. Ordu arte, gorputza garbitzeko erromatarren metodorik gogokoena larruazala olioz igurztea zen, eta gero olioa zein zikinkeria estrigil batekin karrakatzea [10]. Galenok, II. mendeko medikuak, xaboi lixibadunaren fabrikazioa deskribatzen du eta garbiketa agintzen du gorputzaren eta arroparen zikinkeriak ezabatzeko. Garai hartan, norberaren garbitasunerako xaboia gero eta ohikoagoa bihurtu zen. Galenoren arabera, xaboi onenak germaniarrak ziren eta galiar xaboiak bigarren onenak. Zosimo Panopoliskoak, 300. urte inguruan, xaboia eta xaboiaren fabrikazioa deskribatu zituen[11].

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoliko xaboihileka gremio bat osatzen zuten VI. mendearen amaieran (orduan Ekialdeko Erromatar Inperioaren kontrolpean) eta VIII. mendean Italian eta Espainian oso garatua zen xaboigintza [12].

Islamiar Urrezko Aroan, usain atsegineko xaboi gogorraren ekoizpena benetako industria bihurtu zen Ekialde Hurbilean. Muhammad ibn Zakariya al-Razi-k (865-925 inguru) xaboia egiteko errezetak deskribatu zituen, horien artean glizerina ekoizteko bat oliba-oliotik abiatuta. Ekialde Hurbilean, olioa edo gantza alkaliekin nahastuta ekoizten zen xaboia. Xaboia Siriatik mundu musulmaneko beste leku batzuetara esportatzen zen, baita Europara ere[13]. XIII. menderako, islamiar munduan xaboiaren ekoizpena industrializatua zegoen, batez ere Nablus, Fez, Damasko eta Alepon [14].

Europan, IX. mendean, animalia-gantzekin egiten zen xaboia, eta usain desatsegina zuen. Hori aldatu egin zen oliba-olioa erabiltzen hasi zenean eta, horren ondoren, Europako xaboi-ekoizpenaren zati handi bat olibondoen ekoizpen eskualdetara lekualdatu zen, hots, mediterraneora[15]. Arabiar jatorriko higiene-xaboia ere Europan zehar barreiatu zen, eta pixkanaka luxuzko artikulu gisa zabaldu zen, maiz lurrindua zegoena [15]. XV. mendean, xaboiaren fabrikazioa ia industrializatu egin zen, gehien bat Anberes, Gaztela, Marseilla, Napoli eta Veneziako eskualdeetan.

Aro modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzian, XV. mendearen bigarren erdian, xaboiaren ekoizpen profesional erdi-industrializatua Proventzako gune gutxi batzuetan biltzen zen (Toulon, Hyères eta Marseilla), eta horiek Frantzia osoa hornitzen zuten [16].

Geroago, XVI. mendetik aurrera, xaboi finagoak orokortu ziren Europan, landare-olioak erabiliz, animalia-gantzen ordez. Xaboi horietako asko industrialki nahiz eskala txikiko artisauek ekoizten dituzte oraindik. Gaztelako xaboia Italiako "xaboi zuri" zaharrenetik eratorritako landare-xaboien adibide ezaguna da. Gaztelako Erresuman, batera irekitzen ziren oliba-olioa eta barrilla errautsa, hainbat belar gazizalearen errauts alkalinoa (Suaeda maritima, kali belarra, salikornia etab.); ondoren, gatzuna eransten zitzaion irakiten zegoen likidoari, xaboia azalera atera zedin, zikinkerietatik eta lixiba kaustikotik bereiziz. Horrela ekoizten zen kalitate handiko xaboi zuria, farmazialarien artean Sapo hispaniensis edo Sapo castilliensis izenekoa ezaguna.

Industrialki fabrikatutako barra-xaboiak XVIII. mendearen amaieran eskuragarri bihurtu ziren. Europan eta Amerikan publizitate-kanpainek garbitasunaren eta osasunaren arteko harremanarenn garrantzia zabaldu zuten herri-kontzientzian, higieneren kontzeptua orokortuz.

XIX. mendetik gaurdaino[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1789an Nicolas Leblanc kimikari frantsesak (1742 - 1803) aurkitu zuen nola lortu kalitate oneko soda gatz arruntetik, harrezkero prezio merkean eta kantitate handietan eskuragarri izango zena. Leblanc-en prozedura 1870era arte egongo da erabiltzen, Solvay prozesuak ordeztu zuena, eta oraindik ere erabiltzen dena. 1823an, Michel Eugène Chevreul kimikari frantsesak Recherches chimiques sur les corps gras d’origine animale argitaratu zuen, non saponifikazio erreakzioa azaltzen zuen.

Ezagutza berri horiek bidea erraztu zuen xaboia eskala handiagoan eta merke ekoizteko. Hori dela eta, XIX. mendearen erdialdean hobekuntza orokorra gertatu zen higiene pertsonalan, eta bainatzeko ohitura orokortu egin zen.

XX. mendearen hasieran lehen detergente sintetikoak agertu ziren, xaboia guztiz ordezkatzeko asmoarekin. Garbigai berrien ikerketa sustatzeko, eragin handi izan zuen Mundu Gerretan izandako olio eta gantz eskasiak. Guztiz sintetikoa zen tentsioaktibo baten lehen patentea Alemanian aurkeztu zen 1917an [17]. Garbitzeko lehen produktu sintetikoa 1946an agertu zen Estatu Batuetan.

Hortik abiatuta, gaur egun ezagutzen ditugun produktu guztiak garatu dira, erabilera bakoitzerako bereiziak eta espezifikoak (batzuk mikrobioen aurkako agente erantsiak dituztenak, hala nola triklokarbana), denbora pasa ahala sortzen diren kutsadura- edo toxikotasun-arazoak tratatuz.

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lagarto xaboia

1860an, Juan Lizariturrik "J. Lizariturry y Compañía" enpresa sortu eta Donostian produktu kimikoen fabrika bat eraiki zuen, "La Providencia" izenekoa. Lau urte geroago, Jose Antonio Rezolak bat egin eta enpresa "Lizariturry y Rezola" bihurtu zen, harrezkero bere izena izango zena.[18] 1863an Bilbon antzekoa zen "Chimbo" marka sortu zuten.[19] [19] Marka biek arropa-garbitokien inguruan ohikoa zen animalia baten izena hartu zuten: batek Lagarto (muskerra), eta besteak Chimbo (txinboa).

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xaboi mota ugari daude, eta hainbat konbinazio dituzte: trinkotasuna, usaina, itxura, kolorea, testura, propietate garbitzaileak edo terapeutikoak. Xaboi mota ezagunenetako batzuk hauek dira:

Xaboigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xaboia den sodio estearatoaren egitura kimikoaren bi irudi baliokide.

Gantz-azido batek (gehienetan azido palmitikoa, estearikoa eta oleikoa) eta alkali batek erreakzionatzean sortzen den gatza da xaboia, uretan urtzen dena. Xaboi arrunta animalia edo landare olio-gantzak sodio hidroxidoaz (NaOH) edo potasio hidroxidoaz (KOH) irakinez lortzen da, hidrolisiaz alegia. Hidrolisia amaitzen denean, NaCl, sodio kloruroa, gehituz prezipitatzen da. Gero lurrinak eta bestelako gehigarriak erantsi eta forma ematen zaio. Animalia eta landare olio-gantzak batik bat azido horien ester glizeridoak dira. Sodioaren ordez potasioa erabiliz xaboi biguna lortzen da. Hedaduraz, beste metal batzuek, kaltzioak, magnesioak, berunak, kobaltoak eta litioak, besteak beste, gantz-azidoekin eratzen dituzten gatzei ere, xaboi izena ematen zaie. Konposatu horiek ez dira uretan urtzen, eta beste erabilera batzuk izaten dituzte; ezagunenetakoa napalm-a da, aluminio xaboia (Al(OH)R2) alegia, gasolina gel bihurtzeko eta su egiteko erabiltzen dena.

Egin beharreko xaboi mota aukeratzeko, beharren eta osagaien eskuragarritasunaren araberakoa da, baina baita erabiltzailearen araberakoa ere[20]. Erabilitako gantzek edo glizerol triesterrek, oro har, zortzi eta hemeretzi karbono atomo arteko kate alifatikoak izaten dituzte, hidrogenazioaren ondoren.

Erabilitako koipeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo taulan ageri dira xaboiak egiteko gehien erabiltzen diren koipe motak:

Koipea
(olioa edo gantza)
Koipearen
INCI izena
Lortutako xaboiaren
INCI izena
Gantz-azido nagusia
Bilgorra (Idi-gantza) Adeps Bovis Sodium Tallowate
(Sodio tallowatoa)
Azido cis-9-oktadezenoikoa
Txerri-gantza Adeps Suillus Sodium Lardate Azido cis-9-oktadezenoikoa
Kakahuete olioa Arachis hypogaea Sodium Peanutate Azido cis-9-oktadezenoikoa
Oliba olioa Olea europaea Sodium Olivate Azido cis-9-oktadezenoikoa
Koko olioa Cocos nucifera Sodium Cocoate Azido dodekanoikoa
Palma olioa Elaeis guineensis Sodium Palmate Azido hexadekanoikoa
Palmista olioa Elaeis guineensis Sodium Palm Kernelate
Ereinotz olioa Laurus nobilis Sodium laurate

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c «Xaboi». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2022-07-23)
  2. Xaboi Orotariko Euskal Hiztegian, Euskaltzaindia (noiz kontsultatua: 2022-09-19)
  3. (Frantsesez)Savon, CNRTL.
  4. (Frantsesez)Dictionnaire historique de la langue française, 3. liburukia, éditions Dictionnaire Le Robert, 2012, 3246a or.
  5. (Ingelesez) Derry, Thomas Kingston; Williams, Trevor Illtyd. (1960-01-01). A Short History of Technology: From the Earliest Times to A. D. 1900. Courier Corporation, 265 or..
  6. (Ingelesez) Willcox, Michael. (2000). «Soap» Poucher's Perfumes, Cosmetics and Soaps. Hilda Butler, 453 or. ISBN 978-0-7514-0479-1. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2016-08-20)
    Aipua: «The earliest recorded evidence of the production of soap-like materials dates back to around 2800 BCE in ancient Babylon.»
    .
  7. a b (Ingelesez) [Xaboi, 1. orr, Google Booksen Surfactants in Consumer Products. ] Springer-Verlag 2012, 1–2 or. ISBN 9783642715457..
  8. Joana Mendiburu. (2002/08/18). «Zerekin garbitzen zara egunero?» Zientzia.eus (Elhuyar).
  9. (Ingelesez) Jones, Geoffrey. (2010). Beauty Imagined: A History of the Global Beauty Industry. Oxford University Press ISBN 978-0-19-160961-9. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2016-05-07).
  10. (Ingelesez) De Puma, Richard. «A Third-Century B.C.E. Etruscan Tomb Group from Bolsena in the Metropolitan Museum of Art.» American Journal of Archaeology.
  11. (Ingelesez) Partington, James Riddick; Hall, Bert S. (1999). A History of Greek Fire and Gun Powder. JHU Press, 307 or. ISBN 978-0-8018-5954-0..
  12. (Ingelesez)Ahmad Y. al-Hassan (2001), Science and Technology in Islam: Technology and applied sciences, 73-74 or., UNESCO
  13. Phillips, Michael. (2008-3-14). Nablus' olive oil soap: a Palestinian tradition lives on. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2008-07-20).
  14. a b (Ingelesez) A History of Technology, Volume 2. Charles Springer, 355-356 or. ISBN 9780198581062..
  15. (Ingelesez) Nef, John U.. «A Comparison of Industrial Growth in France and England from 1540 to 1640: III» The Journal of Political Economy 44 (5): 643–666 (660ff.). doi:10.1086/254976..
  16. (Italieraz) Nicoletta Nicolini. Saponi e detergenti. .
  17. ABC. Una de las industrias de más solera de San Sebastián cumple los cien años (Gaztelaniaz)
  18. a b «Jabón Chimbo, Jabón tradicional puro, desde 1863» www.jabonchimbo.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-29).
  19. (pdf) Technique améliorée de fabrication artisanale de savons et de détergents. ISF Kamerun eta CTA ISBN 978-92-9081-551-8..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]