Westhoek

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Belgika eta Frantziaren arteko muga linguistikoa

Westhoek (Vest'huk ahoskatuta), mendebaldeko izkina nederlanderaz, Frantziako ipar-mendebaldean dagoen lurraldea da, jatorrizko hizkuntza nederlandera duena. Nord departamenduan dago, Nord-Pas-de-Calais eskualdean. Flandriaren zati historikoa da, Frantziak XVII. mendean bereganatu zuena. Dunkerque (Duin, duna eta kerke, eliza) da hiri nagusia.

Zentzu zabalean, Westhoek Flandriako eskualde bat da, Frantzia eta Belgikako lurraldeak hartzen dituena (mugaz gaindiko eskualdea). Artikulu honetan Frantziako lurretan dagoen eta flandestar kultura duen lurraldeaz bakarrik jardungo dugu.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belgikako Flandriarekin egiten du muga iparraldetik, eta Lys eta Aa ibaiekin ekialde eta hegoaldetik, hurrenez hurren. 1900 km karratuetako azalera du, eta 350.000 biztanle inguru. Dunkerque (91.000 biztanle) eta Hazebrouck (20.000 biztanle) dira hiri nagusiak.

Paisaia guztiz laua da, eta mendixkarik altuena ez da 200 metroetara iristen.

Hizkuntza eta kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde horren biztanleriaren %18 inguruk (60.000 lagun) oraindik ere flandrieraz hitz egiten du. [1] Hala ere, hiztun gehienak oso zaharrak dira (1984an egindako inkesta baten arabera, aiton-amonen %38ak flandrieraz hitz egiten du, baina gurasoen %25ak eta gazteen %2ak besterik ez) [2]. Hizkuntza horren hiztun-kopurua asko jaitsi da azken ehun urteetan: 1930ean herritarren %60 hizkuntza horretan hitz egiten baitzuen.

Belgikako flamenkoek aspalditik batu zuten haien hizkuntza idatzia nederlanderarekin. Frantziako flamenkoek, aldiz, haien dialektoari eutsi zioten eta ez zuten flandriera batua garatu. Dialektismo horren ondorioz Westhoeken biztanle gehienak ez dira inoiz jatorrizko hizkuntzan alfabetatu, eta horrek iparraldeko etniakideengandik aldendu ditu.

1882an agintari frantziarrek frantsesa ez den hizkuntza oro eskolan debekatu zutenetik, flandesera urte askotan desagertu zen irakaskuntzatik. XX. mendeko 90eko hamarkadan flandesera hasi zen Westhoekeko eskoletan sartzen, ikasgai gisa eta zenbait eskoletan bakarrik. 2003an aukerako ikasgai gisa 18 ikastetxeetan irakasten zen bertako hizkuntza (12 ikastetxe publikotan eta 6 ikastetxe pribatutan) Tegaere Toegaen elkarteak bultzatu zuen hizkuntzaren aldeko borroka hezkuntza mailan. Urte hartan 1.200 ikasle inguru zeuden Westhoeken nederlandera ikasten, ikasle guztien %4, alegia. Horietatik 700 inguru eskoletan eta 500 kolegioetan. [3]

Komitee Voor Frans-Vlaanderen (KFV, Frantses Flandriarren Batzordea) erakundeak flandestar kulturaren aldeko ekitaldiak antolatzen ditu eskualdean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Egalitérik ez eskolan J. Albero ARGIA aldizkariaren 1882 zenbakian (2003-10-12an)
  2. Le flamand en France Research Centre of Multilingualism. Euromosaic
  3. Egalitérik ez eskolan J. Albero ARGIA aldizkariaren 1882 zenbakian (2003-10-12an)