Wojtek
Wojtek (1942-1963) Poloniako armadak Bigarren Mundu Gerran erabili zuen hartz arre bat izan zen. Sarjento gradua eskuratu zuen[1].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errusiarrek 1939an Polonia okupatu zutenean milaka soldadu poloniar Sobietar Batasuneko presondegietara eraman zituzten. 1941eko ekainaren 22an alemaniarrek erasoa jo zutenean Mosku eta atzerriko Poloniako gobernuaren artean soldadu guztiak libre uzteko ituna sinatu zuten. Horrela, Asia Erdialdeko estepa zabaletan 40.000 soldadu eta 26.000 zibil bertan behera utzi zituzten eta negua bertan iragan behar izan zuten -50 °C arteko tenperaturak jasanez. Udaberrian bizirik mantendu zirenei baimena eman zien Stalinek hegoaldera jo eta Kaspiar itsasoa zeharkatuz Iranera iristeko.
Iranen britainiarrek hartu zituzten. Atseden hartu eta osasunez errekuperatu ondoren mendebalderako bideari ekin zioten. Iran eta Irak arteko mendietan zeudela haur batek jatekoa eskatu zien. Haren alboan hartz kume bat zegoela ikusi zuten. Ehiztari batzuek ama hil zioten eta hartzkumea egoera oso eskasean zegoen. Soldaduek esne pixka bat eman zioten eta Piotr Maćkowiak soldaduak berarekin eraman zuen. Wojtek izena ezarri zioten, Polonian ohikoa den izena, "Wojciech" izenaren diminutiboa da eta "gerlari alaia" esan nahi du[2]. Garagardoa zuen edari gustukoena, kafea edaten zuen eta zigarroak erre edo jan ere egiten zituen. Hotz egiten zuen gauetan gainerako soldaduekin batera egiten zuen lo[3].
Montecassinoko borroka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1944an Poloniako armada Italiara deitua izan zen. Aliatuak Montecassinoko abadia eskuratu nahian zebiltzan baina ez zuten alemaniarrak garaitzerik lortzen. Poloniarrak Egiptoko Alexandria hiriko itsas-portura iritsi ziren itsasontzia hartu eta borrokara joateko asmotan, baina britainiarrek ez zieten uzten animaliarik itsasontzian sartzen. Poloniarrek orduan soldadu bat balitz bezala armadan inskribatu zuten. Poloniarren artilleriako 22. konpainiaren barnean sartu zuten beraz. Beharrezko dokumentazio guztia egin eta britainiarrek onartu egin zuten.
Montecassinon poloniarrek bat egin zuten beste hainbat nazionalitatetako soldaduekin. Wojtekek ordurako 91 kg pisatzen zituen eta bizkarrean munizio kutxak jarri zizkioten munizioak alde batetik bestera eraman zitzan[4]. Wojtekek garraiatzen zituen kutxak mugitzeko lau gizon behar ziren eta horretaz gain ez zuten leherketek izutzen. Tropa guztien artean famatua bihurtu zen. Montecassinoko abadia eskuratu zutenean poloniarren bandera ezarri zuten bertan.
Gerraren ondoren
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren Mundu Gerra amaitzean soldadu poloniarrak Erresuma Batura joan ziren eta Wojtek ere haiekin eraman zuten. Glasgowera iritsi zirenean heroi gisa hartu zituzten. Wojtek zen noski desfile militarrean ikusle guztien gustukoena. Edinburgheko zoologikoan sartu zuten eta urte askotan zehar "hartz soldadua" ezizenaz oso famatua izan zen. 1963an hil zen 22 urte zituela.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Polonieraz) «Pomnik legendarnego niedźwiedzia Wojtka stanął w Krakowie» www.tvp.info (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).
- ↑ Campbell, Mike. «Meaning, origin and history of the name Wojciech» Behind the Name (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).
- ↑ (Ingelesez) «What's On | Edinburgh News» www.edinburghnews.scotsman.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).
- ↑ a b (Ingelesez) «Outlook - The soldier bear who went to war - BBC Sounds» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).