Zementu
Zementua (edo, batzuetan, porlana, Portland ingeles uharteko zementu mota dela-eta) eraikuntzan erabiltzen den loki edo aglutinatzaile bat da. Sedimentologian, diagenesian zehar hauspeatutako kristalei deitzen zaie zementu, eta tamaina handiagoko partikulen artean kokatzen da.
Oro har, berez gogortzen den eta horrela material askeak lotzen dituen substantzia gisa ulertzen da. “Zementu” hitzaren jatorria Antzinako Erroman dago: opus caementicium izena erabiltzen zuten arroka hautsiz eta loki gisa erretako karez egindako hargin-lana izendatzeko. Erretako kareak aglutinatzaile hidrauliko modura funtziona zezan eransten zitzaizkion errauts bolkaniko eta adreilu xehatuei cementum edo cimentum deitu zitzaion.
Antzinako Erromaren arkitekturako aurrerapen garrantzitsuenetako bat izanagatik eta erruz erabiliagatik, teknika galdu egin zen hurrengo mendeetan. Zementua XIX. mende erdialdera deskubritu zen atzera Portland zementu formaz (1824an patentatua), eta luze gabe eraikinak egiteko erabiltzen hasi zen.
Eraikuntzan erabilitako zementua hidraulikoa edo ez-hidraulikoa izan daiteke. Zementu hidraulikoek (esaterako Portland zementuak) “lehortzea” behar ez duten erreakzio kimikoak gertatzen direlako gogortzen dira. Ur azpian edo hezetasunaren mende egon arren ere gogor daitezke. Zementu lehorra urarekin nahasten denean gertatzen diren erreakzio kimiko hauek uretan disolbatzen ez diren hidratoak sortzen dituzte. Zementu ez-hidraulikoak, berriz, lehortu egin behar dira sendotasuna lortzeko.
Zementuaren erabilera nagusia kareorea edo hormigoia ekoiztea da, eta horrekin, agregakin artifizialak lotuz, ingurunearen eragin normalen aurrean iraunkorrak diren eraikuntzako material gogorrak sortzea.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |