Zeramika erromatarra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Terra Sigilata Hispanikoko ontzia, Cástulon aurkitua ( k.o. I. mendea), Madril
Isaacen sakrifizioa irudikatzen duen platera. K.o. IV mendea.

Zeramika edo buztingintza erromatarra hainbat jatorritako produkzioen, kategoria teknikoen eta merkaturatze- edo hedapen-eremuen multzoa da. Eskaintza oso hurbileko eskulangile anonimoen fruitu diren tokiko produkzioak, tokiko tradizioaren teknikekin eta formekin egindakoak aurkituko ditugu, eta, aldi barean, eragin helenistikoak eta ekialdekoak dituzten luxuzko baxera sofistikatuak, beren produktuak sinatu eta Erromako inperioko txokoetara zabaltzen dituzten tailer oso espezializatuen ekoizpenak. Fenomeno horrek espazio kronologiko zabala hartzen du. Garai errepublikanotik hasi zen, Atikako eta etruskoen zeramikako oinordeko zuzenak den Campaniako zeramikarekin, K.a. IV. mendekoa[1]. Inperioaren amaierara arte beste zeramika mota batzuk garrantzitsuak izan ziren eta antzinaro berantiarrean zehar tradizio batzuek iraun zuen Erdi Arora hasi arte; hau da,1.000 urte baino gehiagoko historia luzea.

Mende horietan aniztasun funtzional eta formala itzela izan zen, noski: mahai, sukalde eta despentsako zeramika arruntak, biltegiratze (dolia) eta garraiorakoak (anforak), argiztatzekoak (lucernak), oroitzapenezkoak, apain-mahaiko objektuak, baxera finak eta luxuzkoak (sigillata terra,), betek beste. Ezin da ahaztu, bestetik, eraikuntzako material zeramiko ugari erabili zirela, hala nola adreiluak eta teilak.

Aniztasun tekniko, formal, funtzional, geografiko eta kronologiko horrekin batera, dekorazio-aniztasun zabala garatu zen eta garai hartan ezagutzen diren ia teknika guztiak erabili ziren: pintura, dekorazio ebakiduna[oh 1], dekorazio eszisioduna[oh 2], dekorazio leundua[oh 3], zigilatzea edo presio bidez estanpatze[oh 4], burila erabiliz egiten dena, barbotina bidezkoa (erliebe aplikatua) eta, guztien artean agian zabalduena, moldekatzea[oh 5]. Moldekatzeak bera, Historiako lehen masa-produkzioa sortu zen, terra sigillata hain zuzen. Produktu horietako batzuk perfekzio-maila altuetara iritzi ziren, eta gaur egun benetako artelantzat hartzen dira.

Sortu zenetik hil zen arte, biztanle erromatar bakoitzak mota guztietako zeramikak behar zituen eguneroko bizitzako jarduera guztietarako, zuzenean edo zeharka. Beraz, zeramikak eguneroko bizitzan nonahi agertzen zen. Hain merkatu zabalak eskari izugarria eta etengabea ekarri zuen, eta buztingintza izan zen garai hartako manufaktura-industria handiena. Erromatarren legioek ere beren lantegiak zituzten, eta horrek ere ekoizpen militarren aniztasun handia ekarri zuen.

Aniztasun eta ugaritasun hori ikerketa-erronka handia da arkeologoentzat eta historialarientzat, eta, aldi berean, zeramika piezak balio bereziko tresna dira aztarnategiak datatzeko, aldi eta leku bakoitzeko korronte komertzialak aztertzeko eta, are, Erromarekin harremana izan zuten inperiotik kanpo zeuden herrien artean Erromak izan eragina aztertzeko.

Zeramika erromatar motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Kampaniako zeramika
  • Erliebedun zeramika italo-greziarra edo megariarra
  • Ponpeiako engobe gorriko zeramika
  • Terra Sigillata
    • Italiarra (TSI)
    • Galiarra (TSG)
      • Galia hegoaldekoa (ezagunena)
      • Galia erdigunekoa
      • Galia ekialdekoa
    • Galiar berantiarra
    • Hispanikoa (TSH)
    • Hispaniar berantiarra (TSHT)
    • Hispaniar distiratsua (TSHB)
    • Argia edo Afrikarra
      • Afrikarra A
      • Afrikarra A/D
      • Afrikarra C
      • Afrikarra D
      • Afrikarra E
    • Argia B eta Lucente
    • Sigillata Orienta
    • Bestelako sigillatak
  • Zeramika arrunta, sigillataren imitazioa
  • Zeramika korintoarra
  • Fozeako zeramika
  • Zeramika margotua
  • Horma finetako zeramika
  • Zeramika beiraztatua
  • Zeramika engobatua
  • Zeramika arrunta
  • Sukaldeko zeramika afrikarra
  • Apain-mahaiko zeramika
  • Biltegiratzeko eta garraiatzeko zeramikak
  • Lucerna edo kriseiluak
  • Eraikuntzako material zeramikoak

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Dekorazio ebakiduna, piezaren gainazala arinki ebakiz edo marratuz egiten den dekorazioa da; piezari ez zaio zatirik kentzen (ikus: Zeramika hiztegia. Gasteiz, 2016. Eusko Jaurlaritza). Buztina oraindik egosi gabe eta biguna dagoenean egiten dira ebakidurak.
  2. Dekorazio eszisioduna, piezari zatiren bat moztuz edo kenduz egiten den dekorazioa da. (ikus: Zeramika hiztegia. Gasteiz, 2016. Eusko Jaurlaritza).
  3. Piezak larruaren trinkotasuna duenean azal leuneko tresna batekin igurtziz distira ematean datzan dekorazio-mota.
  4. Tanpoi, matrize, trokel edo antzeko beste tresna batekin presioa eginez buztina dekoratzea.
  5. Pieza bati molde bat erabiliz forma ematean datzan prozesua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Pérez Ballester, José. (1986). «Las cerámicas de barniz negro. «Campaniense»: Estado de la Cuetión.» Boletín del Museo Arqueológico Nacional (Museo Arqueológico Nacional (MAN)) Tomo IV, n . O 1.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Beltrán Lloris, Miguel (1990). Guía de la cerámica romana, Zaragoza.
  • ZENBAITEN ARTEAN: Enciclopedia dell'arte antica classica e orientale. Atlante delle Forme Ceramiche II, Ceramica Fine Romana nel Bacino Mediterraneo (Tardo Ellenismo e Primo Impero). Erroma, 1985.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]