Zhuangzi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Zhuangzi.

Zhuangzi (txinera tradizionala: 莊子; txinera sinplifikatua: 庄子; pinyina: Zhuāngzǐ; Wade-Giles sistema: Chuang Tzu edo Chuang Tse; itzulpena: «Zhuang maisua») K.a. IV. mendeko txinatar filosofo bat izan zen. Erresuma borrokalarien garaian bizi izan zen. Song erresuman jaio zen, eta gutxi gorabehera K.a. 369 eta K.a. 290 bitartean bizi izan zen.

Laoziren ondoren, taoismoaren filosoforik garrantzitsuena izan zen, eta haren pentsamenduaren jarraitzailea izan zen.

Zhuangzi Meng herrikoa zen, Song estatukoa (gaur egun, Shāngqiū 商邱, Henan). Haren bataio-izena 周 Zhōu zen. Beste izendapen hauek ere baditu: 蒙吏, Méng ofiziala, 蒙莊 Méng Zhuāng eta 蒙叟 Méng zaharra.

Taoismoaren Zhuangzi (莊子) liburuak egilearen izen bera du. 742. urteaz geroztik, Xuanzong enperadoreak testu taoistetarako ohorezko tituluak eman zituenetik, baderitzo Nan hua zhen jing ((南華真經) ere, hau da, Hegoaldearen (kultura-)loratzearen benetako klasikoa.

Jatorri bat baino gehiagoko idazkiz osatuta dago liburua. Tradizioaren arabera, Zhuangzik idatzi zituen lehen zazpi kapituluak (barne-kapituluak), eta gainerakoak haren ikasle eta jarraitzaileek idatzi zituzten. Barne-kapituluek koherentzia kontzeptual eta gramatikal handia dute, eta uste izatekoa da pertsona berak idatziak direla, benetako egilea Zhuangzi izan zen ala ez jakiteko modurik ez badago ere. Txinako tradizioak taoistatzat jotzen badu ere, oso gutxi idatzi zuen Taoari buruz.

Zhuangziren filosofia antinomianista da: bizitza mugatua da, eta jakin beharrekoak mugagabeak dira. Horregatik, berak esaten zuen ergelkeria dela mugatua erabiltzea mugagabea bilatzeko. Gure hizkuntza, gure jakintza eta abar gure ikuspegiak mugatzen ditu, eta, ondorioz, kontuz ibili behar dugu, eta ez dugu pentsatu behar gure konklusioek gauza guztietarako balio dutenik. Balio-sistemen erlatibotasunaren eta multikulturalismoaren aitzindaritzat har daiteke. Honela idatzi zuen:

Mao Qiang eta Li Ji [gorteko bi emakume eder) edertasuna irudikatzen dute jendearentzat; hala ere, arrainek, ikusten badituzte, ur sakonetara jotzen dute; hegaztiek, ikusten badituzte, hegan alde egiten dute; oreinek, ikusten badituzte, korrika alde egiten dute. Lau horietatik, zeinek daki munduan zer den benetan ederra?

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zhuangzi Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]