Ziberjazarpen

Wikipedia, Entziklopedia askea
  • Eskola Jazarpena - HAUR ETA NERABEEN ARRETARAKO TELEFONOA – ZEUK ESAN – 116111 (Eusko Jaurlaritza)


Ziberjazarpena edo jazarpen zibernetikoa (ingelesez: cyberbullying) komunikabide digitalen bidez eginiko jazarpena da. Eraso pertsonalak egitean edo informazio pertsonala hedatzean datza. Jazarpen honek egonezina edota larritasun emozionala eragin nahi du, eta jazarleari delitu penala egoztea ekar dezake.

Sare sozialak oso ohikoak dira gaur egungo gizartean. Hauek lagunak egiteko eta sozializatzeko erabilgarriak izan daitezke, baina, bestalde, arazo bat izan daitezke, esaterako ziberjazarpena. Gainera, sare sozialen munduan hainbat kasu existitzen dira, batez ere gazteetan edo umeetan. Datuen arabera, sei urteetako umeen %42a sare sozialen batean dago, nahiz eta 14 urte baino gazteentzako debekatuta dagoen.

Jazarpen motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jazarpen zibernetikoak hainbat motatakoak izaten dira: jazarpen psikologikoa, eskola jazarpena, sexu jazarpena.

Ziberjazarpen erasoetako parte hartzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ziberjazarpenean lau pertsona motek hartzen dute parte: erasotzaile jokabidea daukan pertsona, laguntzailea, biktima eta lekukoa.

  • Erasotzailea: erasotzailea gaitasun posizioan dago, jazarpena anonimatuan egiten duelako, eta horregatik, haren gain ondoriorik egongo ez direla pentsatzen du. Jazarpena egiteko zergatia gehienetan gorrotoa, inbidia, maitasun obsesioa edo mendekua da.
  • Laguntzailea: asmo txarrez edo arduragabekeriagatik, jokabide erasotzailea indartzen dute. Sasizko informazioa birbidaltzen eta.
  • Biktima: biktima babesgabea sentitzen da, jazarpena jasotzen duela esateko ausardia gabe.
  • Lekukoa: batzuetan, inguruko pertsonek ez dira konturatzen benetako jazarpena dela. Hala ere, konturatzen direnean, ez dute ezer esaten edo egiten. Ez dituzte arazoak izatea nahi, biktimak zerbait egin duela pentsatzen dute eta ez dute biktimarekin egotea nahi.

Ziberjazarpenaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jazarpen ezkutua egiteko modua da.
  • Salaketa faltsuak: Erasotzaile gehienek biktimaren erreputazioa hondatzen saiatzen dute salaketa faltsuen bidez.
  • Biktimaren informazioa biltzea: Erasotzaileek biktimaren lagunak edota familia zelatatzen dute informazioa lortzeko.
  • Ez da hurbiltasun fisikoa behar: ziberjazarpena jazarpen psikologikoa da, edozein momentuan eta lekuan egin daiteke, erasotzailea biktima ondoan egotea behar izan gabe.
  • Batzuetan erasotzaileak esaten du berak irainak jaso dituela biktimaren aldetik, eta horrela beste pertsonek erasotzailea animatzen dute.
  • Biktimizazio faltsua: erasotzaileak esaten du biktimak bera erasotzen duela.
  • Babesgabetasun legala. Nahiz eta sare sozial baten kontu bat itxi, beste bat ireki daiteke berehala.

Nagusiki, ziberjazarpenaren arrazoia Internetaren erabilpena da. Internetaren erabilpenaren masifikazio eta hedapenagatik, ziberjazarpena gertatu ahal da edozein gazte mugitzen den eremuan.

Ziberjazarpena egiteko gehien erabiltzen ziren kanalak AEBetan XXI. mendeko lehen hamarkadan.

Kontzientziazio kanpainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun hainbat kontzientziazio konpainia daude mundu osoan ziberjazarpenaren kontra. Espainian, irabazi-asmorik gabeko elkarte asko daude ziberjazarpenari aurre egiteko. Elkarte hauek biktimei aholkuak ematen dizkiete, herritar kontzientziazio kanpainak egiten dituzte baita modu anonimoan salaketak egiten dituzte ere. Elkarte horien artean hauek dira batzuk: Internet Segura For Kids[1], Oficina de Seguridad de Internauta[2], Protégeles[3], Pantallas Amigas[4], Fundación Alia2, Plataforma de infancia[5], Padres 2.0[6], Agencia de Calidad de Internet

Ziberjazarpenari aurre egiteko aholkuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Interneten seguruago ibiltzeko badira zaindu beharreko zenbait kontu:

  • Oso kontuz ibili behar da Interneten bidez partekatzen diren datu pertsonalekin: izena, telefonoa, helbidea, argazkiak, ikastetxea... Aholkua da horrelako datuak, benetakoak, ez ematea Internetaren bidez. Ez konfiantza handiko pertsonak ez direnei eta are gutxiago ezezagunei. Ezezagunek zuri buruz zenbat eta gutxiago jakin, hobeto.
  • Ondo pentsatu zer idatziko duzun txat edo euskarri pribatuetan, sare sozialetan-eta; izan ere,idatzitako hori zuri buruzko informazioa da eta zure kontra erabil dezake baten batek. Horrelako guneetan partekatzen duzun zure buruzko informazioa zure alde edo zure kontra erabil liteke etorkizunean.
  • Zenbait forotan hobe izengoitiak eta izen asmatuak erabiltzea.
  • Zaindu netiketa (Interneteko jokabide arauak, zelan agurtu, emotikonoak erabiltzea animo-egoerak adierazteko, maiuskulaz ez idaztea.).
  • Kontuan izan behar duzu foro handietan solaskideek beste kultura bat, beste ikuspuntu bat, oso testuinguru sozial desberdinekoak izan dezaketela. Testuinguru egokirik gabe, gure hitzak txarto interpreta daitezke. Gaizki ulertu bat sortuz gero, saia zaitez adeitasunez argitzen.
  • Ez elikatu trollak. Interneten badabiltza bere barrenak husteko gogoz bazterrak nahasten ibiltzen diren pertsona batzuk. Komunikazio hariak moztu, iraindu, netiketa arau guztiak hautsi, off-topic bat beste baten atzetik. Aholkua horiei ez erantzutea eta ez-ikusiaren egitea izaten da.
  • Sekula ez diozu probokazio bati erantzun behar, are gutxiago haserre bizian bazaude. Hobe da lehenago lasaitzea. Hamar arte zenbatzea ez bada nahikoa, egin apur bat entretenituko zaituen zerbait, berriz ere ordenagailuaren aurrean jesarri aurretik. Erantzutea da ziberrerasotzaileari edo trollari eman diezaiokezun pozik handiena, eta arazoa handitu baino ez duzu egingo, modu horretan jokatuta. Bere probokazioei erantzunez gero, trolla elikatuko duzu.
  • Mehatxuak edo jazarpenak bere horretan jarraitzen badu, gertatutakoaren frogak gordetzea komeni da (legezko baliorik izan ez arren, gorde ondo mezua edo pantailan agertzen dena); itxi konexioa eta eskatu laguntza pertsona heldu bati.
  • Zuri buruzko online informazioak argitaratu ote dituzten zalantzan bazaude, internet bilatzailea erabil dezakezu zure datuak bilatzeko (izena, ezizena.), eta Sarean zuri buruzko erreferentziarik ba ote dagoen ikusteko. (Zaila bada ere, badago datu desegoki batzuk Internetetik kentzerik).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Buscar ciberbullying» Internet Segura for Kids (Noiz kontsultatua: 2019-01-28).
  2. (Gaztelaniaz) «Buscar Ciberbullying| Oficina de Seguridad del Internauta» www.osi.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-28).
  3. (Gaztelaniaz) Team, MultiMedia. «Ciberbullying. - Buscador. - Bienestar y protección Infantil» www.bienestaryproteccioninfantil.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-28).
  4. (Gaztelaniaz) «Ciberbullying» PantallasAmigas (Noiz kontsultatua: 2019-01-28).
  5. (Gaztelaniaz) «Busqueda: ciberbullying» Plataforma de Infancia (Noiz kontsultatua: 2019-01-28).
  6. (Gaztelaniaz) «Padres 2.0 | Somos la ONG de las nuevas tecnologías» Padres 2.0 (Noiz kontsultatua: 2019-01-28).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]