Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Zibermendekotasun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Zibermendekotasuna teknologiaren adikzioaren mota zabalagoen azpimultzo bat izan daiteke.

Zibermendekotasuna Interneten gehiegizko erabilera da, eguneroko bizitzari eragozpenak dakarzkiona. Gaitz hori jasaten duten pertsonen eguneroko bizitzetan, eragin kaltegarri bat ekar dezake, bai arlo psikologikoan, bai arlo sozialean.[1]

Internetekiko adikzio hori sortzen da gizakiek sakelakoak, ordenagailuak edo kontsola moduko gailu digitalak ezinbesteko bihurtzen dituztenean. Pertsona horiek hartzen duten jarrera gorabeheratsutzat har daiteke, haien joera izango baita beren eguneroko denboraren zati bat ematea sare sozialetan, txatetan, bideoak ikusteko plataformetan edo bideo-jokoetan. Bizimodu digitalak hiperkonektibitateak eta pantailen bitartez beste pertsonekin ditugun loturek, eragina dute ingurunearen pertzepzioan, gure garapen pertsonalean eta besteekiko harremanetan.[2][3]

Kaltetuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zibermendekotasuna pairatzen duten gizakien artean, bi multzotan bereiz daitezke. Batetik, informatika eta telekomunikazioen munduei begira interes eta afizio berezia dutenak daude. Oro har, talde horretakoek helburutzat dute sarean gai horien inguruan informazioa biltzea eta sarea edo gailu pertsonalak manipulatzea. Zibermendekotasuna dutenen arteko gutxi batzuk dira lehen sail honetakoak. Bestetik, bigarren multzokoek estimulazio soziala dute helburutzat, eta hori sare sozialen, txat-en, bideo-jokoen… bidez lortzen saiatzen dira.

Osasun-arazoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bistan da zibermendekotasuna jasateak osasun-arazoak ekar ditzakeela. Kasu askotan, dependentzia hori duten gazte askok atseden-orduak murrizten dituzte, gauak goian aipaturiko gailu digitalen aurrean igarotzearen ondorioz. Bestalde, Internetekiko trastorno horrek eskuetako muskuluen gaitasun-gabetzea ekar dezake, esate baterako telefonoa erabiltzean eskumuturren jarrera desegokiak erabiltzeagatik edo ordenagailuan saguaren etengabeko erabileraren ondorioz. Horrez gain, bizkarraren behealdean tentsioa jasatea, ikusmen-arazoak izatea edo etengabeko buruko minak sentitzea… izan daitezke menpekotasunak ekar ditzakeen beste ondorioetako batzuk (atseden faltaren eraginez, betiere).

Sintomak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bost lagun, bakoitza bere telefono adimentsua erabiltzen.

Jarraian, zibermendekotasunaren sintoma esanguratsu batzuk aipatuko ditugu:

  • Teknoantsietatea. Zibermunduko beste erabiltzaile batzuekin konektatzeko aukera ematen duen gailu edo elementu teknologikoren bat inguruan ez edukitzeak dakarren ezegonkortasuna, une horretan jazotzen diren gertaerak galtzeko beldurra dela medio.
  • Teknobeharra. Gailu mugikorren bitartez sare sozial edo aplikazio birtualetara uneoroko atzipena izateko beharra, ikasketak, lanak, pertsonarteko harremanak… bigarren plano batean utziz.
  • Alienazio-sindromea. Internetera konexiorik ez edukitzearen ondorioz beste erabiltzaile batzuetatik jasandako ustezko mespretxuak dakarren tristura edo bakardade-sentimendua.
  • Taxietatea. Beste erabiltzaile bati mezu bat bidaltzeaz bat erabiltzaile horren erantzuna ez jasotzeak dakarren larritasun-sentimendua.
  • Texofrenia. Sakelakoak mezu edo notifikazio bat jaso izanaren sinesmen faltsua, telefonoa behin eta berriz begiratzea dakarrena, eguneroko beharren utzikeria-egoera batean sartuz.
  • Mezu anitzen sindromea. Aldi berean sare sozial, txat edo blog desberdinetan aritzeko premiazko beharra, gai eta talde zibersozial askoren parte izateak dakarren poztasun-sentsazioaren jabe izateko helburuarekin.

Prebentzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zibermendekotasuna saihesteko tratamendu egokiena prebentzioa dela diote gai hau aztertzen aritu diren adituek. Interesgarria izango litzateke edonorentzat ondoren aipatuko diren puntuetan arreta jartzea, orainari eta etorkizunari begira:

  • Haurrek, IKTekin harremanetan hasten diren momentu beretik, heziketa egoki eta kontrolatu bat izatea.
  • Teknologien erabilera-denbora erregulatzea, ikasketak edo beste jarduera batzuk mugikor edo ordenagailuren erabilera-denborara baldintzatuz.
  • Teknologia berriekin zerikusirik ez duten jarduera ludikoek garrantzia dutela azaltzea eta horrelakoak sustatzea.
  • Telefonoaren etengabeko beharrik izan gabe, lagunarteko harremanak presentzialki bultzatzea.
  • Gailu digitalen etengabeko erabilera saihestea, mezuak erantzuteari uko egiten ikasiz.
  • Internet informazioa eta heziketa-iturri gisa txikitatik hobeto planteatzea.
  • Interneten denbora bat eman ondoren, denbora horretan egindakoa emankorra izan den ala ez hausnartzea.
  • Interneten gehiegizko erabilera duen pertsonak bizitzan dituen gabezia edo zailtasun pertsonalekin zerikusirik ote duen hausnartzea.

Eragile nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira zibermendekotasunera eraman dezaketen eragile edo ohitura nagusiak:

  • Sare sozialak
  • Mezularitzako aplikazio interaktibo eta berehalakoak
  • Bideo-jokoak
  • Infosurfinga (helburu zehatzik gabeko sareko nabigazioa)
  • Pornografia
  • Oniomania (Internet bidezko erosketa konpultsiboa)
  • Zorizko jokoak
  • Apustuak

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Esnaola, Iratxe (PDF), Interneten balio ekonomikoa, . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.
  2. «Teknologia» Emoki . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.
  3. (Ingelesez) «Perspectives from The Economist Intelligence Unit (EIU)» Perspectives from The Economist Intelligence Unit (EIU) . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.