Edukira joan

Zika birus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zika birus
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaOrthornavirae
FilumaKitrinoviricota
KlaseaFlasuviricetes
OrdenaAmarillovirales
FamiliaFlaviviridae
GeneroaFlavivirus
Espeziea Zika virus
[[|]], 1971
Datu orokorrak
GaixotasunaZika virus infection (en) Itzuli eta mikrozefalia

Zika birusa[1] (ZIKV) gizakia eta primate batzuk infektatzen dituen birusa da. Flavivirus generoan sailkatutakoa, zika sukarra eragiten du. Birusa 1947an deskribatu zen estreinakoz, Ugandako tximino batean (Zika eskualdean).

Flavibirusak RNA birusak dira: bere material genetikoa polaritate positiboko RNA kate bakarrez osatuta dago. Horren gainetik kapside ikosaedrikoa dute.

Zika birusak senidetasuna konpartitzen du denge eta sukar horiaren birusekin. Hirurak eltxo beraren ziztadaren bitartez (Aedes generoko eltxoaren bitartez) transmititzen dira.

Epidemiologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zika birusaren infekzioa izan duten herrialdeak (2016ko urtarrilean)

Ugandako makako batean aurkitu zuten lehenbizikoz zientzialariek zika birusa, 1947an. 1952an Ugandan eta Tanzanian birus horren lehenengo gizaki infektatuak agertu ziren. Birusak Afrika tropikalean urte luzeetan iraun zuen, harik eta 2007an Mikronesian agertu arte. 2015ean, aldiz, lehenengo kasuak agertu ziren Amerikan ere (Brasilen), eta kontinente horretan hedatzen ari da orain, Erdialdeko eta Hego Amerikan zehar.

Flaviviridae familiako birus guztiak Aedes eltxoaren ziztadaren bidez transmititzen dira. Aedes aegypti da gaitzaren ohiko bektorea. Zika sukarraren prebentzioa eltxo bektorearen kontrolean eta intsektizida eta uxagarrien erabileran datza. Epidemiologoen ustez, baina, eltxo bektorearen erabateko suntsipena oso korapilatsua da, ia ezinezkoa, Aedesek aparteko moldagarritasuna baitu.

Zika sukarra, orokorrean, gaixotasun arina da, egun gutxitan berez sendatzen dena. Infektatuen artean hiru laurdenek ez dute inongo sintomarik garatzen, eta infekzioak ez die gaixotasunik eragiten.

Beste laurdenak, aldiz, sintoma arinak ditu: sukar txikia, larruazaleko erupzioa, artralgiak, buruko mina eta konjuntibitisa. Hainbat kasutan digestio-aparatua ere kaltetuta suertatzen da, gorakoak eta beherakoak agertuz.

Eskuarki arrisku maila txikikoa izan arren, zika birusaren infekzioak –kasu gutxi batzuetan– ondorio gaiztoak ekar ditzake: Guillain-Barré sindromea piztu, adibidez [2]. Bestalde, Brasilgo 2015eko izurritean bertako osasun-agintariek birus horren infekzioa haur jaioberrien mikrozefaliarekin lotu zuten. Antza, haurdun dauden emakumeengan birusak karena zeharka lezake eta kalte neurologiko larriak sor umekiarengan [3].

Oraingoz ez dago tratamendurik, ezta txertorik ere, gaitzari aurre egiteko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskalterm: [Kontsulta-fitxak] [2016]
  2. Zika virus infection complicated by Guillain-Barré Syndrome, Eurosurveillance
  3. El virus Zika, La Vanguardia-Sanidad

Ikus, baita ere

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]