Tanzania

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Tanzaniako Errepublika Batua
United Republic of Tanzania
Jamhuri ya Muungano wa Tanzania
Tanzaniako bandera
Bandera

Tanzaniako armarria
Armarria

Goiburua: '"Uhuru na Umoja"
"Askatasun eta batasuna"
Nazio ereserkia:
Mungu ibariki Afrika
Tanzania: kokalekua
Hiriburua Dodoma (Dar es Salaam)
Hiri handiena Dar es Salaam
Hizkuntza ofiziala(k) Ingelesa eta Swahilia.
Gobernua
Presidentea
Errepublika
Jakaya Mrisho Kikwete
Independentzia
Erresuma Batuatik

1964ko apirilaren 26
Eremua
• Guztira
• Ura

945.087 km² (31.)
%6.2
Biztanleria
• Zenbatespena(2006)
• Errolda (2002)
• Dentsitatea

Herritarra

37.849.133 (32.)
34.443.603
41 biztanle/km² (159.)

tanzaniar
Dirua Txelin tanzaniar (TZS)
Ordu eremua
 • Udan (DST)

Ez (UTC +3)
Interneteko domeinua .tz.
Telefono aurrezenbakia +255

Tanzania (Jamhuri ya Muungano wa Tanzania / Republic of Tanzania) Afrikako ekialdeko estatu bat da, Indiako ozeanoaren kostaldean kokatua.

Mugak: iparraldean Kenya eta Uganda;, mendebaldean Ruanda, Burundi eta Kongoko Errepublika Demokratikoa eta hegoaldean Zambia, Malawi eta Mozambike.

Hiriburua Dodoma da 1974az geroztik, baina Dar es Salaam da hiri nagusia eta gune ekonomikorik garrantzitsuena. Gainerako hiri nagusiak: Mwanza, Tabora, Mbeya, Tanga.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tanzania da swahili-hiztun gehien biltzen dituen herrialdea. Bestela, ingelesa da beste mintzaira nagusia.

Arabiera ere hitz egiten da Zanzibar eta inguruko uharteetan.

Inguru naturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parke nazionalak eta erreserbak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aintzirak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Afrikako Aintzira Handiak

Uharteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorriari dagokionez, lauzpabost taldetan bereizi daitezke Tanzaniako biztanleak. Tanganyika aintziraren inguruko gehienak, jatorriz, bantuak dira, baina haiek ere 120 bat etniatan daude banatuta. Biztanle-kopururik handieneko etnia sukuma izenekoa da (biztanleen % 12 inguru); baina ia horiek adina dira nyamwezi, hehe, haya eta makonde herrietakoak. Zanzibar uhartediko biztanle gehienak shirazi herrikoak dira. Arabiarrak, indo-pakistandarrak eta europarrak ere badira Tanzanian, eta kostaldean bizi dira gehienak. Tanzaniako biztanle gehienak herrixketan bizi dira.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tanzaniako biztanleen % 90ek nekazaritzan lan egiten du. Nekazaritzak gorakada handia izan zuen 1967-1997 bitartean; aldi horretan, herrietako nekazariak kooperatibetan biltzea bultzatu zen. Hauek dira esportatzen diren gai nagusiak: kafea, tea, banana, azukre-kanabera, tabakoa eta kotoia. Zuraren esportazioak beheraldi izugarria izan du (25.000 m3 1990ean eta 8.000 m3 1992an). Hori bera gertatu da sisalaren salmentekin; antzina gai hori herrialdeko aberastasun-iturri nagusietako bat zen (48.000 tona 1980an eta 11.000 tona 1995ean). Iltze-belarraren produkzioa ere asko jaitsi da 1980ko hamarraldiaz geroztik, garai horretan Indonesia, herrialde inportatzaile nagusia, bere beharrak asetzeko adina iltze ekoizten hasi baitzen. Abere-hazkuntzak ere garrantzi handia du Tanzaniako ekonomian, behiak eta ardiak, batez ere (13 milioi buru 1996an). Tanzania Afrika beltzeko herrialde pobreenetako bat da. Mea-baliabideetan duen aberastasuna urria da; diamante-, urre- eta eztainu-meategi gutxi batzuk daude, eta ez dira oso emankorrak. Bestalde, industrializazio-maila oso apala da. Industria nagusiak hauek dira: ehungintza, elikagaiak, tabakoa, papera. Merkataritza-harreman gehienak Erresuma Batuarekin, Alemaniarekin eta Japoniarekin ditu. Garraiobideei dagokienez, burdinbide- eta errepide-azpiegiturak ez dira hain txarrak. Hiri nagusi gehienak Dar es Salaam-ekin eta elkarrekin lotuak daude burdinbidez nahiz errepidez, baina herri askotara ez dira iritsi. Portu nagusia eta nazioarteko aireportua Dar es Salaam-en daude.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.o. I-II. mendea arte kusitak (jatorriz kaukasiarrak eta Etiopiako hegoaldetik helduak segur asko) bizi ziren Tanganyikan, baina gaur lurralde hori osatzen duten herri gehienak I. eta II. mendeetan Afrikako mendebaldetik ekialdera hedatu ziren bantuen ondorengoak dira. Zanzibar uhartediko biztanleak shirazi herrikoak ziren. K.o. I. mendearen bukaera aldera, arabiar eta indiar merkatariak sartu ziren, Tanganyikako kostaldean batez ere, eta pixkanaka-pixkanaka hara egokituz joan ziren. XV. mendearen bukaera aldera portugaldarrak heldu ziren, eta bi mendez (XVI-XVII), arabiarrek eta Omango agintariek bat egin eta bidali zituzten arte (XVIII. mendearen hasiera), haien mende egon ziren lurralde horiek. Portugaldarrak irtetean, Omango sultanaren eta arabiarren artean banatu zuten lurraldea. Omango sultanak uharteak eta kostaldea hartu zituen, eta arabiarrek Tanganyikako barrualdea, merkataritzako bideak kontrolatzearren batez ere. Horiek egon ziren bitartean espezia-, boli-, arma- eta esklabo-salerosketek indar handia izan zuten; merkataritza horri eustearren- Omango sultanak Zanzibar egin zuen bere erreinuko hiriburu (1832).

1891n, Tanzania Erresuma Batuaren eta Alemaniaren artean banatu zuten; Zanzibar eta kostaldea britainiarren protektoratu gisa geratu zen; Tanganyikako barrualdea, alemaniarren mende. Lehen Mundu Gerra bukatzean, ordea, alemaniarren mende zegoena ere (Tanganyika) britainiarrei eman zien Nazioen Elkarteak. Nazioen Elkartea Nazio Batuen Erakunde bihurtu zenean (1946), hark bere babespeko lurralde gisa hartu zuen Tanganyika eta tanganyikarrei administrazioan esku gehiago uzteko eta burujabetasuna bideratzeko eskatu zion Erresuma Batuari. Erresuma Batuak bideratu zuen ardura-banaketa ez zegokion biztanleen etniakako banaketari, Tanganyika African Association (TAA) kide eta aldeko gehiena zituen alderdia izan arren, europarrei eta asiarrei kargu gehiago eman baitzizkien. Alderdi horren helburua etnien eta britainiarren arteko bitartekotza egitea zen; xede politiko garbirik ez zuen.

1954an Julius Nyerere hautatu zuten TAAko lehendakari, eta haren eraginez alderdiaren barnean burujabetasunaren aldeko ideiak sartuz joan ziren; aldi berean, izena ere aldatu zioten: Tanganyika African National Union (TANU). 1958ko hauteskundeetan oso emaitza onak izan zituen TANUk. 1961ean, zenbait tirabira izan ondoren, Tanganyikari burujabetasuna ezagutu behar izan zieten britainiarrek. Zanzibarko sultanerria britainiarren mende geratu zen 1963 arte. Tanganyikak eta Zanzibarrek 1963an bat egin zuten (Tanzania), baina bakoitzak autonomia handia gordetzen zuela. 1967an, Nyerere lehendakari zela, TANU alderdiak bere helburua sozialismoa zela adierazi zuen Arusha-ko deklarazioan, eta nekazariak komunitatetan biltzeko esperientzia jarri zuen abian. Handik hamar urtera esperientzia haren porrota onartu behar izan zuen, nekazari gehienak haren kontra baitzeuden.

1977an, Zanzibarko Afro-Shirazi Party alderdiak eta TANUk elkartzea eta alderdi bakar bat osatzea erabaki zuten, Chama Cha Mapinduzi (CCM) edo Iraultzaren alderdia hain zuzen. Alderdi bakar bilakatu zen hura, baina Zanzibarrek bere autonomia gordetzen zuen. J. Nyerereren garaiko Tanzania Hegoafrikako apartheid-erregimenaren kontra, Rhodesia zuriaren kontra eta portugaldarren kolonialismoaren kontra agertu zen argi eta garbi. Bestalde, Tanzaniako gobernuak Frelimo-ri, Mozambikeko askapen-mugimenduari, laguntzen zion, eta baita Komoreetako Ali Soilih-ren eta Seychelleetako Renéren erregimen progresistei ere. Kenyarekin eta Ugandarekin zituen harremanak hoztu egin ziren, eta Ekialdeko Afrikako Ekonomia Erkidegoa, britainiarrek sortua, desegin egin zen. 1981ean, muga-arazo bat zela-eta, Tanzaniako gudarostea Ugandan sartu zen, eta Amin Dada presidentearen kontra egin zuen. Amin Dadak ihes egin behar izan zuen, nahiz eta Libiako gudarostearen laguntza zuen. Handik gutxira, antzinako lehendakari Milton Obote Kanpalara itzuli zen. Baina Ugandara bidalitako gudarosteak eragin handia izan zuen estatuaren finantzetan. Hala, 1985ean Nyerere-k lehendakaritzarako hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki zuen. Zanzibarko presidente Ali Hassan Mwinyi, CCMkoa, hautatu zuten presidente.

Nyerere-k indar handia zuen oraindik alderdi bakarraren buruan, eta gogor kritikatu zuen bere ondorengoaren jarrera liberala. Hala eta guztiz ere, Ali Hassan Mwinyi berriro hautatu zuten presidente 1990eko hauteskundeetan. Dena dela, Zanzibarrekiko harremanak ez ziren onak, Zanzibarren separatismoa indartzen ari baitzen. 1992an alderdi-aniztasuna onartu zen eta herrialdeko alderdi kontinentalean kristauen eta musulmanen arteko tirabirak gogortu egin ziren. 1995ean, CCM alderdiak eta Benjamin Mpaka hautagaiak erraz irabazi zituzten hauteskundeak. Zanzibarren, CCMko hautagai Seif Sharif Hamadek irabazi zuen, baina ez zion alde handia atera banaketaren aldekoa zen Fronte Zibiko Batuari. Salmin Amour gelditu zen, beraz, uharteko presidente; krisi politiko latzari eta oposizioari egin behar izan zien aurre presidente berriak. 1997an Tanzaniako presidente Benjamin Mpakak laguntza eskatu zien hainbat herrialderi, El Niño fenomeno meteorologikoak eragin izugarriak izan baitzituen Tanzaniako biztanleengan, eta hainbat eskualdetan biztanleek ezin zuten oinarrizko beharrak ase.

2005ean, Jakaya Mrisho Kikwete hautatu zuten lehendakari.

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tanzania Aldatu lotura Wikidatan