Über das Geistige in der Kunst

Wikipedia, Entziklopedia askea
Über das Geistige in der Kunst
Jatorria
Egilea(k)Vasili Kandinski
Argitaratze-data1911
IzenburuaÜber das Geistige in der Kunst, Das Geistige in der Kunst eta Du spirituel dans l'art et dans la peinture en particulier
Ezaugarriak
Genero artistikoasaiakera
Hizkuntzaalemana
Argumentu nagusiaartea, espresionismoa, Vasili Kandinskia eta Margolaritza

Über das Geistige in der Kunst (euskaraz: «Artearen espiritualtasunari buruz») Vasili Kandinskik idatzitako tratatu bat da, Munichen 1911. urtean argitaratu zena. Kandinskyk idatzitako lehenengo obra teorikoa da eta abstrakzio ez-figuratiboaren praktikara eramaten duen diskurtso estetikoa da. Argitalpen eta itzulpen gehien izan dituen tratatua da, izan ere Kandinskyren iturri teoriko zabalduenetariko bat izango da. Arte arloan klasiko bat den lan honi esker artelanaren azterketa emozionala ahalbideratu zuen eta gauza material eta abstraktuek duten espiritualtasuna aditzera eman zuen.[1]

Vasili Kandinski[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vasili Kandinski (Mosku, 1866 - Paris, 1944) margolari errusiarra izan zen eta bertan, pintura ez-figuraiboaren fundatzailetzat kontsideratuta dago. XX. mende hasierako arte abstraktuaren hastapenetako artista garrantzitsuenetariko bat da. Bere parte hartzea abangoardietan arte plastikoa sortzetik haratago joan zen eta alde batera utzi zituen pintura egiteko ezarritako kanonak. Musika eta marrazketa eskolak jasotzeaz gain, 1892. urtean Moskuko Unibertsitatean Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziatu zen. 1895.urtean inpresionismo frantsesaz txundituta geratu zen, adibidez, Claude Monetek egindako obrarekin eta 30 urte zituela bere lanbidea utzi zuen eta pinturan murgiltzea erabaki zuen. Munichen, Anton Ažberen Akademian eta Akademie der Bildenden Künste München-en burutuko du bere formakuntza artistikoa. Bere mugimendu propioa fundatu zuen, Der Blaue Reiter, eta mugimendu honekin Alemaniako arte modernoa asaldatu zuen. 1901ean Phalanx fundatu zuen beste artista batzuekin batera. Erakunde honek erakusketak antolatu zituen eta arte eskola bat sortu zuen. 1906-1907 urteetan Parisen ezarri zen. Margolari izateaz gain Kandinski teorilari garrantzitsua izan zen eta bere ideiak idazkien sistema batean elkartzea lortu zuen. Bere idatzi aipagarrien artean, "Artearen espiritualtasunari buruz” (1911) eta “Planuaren gaineko puntua eta marra” daude. Mundu modernoaren materialismoaz kezka zuen eta abstrakzioa gizakiari askatasuna emateko tresna moduan ikusten zuen.[2]

Liburuaren izaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kandinskiren liburu honen testuingurua pentsaera modernoaren aldaketa ematen denean kokatu daiteke, hau da, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendeko lehen urteetan, pentsamendu intelektualaren iraultzaren garaian. Pintura modernoa sortu eta garatzen den testuinguruan kokatuta dago eta esanahiaren garrantzia eta egungo artista plastikoaren oinarri gisa balioko duten forma eta kolorearen oinarrizko printzipioak azpimarratzen ditu. Testuak dituen planteamenduekin, irakurlea balio figuratiboaren balioespena gainditzen duen artea identifikatzera eramaten du eta honetaz aparte, izenburuak esaten duen moduan, gauza materialek eta abstraktuek duten espiritualtasuna aditzera ematen du. Obrak, artista plastikoak gidatu beharko dituzten ideiak azpimarratzen ditu. Obra hau egiteko ia hamarkada bat eman zuen eta bertan, errepresentazio naturalistaren espresioa eta espiritualitatea baloratzeaz gain, bere teoria artistikoak azaleratzen ditu. Espresionismoaren teoria eta praktikaren oinarriak nola ikusten dituen adierazten du. Era berean, lehen aldiz, teoria artistikoen arteko elkartasun eta unifikazio sistematikorako joera adierazten ditu.

Kapituluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kandinskik liburu honetan sarrera bat egin zuen, gero zazpi atal nagusi garatu zituen artearen espiritualtasunari buruzkoak direnak eta azkenik epilogoarekin amaitzen du. Honetaz aparte, esan daiteke obra bi zatitan banatzen dela. Alde batetik autoreren pentsamendua dago eta hiru atal barneratzen ditu: mugimendua, norabide espiritualen aldaketa eta piramidea. Bigarren zatia pinturari dagokio eta honen koloreak, formen eta koloreen lengoaia, teoria eta azkenik, artelanak eta artistak dituzten eraginak deskribatzen ditu. Epilogoan, testuaren amaieran erreproduzitzen diren irudiak deskribatzen dira.

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artea, momentu bateko gizakien espresioen adierazlea da eta bi aspektu ditu: materiala eta espirituala. Espirituala denboran zehar iraun dezakeen bakarra da, sentimenduei dagokielako. Zentzu horretan, espresio unibertsala da bere helburua, momentu horretako gizakien sentimenduekin erlazionatua dagoelako. Artistak, materialismoa gainditu du eta emozio konplexuagoak sentitzen eta errepresentatzen ditu. Bere helburua publikoarengan emozioak eragitea da eta bere espiritua ipintzen du obran. Beraz, artearen aspektu espirituala materialaren gainetik dago eta hori etorkizunerako hazia da.

Mugimendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artean, bizitza espirituala triangelu moduan irudikatzen da eta gora zuzendutako alde zorrotza beheratzen doan einean zati bakoitza zabaldu eta handitu egiten da, hortaz triangelua mugimendun egongo da abiadura ezberdinak izanik. Erpinak luzapen bat hasiko du eta bertan kualitate guztiak aurkituko dira, baina beheko zatiek absurdotzat hartuko dute. Triangulo honen gailurrean artista egongo da eta hau ez ulerkotzat emango da, izan ere berak ezagutza lortzeko gaitasuna izango du espiritualtasunaren bitartez eta gainontzeko gizakiek ez dute gaitasun hori izango, Beraz, artista, bizitza espiritualean bisionario bat da. Bere sormena erabiltzen badu aspektu materialari garrantzi gehiago ematen dion artea sortuko da eta aspektu espiritualean garai dekadente baten islada izango da eta arteak bere ispiritua galdu egingo du. Beraz, artista materialtasunean emozioak sortzeko kapaza izan behar da eta horrela artearen espiritualtasuna aurkituko du. Azken hau soilik artea izan daitekeen edukia da eta bere medio esklusiboekin espresatzen du.

Norabidearen aldaketa espirituala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espiritualtasunaren trianguloaren parte batek jarrera ideologikoa hartzen du, ingurumena ulertzeko azalpen bat emango dielako. Baina momentu bateko teoria sortzen denean, fenomeno baten definizioa mugatu egiten da. Baina fenomeno hori ez da estatikoa, izan ere mundu espiritualak hartuko duen joera ezin daiteke materializatu, soilik artisten intuizioaren bidez ezagutu daiteke. Beraz, artista berritzaile bat da eta hasiera batean ez da bere obra ulertuko, jendearen ezagutzatik haratago dagoelako. Kandiskik bere garaiko korronte aldaketa espiritualari egiten dio erreferentzia eta artean ere materialtasunaren esanahi transzendentea bilatzeko joera adirazten du.

Piramidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barruko bilaketaren joera hau abstrakziora eramaten du. Arte bakoitzak bere espazio eta instrumentuak bilatuko ditu helburu berdinera heltzeko, hau da, artistak bere espirituaren baitan sortuko dituen elementuen balioa bilatu beharko du. Horrek, arte bakoitzean propioa edota espezifikoa dena konparatzen lagunduko du. Hasieran, musika izango da jarraitzeko eredua, ez duelako naturaren elementurik adierazteko beharrik. Arteak horren adaptazio bat egingo du bere medio propioen bidez.

Kolorearen efektuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolorez beteriko paleta bat ikusten dugunean, bi emaitza ezberdin lortuko ditugu: fisikoa eta psikikoa. Efektu fisikoaren bitartez, begia kolorearen edertasuna eta kalitatearengantik txundituta geratu egingo da, asetze sentsazioarekin. Begia asaldatu egiten da eta ondoren lasaitu egiten da. Guzti hauek sentsazio fisikoak dira, aldi labur bat irauten dutenak, izan ere gainazaleak dira eta ez dute betiereko hunkipen bat utziko. Efektu psikikoa artistari interesatzen zaiona da. Koloreak eragin psikologikoa dauka, kolore bat ikusiz emozioekin egin daitekeen asimilazioaz aparte beste zentzuenekin eragiteko ahalmena ere badauka. Artistak, horiek erabiltzen ditu gizakien arima unkitzeko.

Formen lengoaia eta koloreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Era natural batean, pintura arte abstraktorantz eboluzionatuko da. Pinturaren bitartekariak kolorea eta forma dira. Forma guztiek esanahi bat dute, baina bi izaera izan ditzakete errepresentazioan edo delimitazio abstraktu bat izan daiteke. Koloreak berriz, delimitazio bat behar du eta formarekin bat doa. Are gehiago, kolore zehatz batzuk forma zehatz batzuetara hobeto egokitzen dira. Artistak ez du soilik objektua erreproduzitzen, baizik eta espresio bat ematen die. Obraren konposaketa nagusia eta horren menpeko formak desberdintzen ditu. Formak eta koloreak armonia izan behar dute eta horien xedea gizakien arima unkitzea da. Formen konposaketa, arte abstraktoa beraren garapenarekin eboluzionatuko dira. Hauek oztopo estetikoan gainditu behar dituzte, soilik esentziala dena irudikatzeko. Artistaren intuizioa sormena gidatuko duena da eta honek barne behar espirituala asetu egiten du. Horretarako, esan bezala, bere materialen koloreen barne balioaren neurketa edo analisia egin behar du. Kolorean bi motako ezaugarri nagusiak daude: kolore hotzak edo beroak eta kolore argiak edo ilunak. Hauek konbinatuz tonalitate ezberdinak lortuko dira. Kolore nagusien analisia egiten da, horiek definituz, eta animoan eragiteko duten indarraren arabera sailkatu egiten ditu.

Teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pinturari buruzko teoria osatu bat egiteko, sailtasunen berri ematen da. Horretarako, naturatik emantzipatutako konposizio kromatiko eta formal batekin barne esperientzia bat izateko kapazitatea izan behar da. Kontua da, ze punturaino heldu behar den artistaren askatasuna naturaren forma eta kolore horiek eraldatzeko eta nola erabili ahal daitezkeen. Askatasun hori, artistaren intuizioaren helmena dauka. Koloreen asimilazioaren indarra beste koloreko elementu abstraktuekin baliogabetu daiteke. Helburua soilik elementu artistikoekin sentsibilitatea lortzea da eta barne komunikazioa egiten da. Hala ere, kolore eta forma soilen materialtasunean erori daiteke, beraz, pinturaren ezaugarriak ez dute kontakizun koherente bat egiteko motibazioa izan behar. Orotara, artistak bere elementuen izaera sakonera iritsi behar da eta horiekin bere barne beharra asetzen duen sormena egin behar du kanpoko itxuraz haratago doana eta barne indar espirituala izango duena.

Artelana eta artista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artistak bere obra era mistiko batean sortzen du eta honek bizitza propioa hartzen du. Artistaren askatasuna bere barneko indarrak gidatzen du, arteak ez du beste funtziorik izan behar, arimaren hizkuntza baita. Beraz, artista artearen zerbitzuan jarri behar da: eman zaion talentua itzuli behar du bere izaera eta gainontzeko pertsonena atmosfera espirituala osatzen dute eta artista atmosfera horretan bere ekarmena egin behar du. Edertasuna barne beharrean bilatu behar da, arimak edertasuna bilatzeko indarra duelako.

Epilogoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenik, konposizio sinpleak “melodikoak” eta konplexuak “sinfonikoak” aztertzen dira eta erritmoaren garrantzia nabarmentzen da. Autoreak, berak egindako konposizio sinfonikoen adibideak ematen ditu: inpresioa, hau da, naturaren inpresio zuzenak. Inprobisazioa, barne izaeraren espresio inkonszienteak. Konposizioa, barne izaeraren espresioak dira, baina zentzuarekn eta sentsibilitate handiarekin egiten dituenak.

Eraginak eta garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laburbilduz, liburu honek egilearen pentsamenduaren konplexutasuna, kolorearen eta formaren erlazioak irudikatuta ikusteko aukera ematen duen eskema bat aurkezten du, artistaren testuinguru sozial eta funtzioa ahaztu gabe. Komunikazio ahalmen handiari esker, eragin sakona eta ukaezina izan du obra honek. Esan bezala, obra oso hau oinarri gisa erabilia izan da XX. mendeko hainbat artista plastikoren belaunaldientzako.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Vasily Kandinsky. Über das Geistige in der Kunst: Insbesondere in der Malerei (Concerning the Spiritual in Art: Especially in Painting). 1911 | MoMA» The Museum of Modern Art (Noiz kontsultatua: 2020-07-07).
  2. (Gaztelaniaz) «Kandinsky, Wassily» Museo Nacional Thyssen-Bornemisza (Noiz kontsultatua: 2020-07-07).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]