2014ko preso eta iheslarien eskubideen aldeko manifestazioa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko manifestazioa
Kokapena Baiona ( Lapurdi)
Data 2014ko ekainaren 14a
Helburua Espainiar eta frantziar estatuei euskal presoen eskubideak betetzea eskatzea eta iheslarien eskubideak aldarrikatzea
Manifestatzaileak ≈ 8.000 antolatzaileen arabera
Webgunea http://nierebanoa.org/298-2/?lang=eu

2014ko ekainaren 14ean, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko manifestazioa egin zen Baionan. Manifestazioaren leloa giza eskubideak, konponbidea, bakea izan zen. Manifestazioak ahalik eta atxikimendu gehiena izateko Ni ere banoa - J'y vais ekimena jarri zuten martxan.

Antolatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manifestazioa 23 eragile sozialek antolatu zuten: Ligue des Droits de L’Homme; Bake Bidea; Cimade; Herrira; Etxerat; Comité pour la Défense des Droits de l’Homme en Pays Basque; Anai Artea; Observatoire International des Prisons; Herriarekin; LAB; Union Syndical Solidaire; CGT territoriaux Biarritz; ELB; CFDT santé sociaux Pays Basque; Aitzina; EHZ; EELV; Euskal Herria Bai; Abertzaleen Batasuna; Sortu; NPA Pays Basque; Autonomia Eraiki; Eusko Alkartasuna.

Antolatzaileek ekimena aurrera eramaterako hausnarketaren berri honela eman zuten[1]:

« Euskal Herriko gatazkaren ondorioen inguruan mobilizapen dinamika eta gogoeta bat daramagun 23 eragile sozial, politiko eta sindikalek osatzen dugun kolektibo bat gara. Euskal preso (EPPK) eta iheslari (EIPK) politikoen kolektiboek plazaratu duten bide orria bideratzea da gure asmoetarik bat.

Dinamika hau, 2013ko ekainaren 15ean hasi zen Biarritzen, EIPKk Euskal Herriko aktore sozial eta politikoekin burutu zuen bilkurarekin. Bertan, bake prozesuaren baitan euskal iheslari politikoen egoera konpontzeko bide orri bat aurkeztu zuten.

EIPKrekin eraman eztabaida eta gogoetaren biharamunean, bilkura ziklo bat abiatu genuen, bide orri hori nola plantan ezarri ikusteko eta kolektiboaren agerraldiaren ondorioz abiatu zen errepresioari nola erantzun erabakitzeko.

Abenduaren 28an, euskal preso politikoen kolektiboak adierazpen bat plazaratu zuen, bake prozeua bultzatzeko egin Gomendioen karietara, emaiteko prest ziren aurrerapausuak aurkeztuz.

Kontziente gara bi kolektiboek eman dituzten urrats garrantzitsuetaz, eta gure gogoeta gatazkaren ondorioetara zabaldu dugu, hau da, euskal preso eta iheslarien egoeraren konpontzeraino.

Honela, gure ekimena kolektiboaren baitan azpimarratu ditugun hiru pundu nagusiren inguruan kokatzen da:

  • Alde batetik, gehiengo gero eta zabalagoak osatu dira Euskal Herrian gatazkaren konponbidearen alde.
  • Bestalde, frantses eta espainiar estatuek errepresioaren bidez erantzuten diote gizartearen gehiengoaren eskaera honi (Herrira, presoen kolektiboa, iheslarien kolektiboa). Ez dute pausurik ematen konponbidearen zentzuan eta bake prozesua oztopatzen saiatzen dira.
  • Azkenik, nazioartean ere gero eta jende gehiago agertzen da gatazkaren konponbidearen alde. Gainera, euskal preso eta iheslari politikoek aurkeztu bide orriak bakearen aldeko ezinbesteko ekarpenak direla deritzogu. Orri horien seriotasuna gatazkaren konponbidean izan behar duten garrantzia azpimarratu nahi dugu Bizi duten egoerari bukaera emanen dion gatazkaren konponbide integralaren alde beraiekin lan egiteko prest gara.Ondorioz, salbuespeneko neurriekin lehen bait lehen bukatzea eskatzen dugu.
 »

Manifestua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manifestazioaren antolatzaileek honako manifestu hau argitaratu zuten[2]

« Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuak hirugarren urtea hasi du. Aieteko adierazpenak hain zuzen, bigarren urtemuga bete zuen joan den urriaren 17an.

Konstatazio hirukoitza egiten dugu:

  • Euskal Herrian konponbidearen aldeko gehiengoak osatzen dira, horren adibide ditugu 2012ko azaroan Baionan (15000 pertsona) edo aurtengo urtarrilean Bilbon (130000 pertsona) presoen alde iragan manifestaldiak, edo 2012ko abenduan ipar Euskal Herriko pertsonalitate politiko nagusiek izenpetu adierazpena (Baionako bake foroa).
  • Frantziar eta espainiar estatuek ez diete gaur oraingoz baikorki ihardesten Euskal Herritik eta nazioarteko komunitatearengandik heldu zaizkien eskaerei. Ez da inungo keinu baikorrik ageri. Alderantziz, errepresioa izan da euskal preso eta iheslarien kolektiboek lutzatu proposamenei ermana izan zaien erantzun bakarra. Gogoan ditugu hiru iheslarien atxiloketak, 2013ko ekainaren 15ean Biarritzen beren bide orria aurkeztu eta biharamunean eta Jokin Aranalderen kontrako euroagindua. Berrikiago ere, presoen kolektiboak prozesuaren aldeko jarrera erakutsi ondoan, hauen sustengu taldeko 8 pertsona izan dira atxilotuak (abokatu batzu barne). Edo, Herrira, euskal preso eta iheslarien giza eskubideen defentsan lanean ari zen mugimenduaren kontrako errepresioa eta legezkan poratzea hego Euskal Herrian.
  • Nazioarteko komunitatearen sustenguak ere eragina ukan du:
    • Europar giza eskubideen gorteak 197/2006 doktrina baliogabetu du eta horri esker berrogeita hamar bat euskal preso politiko atera ziren 2013ko udazkenean.
    • Hego amerikar 18 pertsonalitate, horietan estatu buru ohi batzu, Mexikon bildu ziren joan den urrian bake konferentzia batean eta Aiete adierazpenarekin bat egin zuten.
    • Jaione Jauregi Espina euskal militantea 2013ko urrian Gand-en atxilotu ondoan, Belgikako akusazio gorteak, honen kontra Madrilek igorri euroagindu eskaera gibelera bota du.

Azken hilabete eta asteetan ekimen politiko aberatsak iragan dira. Euskal iheslari politikoen kolektiboak alde batetik eta presoen kolektiboak bestetik, barne eztabaiden ondotik, eraikitzen ari den prozesu demokratikoarekiko engaiamendu osoa adierazi dute. Gainera, egiten dituzten proposamenak ere, egoera korapilatsu hau askatzearen zentzuan doaz. Bi ekarpen horiek, prozesuaren eraikuntzako elementu zentral gisa ikusten ditugu. 2013ko martxoaren 14 eta 15ean Iruñea eta Bilbon iragan foro sozialean nazioarteko hamabi adituren ekarpenarekin idatzi hamabi gomendioen ekarpen gisa hartzen ditugu. Gomendio horiek eta bi kolektiboen ekarpenek justizia transizionalaren prozesu orokor eta mailakatu bat marrazten dute, helburua gatazkaren konponbide integrala delarik preso eta iheslarien gaiarekin.

Bi kolektiboek prozesuan engaiatzeko duten zintzotasuna eta beren bide orrien seriotasuna ukaezinak dira. Beren ezagupena aldarrikatzen dugu azkarki. Prest gara beraiekin engaiatzeko, beren egoera behin betiko konponduko duen bidea gogoetatu eta eraikitzeko.

Espainiar estatuaren torturaren erabilpena salatzen dugu, jadanik Amnesty international-en hainbat txostenetan salatua izan dena.

Hastapen batean, lehentasunezkoa eta urgentea iduritzen zaigu euskal preso eta iheslari politikoei aplikatzen zaizkien legeri berezi guziekin bukatzea -horietan euroaginduak-. Beren oinarrizko eskubideak errespetatuak izan daitezen aldarrikatzen dugu. Guzi honen gatik, preso eta iheslarien senideek pairatzen duten injustizia egoera salatzen dugu, ainitz sufritzen baitute eta ondorio larriak pairatzen bait dituzte.

Ondorioz eskatzen dugu:

Presoei dagokionez:

  • Kouchner legea errespetatuz, larriki eri direnen askatzea, eta bereziki Ibon Fernandez Iradirena
  • Sakabanaketaren bukaera eta presoen hurbilketa eta bateratzea.
  • Baldintzapeko askatasuna erdiestea baldintzak betetzen dituztenentzat

Iheslariei dagokionez:

  • Iheslarien kolektiboak pairatzen dituen euroaginduekin bukatzea.
  • 80garren hamarkada hastapenean Frantziak beste lurralde batzuetara espultsatu zituen iheslarien itzulera (Kuba, Cap Vert, Venezuela, etabar...)
 »

Babesa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manifestazioa Ipar Euskal Herriko hainbat auzapezek babestu zuten[3]:

Halaber, 567 herritarrek ere izenpetu zuten manifestua[4]. Bukatzeko 60 sindikalista inguruk ere babestu zuten manifestazioa[5].

Manifestazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Babes politiko zabala jaso zuen manifestazioak[6]. Azkenik, Ipar Euskal Herriko berrehun hautetsi pasak sostengatu dute 'Ni ere banoa' manifestaldia. Lehen aldia da hainbeste erakunde ordezkarik izenpetzen dutela presoen hurbiltzearen alde[7].

16:50ean abiatu ziren, Lauga kirolgunetik. Aurreko urteetako mobilizazioetan parte hartu zuten ordezkari politiko ugari zegoen jende saldoaren artean, baina baita martxoko bozetan aukeratuak izan ziren asko. Preso eta iheslarien aldeko oihuen artean eta Kalera borrokalari abestiaren doinuari jarraiki egin zuten aitzina. Ia bi ordu geroago iritsi zen burua Xaho kaira. Han egin zuten ekitaldi politikoa, eta iluntzera arteko besta. Mobilizazioa hasi bezala amaitu zen. Giro onean eta kantuz. Kalean eta Xaho kaian, Okzitaniako Zebda taldearekin eta Elepunto disko jartzaile bizkaitarrarekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]