Alfred de Vigny
Alfred Victor de Vigny (Loches, Indre-et-Loire, Frantzia, 1797 - Paris, Frantzia, 1863) frantses idazlea izan zen.
Biografia [aldatu]
Gazte zela frantses gudarostean sartu eta kapitain izatera heldu zen.
Poèmes (1822, Poemak) poesia-bilduma argitaratu ondoren, arrakasta handia lortu zuen Poèmes antiques et modernes (1826, Poema zahar eta modernoak) eta Cinq-Mars (1826, Martxoaren bosta) literatura-lan erromantikoei esker.
Urtebete geroago gudarostea utzi eta, Parisen, buru-belarri hasi zen idazten. Hurrengo urteetan, ondorengo lanak argitaratu zituen: Stello nobela (1832); Serviture et grandeur militaires (1835, Militartasunaren morrontzak eta handitasunak) kontakizun laburreko bilduma; eta Chatterton (1833) drama. Horietan garbi islatzen zuen giza bizitzari buruz zuen ikuspegi ezkorra.
1845ean, Frantziako Akademiako kide egin zuten, eta harrezkero erretiratua bizi izan zen Maine-Giraudeko landetxean.
Hil ondoren argitaratu ziren Les Destinées (1864, Patuak) poema-bilduma eta Le Journal d´un poète (1867, Poeta baten egunkaria) autobiografia.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.