Angelos Sikelianos
Angelos Sikelianos (Leukadia, Grezia, 1884ko martxoaren 28a - Atenas, Grezia, 1951eko ekainaren 19a) greziar poeta izan zen. Grezia modernoaren poetarik handienetakoa.
[aldatu] Biografia
Bere obran kristautasunaren eta doktrina orfikoen arteko sinkretismoaren erakarmena agertzen da, eta antzinako munduaren eta gaurkoaren arteko jarraipena aldarrikatzen du. Ideia horiek bultzaturik, 1930 inguruan batasun intelektuala lortzea helburu zuen nazioarteko arte-gune bat eratu zuen Delfosen. Olerkigintzan irudimen oparoa eta hizkuntzarekiko zaletasuna erakutsi zuen, izadiaren senarekin batera.
Olerki asko egin zituen, 1946-1947an "Bizitza lirikoa" izeneko hiru liburukitan bildu zituenak: "Bizitzaren atarikoa" (1915-1917); "Jainkoaren ama" (1917); "Hitzaldi delfikoa" (1927); "Poema akritikoak" (1942). Halaber, herrien ekintza eta jarduera kolektiboa goraipatzen duten antzerki-obrak idatzi zituen: "Arrosaren ditiranboa" (1932); "Sibila" (1940); "Dedalo Kretan" (1942); besteak beste.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.