Antimateria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
CERNen antiprotoien azeleragailua.

Partikulen fisikan antimateria antipartikularen kontzeptua materiarentzako hedapena da. Honela, antimateria antipartikulaz osatua dago, materia arrunta partikulaz osatua dagoen bitartean. Adibidez, antielektroi batek (karga positiboa duen elektroia, positroi ere deitua) eta antiprotoi batek (karga negatiboa duen protoia) antimateriazko atomo bat sor lezakete, elektroi batek eta protoi batek hidrogeno atomo bat eratzen duten era berean. Materia eta antimateriaren arteko talkak biak suntsituak izatera eramaten ditu, hau da, elkar deuseztatzen dute, energia altuko fotoiak sortuz (gamma izpiak) beste partikula-antipartikula bikote batzuez gain.

Notazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antimateriaren partikula subatomikoek materiaren partikulen kontrako karga elektrikoa dute. Irudian, protoia, elektroia eta neutroia bietan.

Fisikan marra horizontal edo makroi bat erabiltzen da partikulak antipartikuletatik bereizteko: adibidez p` protoia eta p antiprotoia. Antimateriazko atomoentzat notazio bera erabiltzen da. Adibidez, hidrogenoa H bezala idazten bada antihidrogenoa H idatziko da.

Bi partikulen arteko karga elektrikoaren diferentzia ere erabiltzen da: adibidez elektroia e eta positroia e+.

Non dago antimateria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Onartutako teoria zientifikoek unibertsoaren hasieran materia eta antimateria kantitate berean zeudela diote. Baina, materiak eta antimateriak elkar deuseztatzen dutenez nola liteke gaur egun gurean den materiazko mundua izatea, nola edo hala gure unibertsoan materia antimateriari nagusituko zitzaion. Hau da, unibertsoaren hasieran materiaren kantitatea antimateriareran baino handiagoa izango zen. Fisikan, materia-kantitateak antimateriarena gainditu izanaren jatorria den prozesua bariogenesi deitzen da, eta hiru aukera aurreikusten ditu:

  1. Materia gehiegitasun txikia Big Bangaren ondoren: Teoria honek dioenez, gaur egun unibertsoa eratzen duen materia, bien arteko hasierako proportzioan asimetria arin baten ondorio izango litzateke. Kalkulatu denez, materia eta antimateriaren arteko hasierako diferentziak ia hutsala izan behar izan zuen, materia partikula bat gehiago hamar mila milioi partikula-antipartikula pare bakoitzetik.
  2. CP asimetria: 1967an Andrei Sakharovek, lehen aldiz, partikulek eta antipartikulek ez zituztela propietate erabat berberak edo simetrikoak proposatu zuen, CP biolazioa deritzon eztabaida bat. Berriki Japoniako KEK azeleragailuan eginiko esperimentu batek proposamen honek dioena hala izan daitekeela iradokitzen du, eta, beraz, ez dela beharrezkoa Big Bangean materia gehiegitasunik egotea. Zentzu honetan bertan, bariogenesiaren sortzailea agian materia iluna izan daitekeela iradoki da, materiarekin eta antimateriarekin elkarreragin ezberdinak baititu.
  3. Antigrabitate bidez elkarlotutako antimateriazko galaxien existentzia: Oso zientzialari gutxik sinesten dute aukera honetan, baina oraindik ezin izan da erabat baztertu. Hirugarren aukera honek unibertsoan antimateriaz osatutako tokiak egotearen hipotesia proposatzen du. Egundaino, distantzia handietara ez dago antimateria materiatik ezberdintzeko modurik, euren portaera eta propietateak ezberdinezinak baitira. Hirugarren aukera hau ia ezinezkoa dela uste izateko argudioak badaude: antimateria antipartikulen eran etengabe sortzen da unibertsoan energia altuko partikulen talketan, izpi kosmikoetan kasu. Hala ere, gertaera hauek isolatuegiak dira antipartikula hauek elkar topatu eta konbinatzera iristeko. NASAk AMS zunda (Alpha Magnetic Spectrometer ingelesez) bidali du unibertsoan oraindik antimateria existitu daitekeela adieraz dezaketen antimateria konplexuagoaren arrastoak bilatzera. Baina esperimentuek, orain arte ez dute ezertxo ere topatu.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antimateria Aldatu lotura Wikidatan