Arrazismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
"Zurientzat bakarrik"

Arrazismoa, arrazakeria edo arraza bereizkeria arraza gizabanakoen ezaugarriak baldintzatu edo-eta determinatzen dituela baieztatzen duen jarrera nahiz pentsamoldea da. Honen arabera, balizko arraza desberdinak hierarkikoki katalogatu daitezke; eta taldeen arteko alde ekonomiko, sozial zein politikoak arrazan dute sorburua.

Historia

Arrazismoa nahiko fenomeno berria da. Historialari gehienen iritziz, XVIII. mendean sortu zen. Modernotasuna eta arrazismoa loturik datoz, beraz. Giza motari buruzko gogoeta zientifikoaren hasierarekin batera jaio zen doktrina multzo batekin lotzen da arrazismoa. Bitariko joerakoak, tradizionalistak eta iraultzaileak izan ziren lehendabiziko teoria arrazistak, edota hobeki esan, arrazialistak (Charles Darwin, Joseph Arthur Gobineau kondea, Herbert Spencer). Jatorrizko arraza garbia bilatu nahia izan zen hasierako arrazialismo zientistaren gidaria. Bat zetozen horretan burezurrak, hortzeriak eta ohiturak alderatzen aritu ziren era guztietako filosofoak, bidaiariak eta jakintsuak. Teorialari haiek urrezko aroaren mitoa berregin zuten nolabait, odol garbiari eustea eta endekapenari uko egitea gai nagusitzat zituen erromantizismoaren esparru intelektualean. XIX. mendearen bukaeran, bestalde, kutsu sozialistako edo iraultzaileko arrazismo bat agertu zen; gizartea arrazen arteko berezko hierarkiaren arabera antolatzea proposatzen zuen joera horrek. Vacher de Lapouge Frantzian eta Ludwig Woltmann Alemanian, esate baterako, sozialismo ariarzalearen (Mendebaldeko Europa jatorri semitako kutsutik garbitu nahi zuten) eta selekzionistaren ordezkari izan ziren. Doktrina egiteko ahalegin hori ez zen XX. mendea arte ideologia bilakatu, nazional-sozialismoaren garaia arte alegia.

Hortaz, bere doktrinak alde bat utzita, jarrera diskriminatzaile, instituzionalizatu (apartheid) edo derrigortzaile multzo baten erara agertzen da arrazismoa. Era bateko eta besteko ereduak onartzen ditu, sentimendu zurrunetan oinarritutako aurreiritzien arrazismotik hasi eta ideologiazko arrazismoraino. Era desberdin horiek elkarrekin joan daitezke, baina ez da beti hala izaten: ez dago nahitaezko kausalitate loturarik arrazagatiko aurreiritzien eta bazterketa ekintzen artean. Alderantziz, ordea, itxura guztien arabera faktore ideologikoak eta politikoak erabakigarriak dira genozidioetan.

Teorialari gehienek bi arrazismo mota bereizten dituzte: alde batetik arrazismo ez-igualitarioa, beste arrazakoak gutxiesten dituenarena, gizartean leku jakin bat beheragoko mailan ematen dienarena; eta bestetik, arrazismo diferentzialista, biktima den taldeari batere lekurik uzten ez diona eta baztertzen, kanpora bidaltzen eta suntsitzen duena. Pierre-André Taguieffek dioen bezala, biak zenbait ezaugarritan bat datoz: ez dute onartzen gizateria unibertsalaren ideia; gizabanakoak arraza baten, kultura baten, nazio baten ordezkariak besterik ez direla uste dute; talde desberdintasunak erabatekotzat hartzen dituzte (arrazen arteko mugak gaindiezintzat jotzen dituzte, kultura taldeak bateraezintzat); azkenik, desberdintasunak sendotzen dituzte (gizabanako bakoitza bere kulturan itxirik dago, determinismo hertsi baten arabera pentsatzen eta jokatzen du).

Bigarren Mundu Gerraz gero, arrazismoaren arrazoibideak bilakaera estrategiko bat izan du, eta orokorki gaitzetsi izan diren dogmatismo biologikoen eta arrazen arteko desberdintasunaren teoriak baztertu ditu. Neoarrazismo horrek itxura sotilagoa hartu du, eta nortasun kulturalaren eskubidea eta horren ondotik datorren desberdintasunaren laudorioa biltzen dituen nahasketa ideologiko batean oinarritu da. Paradoxikoki, arrazismo mota horrek ezkerreko kultura politikoarenak izan diren balio ideologikoetan oinarritu nahi du bere zilegitasuna eta arrazismoaren aurkako joeraren eta bestearekiko errespetuaren usadioan. Arrazatik kulturarako eta berdintasun faltagatik desberdintasunerako lerradura trebe horiek eta enuntziatu heterofoboak erabili beharrean enuntziatu heterofiloen (desberdina izateko eskubidea) edota formulazio leunagoen erabilera nagusitu dira, duela hogei bat urtetik hona, neoarrazisten adierazpenetan; hala ere, funtsezko ideia betiko bera da: kulturaz bestea dena ezin da, berez, asimilatu, taldeak izan zein gizabanakoak izan.

Agerpide arrazistak

Antisemitismoa

Sentimendu arrazista zaharren eta zabalduenetarikoa dugu antisemitismoa mundu osoan, juduen aurka gauzatutakoa. Errege-erregina Katolikoek egotzi zituzten Espainiatik XV. mendean, lehen deportazio masiboen artean dagoena. Alemanian, XX. mendeko lehen erdian erregimen naziak agindu egin zuen. Ezaugarri arrazistak ere bazituen, bereziki juduen aurkakoak. Hauek holokausto izeneko garai zoritxarreko eta kriminala aurrera eraman izan zuten.

Apartheid

Hegoafrikan, "apartheid" izeneko erregimena indarrean egon zen XX. mendean zehar, arrazakeriaren adibide ona izan zena. Bere kasuan, arraza beltzeko pertsonak baztertzen zituen, arraza zurikoen nagusitasuna sustatuz.

Ku Klux Klan

Erakunde arrazisten artean, Ku Klux Klan ezagunenetarikoa da. 1865ean sortu zuten AEBetan, eta gaur egun oraindik desagertu ez bada ere, oso modu isolatuan ibiltzen da.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Arrazismo
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Arrazismo Aldatu lotura Wikidatan