Artafernes

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Lidiaren kokapena Asia Txikian

Artafernes (antzinako grezieraz Ἀρταφρένης) Lidiako persiar satrapa bat izan zen K. a. 513tik K. a. 493 arte

Testuinguru historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artafernes (elameraz Irdapirna), Histaspesen semea eta Pertsiako printzea eta Dario I.a erregearen anaia zen. Ziur asko Dario baino gazteagoa zen, ez baitzuen K. a. 522 eta K. a. 521 bitartean gertatu zen gerra zibilean parte hartu.

Artafernesen karrera ezagutzeko dugun garai hartatik hurbileneko iturria Herodoto Halikarnasokoa da. Herodotok printzea zenbait aldiz aipatzen du Lidiako satrapa bezala, bereziki joniar matxinada gertatu zenean, K. a. 499 eta K. a. 494 bitartean, Asia Txikiko kostaldeko zenbait greziar hiri persiar domeinuaren aurka matxinatu zirenean.

Artafernes Otanesen oinordekoa izan zen satrapa bezala K. a. 513an. Sei urte lehenago Atenasek bidalitakoak hartu zituen, nortzuk lurra eta ura eskaini zizkioten, mendekotza adierazteko ohiko elementuak.

K. a. 499an, Miletoko Aristagoras tiranoak Naxos uhartea konkistatzeko laguntza eskatu zion. Artafernesek laguntza hori eskaini zion, baina espedizioa Megabates izeneko persiar batek zuzendua izateko baldintzarekin. Beste arrazoi batzuen artean Megabates eta Aristagorasen artean egon ziren diferentzien ondorioz, espedizioak huts egin zuen. Okerrena, greziar joniarrek persiarrak garaiezinak ez zirela ikusi ahal izan zutela izan zen.

Joniar matxinada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beharbada Artafernesek zigortua izateko beldurraren ondorioz Naxos oso erraz garaitua izango zela esan izanagatik, edo agian gerra harrapakin bidez Naxosen setioan galdu zuen guztia berreskuratzeko, Aristagorasek Mileto Persiaren aurka matxinatzea eragin zuen. Greziar joniar hiri batzuk matxinadara batu ziren. Horietako bakoitzak bere arrazoi propioa izango zuen horretarako. Dena dela, argi dagoena, beste greziar joniar hiri batzuk matxinadatik at geratu izanak nortasun baterakor sentimendu batek eragindako altxamendu bateratua ez zela da, baizik eta baldintzak aprobetxatzea persiar domeinua gainetik kentzeko. Ziur asko, zerikusi handia izango zuen derrigorrez eman behar zuten zerga handiak. Aristagorasek hasieran Espartari laguntza eskatu zion, kontu horretatik at geratzea erabaki zuena. Atenasekin eta gaur egungo Eubea uharteko hiriburua den Eretriarekin arrakasta gehiago izan zuen, 20 eta 5 itsasontzi bidali zituztenak hurrenez hurren euren tripulazioekin, Aristagorasek espero zuena baino gutxiago.

Hasieran, matxinadak nahiko arrakasta izan zuen, greziarrak, Lidiako hiriburua zen Sardesera hiriaren zati bat suntsituz iritsi baitziren. Artafernesek arrakastarekin defendatu zuen zitadela, eta greziarrak erretiratzen ari zirenean, euren aurrera agertu zen, garaituz. Hurrengo urteetan, zenbait persiar matxinadaren zanpaketan zerikusia izan zuten. Artafernesek berak ere bai, Sardes berreraiki ondoren. Matxinada K. a. 494an amaitu zen, Mileto hartua eta suntsitua izan zenean.

K. a. 493an Artafernesek eskualdeko errolda berrantolatu nahi izan zuen. Hekateo geografo miletoarrak gupidabera izatea aholkatu zion, gorrotorik ez sortzeko. Satrapak kasu egin zion jarrera oso abegikor eta gupidatsua erakutsiz errebeldeak izan zirenekin. Hau izan zen satrapa bezala egin zuen azkena. Bere seme Artafernes izan zen bere ondorengoa.