Arte zinetikoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alexander Calder-en eskultura mugikorra

Arte Zinetikoa mugimendua artelanaren elementu plastiko nagusitzat erabiltzen zuen joera da.

Mugimendua espresio artistikorako erabili zuten artistak lehenagotik egon baziren ere, 1950eko hamarkadaren erdialdean Arte Zinetikoa mugimendu gisa sortu zen Parisko "Le Mouvement" erakusketan, eta hamar urte geroago arrakasta handia lortu zuen New York-eko Arte Modernoko Museoan egindako "The Responsive Eye" erakusketan.

Arte Zinetikoaren eredu ezagunak dira Calder-en eskultura mugikorrak eta Tinguely-ren zenbait lan. Baita Vasarely-k bere irudietan koloreen bidez sortutako efektu optikoak ere (Op Artea)

Esan bezala, artista batzuek beren obrari mugimendua eman nahi izate hori ez zen inondik ere gauza berria. Italiako futuristek argi eta garbi utzi zuten beren manifestuetan mugimendua eta lastertasuna funtsezko elementuak zirela eta artelanetan sartu behar zirela. Anton Pevsner eta Naum Pevsner (Naum Gabo izenez ezaguna) errusiar anaiek ere, konsntruktibismoaren jarraitzaileak hasieran, «erritmo zinetikoa» aipatzen zuten 1920ko beren M«anifestu errealista»-n.

Zinetismoaren aintzidari aipagarrienetako bat Marcel Duchamp izan zen. 1930. urtearen ondoko urteetan, frantses margolari eta marrazkigile honek hiru dimentsioko obra motordunak egin zituen, ikusleak mekanismo baten bidez martxan jar zitzakeenak. Hala, beraz, XX. mendearen lehenengo erdian artista batzuk beren obrei mugimendua ematen ahalegindu ziren, baina ezin da esan arte zinetikoa egin zutenik, mugimendua ez baitzen izan obraren helburu nagusia. Artista zinetikoen artean Victor Vasarely izan zen inportanteena; 1930 inguruan hasi zen mugimendua helburu zuten obrak egiten. Nolanahi ere, haren lehenengo obrak ez dira arte zinetikotzat hartzen, figuratiboak direlako, eta arte zinetikoa abstraktua da beti.

Zinetismoaren izendapenaren barruan era askotako obrak sartzen dira. Hiru multzotan sailka daitezke : a) Bi edo hiru dimentsioko obra mugigarriak: motorren bidez edo mugitzen dira. b) Bi edo hiru dimentsioko obra estatikoak: efektu optikoak sortzen dituzte (Op artea deritzo). c) Bi edo hiru dimentsioko obra bihurgarriak: ikusleak obraren inguruan mugitu behar du hari bere osotasunean antzemango badio, edo obra manipulatu behar du hura mugiarazteko. Hiru mota horien artean bigarrenak izan zuen jarraitzaile gehien.


Artistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Arte zinetikoa Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]