Alexander Calder
Alexander Calder (Filadelfia, 1898 - New York, 1976) Estatu Batuetako eskultore, marrazkilari eta pintorea izan zen. New Yorkeko Art Students League eskolan ikasi zuen. Ondoren Parisa jo zuen, eta bertan Arp, Miró eta Mondrianekin jarri zen harremanetan. Bere eskulturarik ezagunenak, mugikor izenaz bataiatu zituenak, hariz eta xaflez osaturiko zintzilikarioak dira; eskultura horiek irauli egiten dute hutsaren eta betearen arteko ohiko harremana. Bere lanetan hautsi zituen eskulturak ordura arte berezkoak zituen egonkortasuna eta zurruntasuna. 1942tik aurrera burdinazko eskultura handi zurrunak egin zituen, eta egonkor izena eman zien. Eskultura-lanez gainera, liburu ugaritarako irudiak, antzerkirako dekorazioak eta kolore biziko margolan umoretsu eta xaloak egin zituen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.