Berrogeialdi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Itsasuntzi bat berrogeialdian dagoela portu batean jakinarazteko erabiltzen den bandera.


Berrogeialdia ustez gaixotasun infekzioso arriskutsua duen pertsona edo animalia bati ezartzen zaion isolamendu epeari deritzo, ustezko gaixotasun hori populazio batean zabaldu ez dadin. Koarentena ere deitzen zaio bakarraldi hori. Izenak adierazten duenez, lehen berrogei egunetako isolamenduan zetzan berrogeialdia, gaur egun epe hori askoz malguagoa bada ere.

Gaixoen isolamendua aipatzen da Bibliaren Pentateukoan, duela 3.400 urte. Legenarraren kutsapena ekiditeko erabiltzen zen batez ere. XIII. eta XIV. mendeetan berrogeialdiaren ezarpena ohikoa bihurtu zen Europan, garai hartako izurrite latzei aurre egiteko.

Koarentena gaixotasun infekziosoen aurka erabilitako metodorik zaharrena da, gaixo eta pertsona osasuntsuen arteko harremana galarazten delako. Horren ondorioz kutsapenik ez dago eta gaitzak berez desagertzen dira.

Isolamenduaren iraupena gaixotasunaren inkubazio epearekin lotuta dago. Esaterako, koleraren aurka 5 egun, izurriaren aurka 6 egun, eta sukar horiaren aurka beste hainbeste. Nazioarteko arauak jarraituz bost gaixotasunen aurka behintzat ezarri behar da beti berrogeialdia: kolera, sukar horia, izurri bubonikoa, sukar tifoidea eta sukar errepikaria. Hauetaz gain, hala ere, beste gaitz batzuk kontrolatzeko ere erabiltzen da: Ebolako sukar hemorragikoa eta meningitisa, adibidez. Gaitz horiek guztiak oso larriak eta kutsakorrak dira.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Berrogeialdi Aldatu lotura Wikidatan