Ebola gaixotasun biriko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau gaixotasunari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ebola (argipena)».
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Ebola gaixotasun birikoa
Sailkapena eta kanpo baliabideak
7042 lores-Ebola-Zaire-CDC Photo.jpg
GNS-10 A98.4
GNS-9 065.8
DiseasesDB 18043
MedlinePlus 001339
eMedicine med/626
MeSH D019142

Ebola gaixotasun birikoa edo ebola sukar hemorragikoa gaixotasun kutsakorra da, jatorri birikoa duena, ebola birusak sortua, gizakiari eta beste primate batzuei eragiten diena. Gizakian gaitza nahiko berria da, 1976. urtean agertu baitziren lehenengo kasuak Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Sudanen[1]. Gaitz honen heriotza-tasa altua da, infektatuen %50 eta %90 artean hiltzen baita (birus motaren arabera).

1976az geroztik birus eragileak epidemia batzuk sortu ditu Afrika aldean. Izurrite gehienak Kongoko Errepublika Demokratikoan, Gabonen, Sudanen, Ugandan eta Boli Kostan gertatu dira. Honetaz gain, ebolako birusak Afrikako erreserbetan bizi diren gorila eta txinpantzeen artean hondamen handiak egin ditu, milaka primate akabatu baititu urte gutxitan.

Eragilea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaitzaren eragilea filobirus taldeko birusa da. Birus hauek RNA dute material genetiko gisa, eta ebola sukar hemorragikoaz gain beste sukar hemorragiko larri bat ere sortzen dute (marburg gaixotasuna). Ebola birusak eta marburg birusak antzeko ezaugarri asko dituzte, sortzen dituzten bi patologiak ere oso berdintsuak izanik.

Infekzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antza denez, birusa likido organikoen bitartez transmititzen da (odola, izerdia, listua, esperma eta gernuaren bidez). Ez dago argi aerosolen bidezko kutsapena, ikerketa batzuen emaitzak kontrajarriak direlako.

Infektatutako animaliek (txinpantzeek, gorilek, saguzarrek...) ere gizakia kutsa dezakete. Gizakia oihan birjinetan barrentzen denean ordura arte beste animalia batzuen artean baizik bizi izan ez diren birusek kutsatua izateko arriskua du. Ebola birusa, adibidez, tximino talde jakin batzuetan bizi da, baina batzuetan moten arteko muga gainditzen du eta gizakia kutsatzen. Garraio modernoen mugikortasun handiak ere eritasun kutsagarriok azkar zabaltzen laguntzen du. Gizakien artean, kutsatutako odol, organo edo isuriekin harremanetan egonez gero kutsatzen da eritasuna: baita kutsatutako sendagintza tresnen bidez ere. Higiene-baldintza kaskarrek birusaren kutsapena areagotzen dute. Gaizki esterilizatutako materialak, esaterako, infekzioak sortu ditu Afrikako zenbait ospitaletan.

Birulentzia handiko birusa da ebola. Gorputzeko zelulak azkar suntsitzen ditu, eta organo asko kaltetzen ditu: gibela, birikak, giltzurrunak, digestio-aparatuarenak (urdaila, hestea...), garuna, etab. Odolaren koagulazio-sistemari ere eragiten dio, odoljario ugari sortuz. Zalantzarik gabe, birus patogenoen artean ebolak merezitako fama txarra irabazi du, amorruaren birusarekin batera hiltzaile mikroskopiko ikaragarriena baita.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sukar hemorragiko honen inkubazio epea 4-21 egunetakoa da. Lehenengo fase batean buruko eta eztarriko mina, nekea, sukar handia eta mialgiak (bizkarrean, batez ere) agertzen dira. Gorakoak eta beherakoak datoz geroago. Birusak odolbilduak eta odoljarioak sortzen ditu. Odolbilduak gorputzean zehar barreiatzen dira, kapilarrak ixten dituzte, eta odola barne organoetara (burmuina, gibel eta barera, batez ere) heltzea eragozten dute. Kapilarretako eta ehunetako odol jarioa hasten da gero; ordurako ez dira odolbilduak eratzen. Ehun konektiboak bere elastikotasuna galtzen du eta bigundu egiten da. Gorputzaren barne organoak odolez betetzen dira, eta gaixoak ahotik, sudurretik eta ipurtestetik odol ugari galtzen du; larruazalean agertzen diren orbanei ere odola darie. Gaitzak aurrera egin ahala, aurpegiak adierazkortasuna galtzen du erabat, bai tximinoetan bai pertsonetan, burmuineko hemorragien ondorioz ziur aski.

Odoljarioak ez dira gaixo guztiengan agertzen; %30-%50en artean agertzen dira.

Gorputzeko organoak eta ehunak azkar txikitzen ditu birusak, eta kutsatutako gaixo gehienak hil egiten dira birusarekin lehen kontaktua izan eta bi aste igaro ondoren, odoljarioek eragiten duten shock hipobolemikoaren ondorioz.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaitzak ez du tratamendurik. Infektatutako pertsonak berrogeialdian isolatu behar dira, gaixotasuna kutsa ez dezaten.

Tratamendu bakarra gaixoaren sintoma larriak kontrolpean edukitzeko ahaleginean datza, heriotza ekiditeko: arnasketa artifiziala, odoljarioen kontrola, likido eta elektrolitoen ekarpena... zainketa intentsiboen unitateetan burutzen direnak.

Immunizazio pasiboa probatu egin da saio batzuetan, gaitzatik bizirik irten direnen odola -birusen aurkako antigorputzak dituena- gaixoei injektatuz. Kasu gutxi batzuetan terapia mota honek funtzionatu egin du.

Birusaren aurkako txertorik ez dago, ikerketa franko egiten ari diren arren.

Epidemiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ebola birusaren lehen erasoa 1976ko uztailean gertatu zen, Nzarako kotoi lantegi batean, Sudanen (gaur egun, Hegoaldeko Sudan). Izurritea ekialdera zabaldu zen gero, Maridi herrira. Guztira biztanleen %70 hil ziren. Gaitza harrapatu zuen lehen gizakia atzeman bazuten ere, ezin izan zen zehaztu birusa nondik heldu zen. Ez zen birusaren sorburua aurkitu, eta ezin izan zen bakartu.

Urte hartan bertan, irailean, antzeko ezaugarriak zituen gaitz bat zabaldu zen handik 700 kilometrora, Ebola ibaiaren aldameneko berrogeita hamarren bat herritan, Bunba aldean, Zaireko iparraldean (gaur egun, Kongoko Errepublika Demokratikoa). Ebola ibaia Kongo ibaiaren adarra da, eta Bunba aldeko basoko urak hartzen ditu. Atlantako zientzialari talde batek birusa bakartzea lortu zuen, eta ebola deitu zion (Ebola, Zaire azpimota edo EBOV). 1976ko izurriteak 500 bat pertsona hil zituen. Sudango izurritea eragin zuen lehen birus hura Ebola, Sudan azpimota (SUDV) deitu zuten. 1979an beste eraso bat gertatu zen Zairen, eskualde horretan bertan.

1994ko azaroan, suitzar ikertzaile bat ebolaz kutsatu bide zen txinpantze bati ebakuntza egitean. 1995eko apirilean birusaren beste eraso bat izan zen Kikwiten, Zairen, Kinshasa hiriburutik 600 kilometro ekialdera. Eraso hark 245 pertsona hil zituen. 1996ko otsailean Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi zuenez, mendebaldeko Afrikako Mayibout herrian, Gabonen, hamahiru pertsona hil ziren ebola birusak kutsaturik, festa batean txinpantze bat jan ondoren.

Ebola birusaren beste mota bat bakartu zen makako kolonia batean, Restonen, animalia saltoki batean. Bi erasoaldi izan ziren, 1989ko urrian bata, eta 1990eko urtarrilean bestea. Erasoaldi bakoitzean hildako tximinoak Mindanaoko uhartetik (Filipinak) inportatuak ziren. Ebola birusaren mota honek tximinoak hiltzen ditu. Gizakiak birusaren antigorputzak sortzen ditu, baina ez eritasun sintomarik.

1993an Afrika Erdiko Errepublikako baso tropikaletan egindako ikerketaren emaitzak jakinarazi ziren. Ebola birusaren maiztasuna eta banaketa aztertu zuten Lobaye barrutiko ehiztari biltzaileen etnia batzuetan. Odol laginen %18an ebola birusaren aurkako antigorputzak agertu ziren.

2014ko izurritea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Mendebaldeko Afrikako ebola agerraldia (2014)»

2014ko urtean birusaren izurrite bortitza agertu zen Afrikako mendebaldean, batez ere Nigerian, Liberian, Ginean eta Sierra Leonan. 2014ko abuztuan 900 heriotza inguru eraginda zeuzkan birusak, gaitz honen historian izurrite okerrena osatuz. Hori zela eta, abuztuaren 8an Munduko Osasun Erakundeak nazioarteko larrialdi egoera ezarri zuen[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ebola virus disease. Fact sheet N°103 World Health Organization. 2014ko martxoa. 2014ko abuztuaren 8an kontsultatua.
  2. Nazioarteko larrialdi egoera ezarri du Munduko Osasun Erakundeak Eitb.com. 2014ko abuztuaren 8an kontsultatua

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ebola gaixotasun biriko Aldatu lotura Wikidatan