Bertel Thorvaldsen

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Bertel Thorvaldsen
Bertel Thorvaldsen
Thorvaldsenen erretratua (Karl Begas, 1820 aldean)
Datu pertsonalak
Jatorrizko izena Albert Thorvaldsen
Jaio 1770eko azaroaren 19a
Kopenhage (Danimarka)
Hil 1844ko martxoaren 24a
Kopenhage (Danimarka)

Bertel Thorvaldsen (Kopenhage, 1770eko azaroaren 19a1768 edo 1770 - Kopenhage, 1844ko martxoaren 24a) daniar eskultorea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jason

Albert Thorvaldsen Kopenhagen jaio zen, 1770ean (1768an aditu batzuen arabera), eta hango Arte Akademian egin zituen lehen ikasketak. Erromara joan zen gero ikastera, eta han bizi izan zen 1797-1819 urteetan, Antonio Canova eskultorearekin batera. Thorvaldsen eskultoreak arrakasta handia izan zuen Europan, ia Canovaren parekotzat zeukaten, eskultura jende askorentzat artegintzaren adierazpiderik gorena zen garaian. Eskultura neoklasikoko artistarik aipagarrienetako bat izan zen.

Berehala egin zen ospetsu Jason eskulturarekin (1803), eta ondoren egin zituen Maitasuna eta Psikis (1816), Hebes (1816) eta Ganimedes eta arranoa (1817) lanekin. 1821-1840. urteetan Kopenhageko katedraleko lanen zuzendari izan zen. Oso ospetsua da bertako Kristoren irudia. Ia Europa osoan zehar bidaiatu zen, eta haren obrarik aipagarrienak Varsovian (Koperniko, Jose Poniatowski), Mainzen (Gutenberg), Stuttgart (Schiller) eta Erroman (Pio VII.aren hileta-monumentua) daude ikusgai. Kopenhagen eskultorearen omenezko museoa dago.

Thorvaldsenen estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ganimedes eta arranoa

Antzinateko artea eta Mediterraneo aldeko tradizioa Europako iparraldera ekarri nahi izan zuen, eta antzinako arte horretan oinarriturik daniar arte bat sortu. Sen handiko eskultorea zen, eta horregatik Municheko Gliptotekan gordeak zeuden Eginako Atenaren tenpluko frontoiak eta eskultura arkaikoak zaharberritzeko ardura eman zioten. Thorvaldsenek eskulturetan erabili zituen gaiak Canovarenen antz handia dute, baina oso bestelako moduan lantzen zituen, arkaismoaren oso zalea baitzen eta zorrotza orobat arkaismoaren desbideratze ororekiko.

Sakonera gutxiko erliebea, estatuak eta hil-oroitarriak egin zituen, eta estetika eta estilo neoklasikoaren jarraibideak moldatu zituen arte kristau berritu bat egin nahiaren eraginez; hortaz, haren estiloa hotza zen eta zorrotza, eta harengan biltzen da Europako eskultura neoklasikoaren joerarik garbizaleena. Haren lan gehienak Kopenhageko Thorvaldsen Museoan daude gordeak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bertel Thorvaldsen Aldatu lotura Wikidatan